Gontzal Martinez De Hidalga | Pediatra

KORONABIRUSA ETA HAURRAK

Pandemiaren hasieran bazirudien haurrak koronabirusaren transmisore handi zirela, sintoma gutxiago eduki arren, gehiago kutsatzen zutela. Gerora ezeztatu egin da hori, baina jakin nahiko nuke, orain datuak badaudela, haurrak benetan transmisoreago diren helduak baino edo zertan den hasieran esaten zen baieztapen hori.

LEHENIK ETA BEHIN, hauxe jakin behar da: umeak ez dira gehiago kutsatzen, ez dira kutsakorragoak eta gaixotasun arina pairatzen dute.

Pandemiaren hasieran ezjakintasunagatik akats asko egin izan dira. Umeekin, bereziki, gauza asko onartu ziren inolako frogarik gabe. Arnas-bideetako beste infekzio batzuetan, gripean besteak beste, umeak dira kutsatzen diren lehenak eta, hortik abiatuta, suposizio okerrak egin ziren. Orain badakigu ez dela horrela.

Umeek pairatu zuten konfinamendu zorrotza akats larria izan zen. Eta eskolen itxierak ez zuen eragin positiborik izan pandemiaren kontrolean. Horrela onartzen du Osasun Ministerioak COVID-19a eskoletan kudeatzeko egin duen protokoloan.

Dena den, askotan bezala, lehen egindako adierazpena jendearen buruan geratzen da nahiz eta gero ikerketek gezurtatu.


AITONA-AMONEKIKO HARREMANAK

Martxoan erabateko konfinamendua ezarri zen eta familiak ia-ia erabat isolatu ginen. Gero, udan lagun eta aitona-amonekin kontaktua berreskuratu dugu. Orain, berriro datuak okerragoak dira, eta zalantza daukagu nola jokatu aitona-amonekin. 70 urte dituzte. Aurreko ikasturteetan eurak arduratu izan dira gure seme-alabei bazkaltzen ematen. Egoera honetan, arrisku taldekotzat hartzen al dira? Adinekoen eta haurren arteko kontaktua saihestea komeni da ala egoki ikusten da harremana?

BIZITZAREN AKTIBITATE guztiek arriskuren bat dute. Norbanakoaren erabakia da zer-nolako arriskua 
onartzen duen. Pertsona batzuek bizitza lasaia eta arrisku gutxirekin dute. Beste batzuek, aldiz, arrisku handiagoa hartzen dute: mendizaleak dira, txirrinduan ibiltzen dira, bidaiatzen dute… Erabaki pertsonala da. Gripearekin, besteak beste, arriskua onartzen dugu gizarte moduan eta urte batzuetan 15.000 pertsona hiltzen ditu estatu mailan. Inor ez da horretaz arduratzen eta amama-aititekiko harremana ez dugu baztertzen. Orain gripea baino arrisku handiagoa dago eta bakoitzak erabaki behar du zer mailako arriskua onartzen duen bizitzan.
Nagusi batzuek ez dute beren bizitza biloba barik bizi nahi eta onartzen dute. Beste batzuek, aldiz, nahiago dute babestuago egotea eta kontaktu hori atzeratzea. Edozein jarrera errespetagarria da. Pertsona bakoitzari azaldu behar zaio ze arriskua daukan, informazio horrekin erabakia hartu ahal izateko. Gaixotasun kroniko larriak dituzten adinekoak dira arrisku handiena dutenak. Dena den, umeak gaixorik daudenean hobeto da sendatu arte beste jendearekiko harremana saihestea, bereziki adinekoekin.


SINTOMAK

Sintomekin kezkatua nago. Udazkenero, seme-alabaren batek izaten du gaixoaldiren bat, sukarra, eztula, gripea... Aurten antzeko sintomekin nola jokatu behar dugun ez daukat oso argi. Badakit sukarra edukiz gero ez ditugula haurrak eskolara bidali behar, baina sukarra izanez gero PCRa egitera eraman behar dugu? Nola jokatu behar dugu sintomekin? Eta zein dira zehazki COVID-19aren sintomak eta nola bereizi gripe arruntetik?

COVID-19AK ez dauzka sintoma espezifikoak. Beraren klinika beste hamaika arnas infekzio bezalakoa da. Horrek ez du diagnosia errazten. Sintoma ohikoenak sukarra, eztula, aire faltaren sentsazioa edota eztarriko mina dira. Kasu larrienak adinekoetan ematen dira eta beste gaixotasun kroniko larriak dituztenen artean.Galderan aipaturikoak bezalako sintomak agertuz gero, ez dira umeak PCRa egitera eraman behar. Hori pediatraren erabakia da, klinikaren arabera. Buruhauste handia izango da hori dena kudeatzea. Beti bezala, ume bat gaixorik badago ez da eskolara joan behar eta sukarra izanez gero kontsulta daiteke.


ERAGINA

Haurretan koronabirusak zer-nolako intzidentzia izan dezakeen jakin nahiko nuke. Ez dut ondorio larririk izan den kasurik entzun, sintomarik gabeko kasu batzuk ezagutu ditut, baina arduratzen nau koronabirusa harrapatuz gero haur txikiei nola eragingo dien.

ANTZA, KORONABIRUSAREN intzidentzia haurtzaroan beste adinen antzekoa da, baina umeen artean gaixotasun arinagoa ikusi dugu. Kasu larriak oso arraroak dira. Ume batek larri ipintzeko askoz aukera handiagoa du beste edozein gaixotasunekin koronabirusarekin baino. Ume gehienak era asintomatikoan pasako dute COVID-19a. Hau da, ezer sentitu barik.


MASKARAK

6 eta 9 urteko seme-alabek ia egun osoa maskararekin pasa beharko dute, eta horrek ere kezkatzen nau, ez dakit oso osasuntsua den. Beharrezkoa dela ulertzen dut, baina ba al dago maskara batetik bestera diferentziarik? Osasungintzak bat edo beste gomendatzen du? Sanitarioak, telazkoak... zein da egokiagoa?

PRINTZIPIOZ MUSUKOAK besteak ez kutsatzeko dira, ez norberaren burua babesteko. Orokorrean, horretarako musuko kirurgikoa erabili beharko genuke. Hori zaila denez, edozein onar daiteke.
Maskararen erabilerak ez du eragin negatiborik osasunean. Alde horretatik ez gara kezkatu behar. Ez da zerbait kaltegarria, deserosoa baizik. Umeekin ez dugu hain zorrotz jokatu behar. Txarto erabiltzen badute adinari dagokiolako da. Europako beste herrialdetan 11-12 urteetatik gora exijitzen da.