Mariaje Sarrionaindia | Pediatra
HERNIA EDO ZILBOR-ETENA
4 urteko alabak zilborra apur bat kanporaka du. Pediatrak behatzeko esan digu, baina ez dio aparteko garrantzirik eman. Askotan entzun dugun arren ez dakigu zehazki zer den hernia bat, eta zer arrisku izan dezakeen alabarentzat.
ABDOMENA ESTALTZEN DUEN PARETAK (muskuluak osaturiko pareta) zilbor-hestearen inguruan eraztun bat sortzen du. Zilbor-hestea jausten denean, muskulua garatu eta eten hori guztiz zarratzen da. Ume batzuetan, jaio eta gero guztiz ez denean ixten, heste edukiak hortik kanporatu daitezke. Kanpotik koskor bat ikusiko dugu zilborrean, ukitzerakoan biguna eta sakatzerakoan barrurantz sartzen dena.
Ez dugu zertan kezkatu, ez baitu konplikaziorik sortzen. Umeak 4 urte bete orduko gehienetan berez desagertuko da. Dena dela, adin honetatik aurrera eta oraindik tamaina handikoa denean, arrazoi estetikoagatik operatu daiteke.
PRURIGOA
Arkakuso batek heldu zion haurrari eta lehendabiziko egunean heldu txiki batzuk zituen arren, hurrengo egunetan bi hanketan orban asko atera zitzaizkion. Prurigoa zela esan zigun pediatrak eta azkurarentzako botika eman zigun. Semeak oso gaizki pasa zuen azkurarekin eta etengabe hazka egiten zuen. Infekzio arriskuagatik higienea asko zaindu dugu. Udari begira heldu gehiago izan ditzakeela-eta, zein dira eltxoen helduen arriskuak (infekzioetatik haratago). Behin prurigoa izateak arkakusoari alergia diola esan nahi du?
PRURIGOA, intsektuen (eltxoa, arkakuso, armiarma...) ziztadaren edo helduaren ondoren gertatzen den gehiegizko erreakzio da. Ziztadarekin inokulatzen diren substantziarekiko hipersentiberatasuna adierazten du. Larruazalean azkure handia sortzen duten baba piloa sortzen dira. Hazka egitean babak kutsa daitezke eta infekzioa sortu. Sentikortasuna duten umeak behin eta berriz izaten dute, batez ere udaberri eta udan, baina denborarekin sentikortasun hori desagertzen da.
Prurigoa ekiditeko intsektuak eta intsektu eramaile diren animaliak saihestu behar dira. Neurri fisikoak (jantzi babesle, eltxo-sare...) erabiltzea gomendatzen da eta baita uxagarriak ere, bai kimikoak baina hobe elektrikoak.
Prurigoa behin agertu denean azala garbi mantendu behar da ura eta xaboiarekin garbituz, babak apurtu barik. Azkurea leuntzeko neurriak hartu behar dira, izotza jarri eta krema espezifikoak bota. Askotan beharrezkoa izaten da antihistaminikoak ahotik hartzea. Hazka egitea saihestu behar da infekzioa ekiditeko, horixe baita konplikaziorik arruntena.
OTITISA
Alaba belarriko minez ibili da, eta azkenean belarritik mukia atera zaio. Larrialdietako pediatrak antibiotikoa eman zion, eta ondorengo errebisioan bere pediatrak esan zigun antibiotikoa ez zela beharrezkoa. Otitisaren kasuan nola jakin dezakegu antibiotikoa beharrezkoa den ala ez? Infekzioak zehazki zer esan nahi du, mukia infektatua dagoela?
OTITISA SARRITAN AGERTZEN DEN INFEKZIOA DA, batez ere bi edo hiru urtetik beherako umeetan. Umeak belarriko mina adieraziko du edo hitz egiten ez dakienean umea negarrez edo oso artega nabarituko dugu. Inoiz sukarra edo otorrea (jarioa belarritik) ere ager daiteke. Otitis kasu gehienak birusak eragindakoak dira. Katarroak edo goi arnas bideetako infekzioak hantura sortzen du bai faringean, bai sudurreko mukosan eta baita belarriko konduktuan ere. Hanturagatik alde batetik, eta sortzen den mukiagatik bestetik, normala izaten da belarria itxita sentitzea eta belarriko mina izatea (otitis katarrala). Medikuak otoskopioarekin (belarri barrualdea ikusteko tresna) tinpanoa ikusten duenean hantura zeinuak ikusiko ditu, tinpanoa gorri eta distira gabe ikusiko du.
Umea belarriko minarekin hasten denean, mina kentzeko botika ematea eta sudurreko mukiak kentzen laguntzea da zuzenena. Esan genezake neurri honekin, kasuen % 80an nahikoa izango dela eta sendatuko dela.
Kasu batzuetan bakterioak eragindako otitisa izaten da eta antibiotikoa behar izaten da. Horregatik, umea 6 hilabete baino txikiagoa denean, sukarra 38 baino altuagoa denean, analgesikoekin mina ez denean lasaitzen edo 48 ordu ondoren guztiz kendu ez denean, medikuarengana joatea komeni da eta hark umearen adina, sintomak eta azterketa fisikoa kontuan hartuko ditu antibiotikoak eman edo ez erabakitzeko.
ELTXOEN ZIZTADAK
Udan sartu gara, eta eltxoak hasi zaizkigu ziztaka. Ba al dago eltxoen ziztadak ekiditerik?
Egunez, batez ere eguzkia jausten denean, eta gauean leku hezeak, urmaelak eta ura geldirik dagoen lekuetatik aldendu.
Kolore distiratsudun arropak eta perfumeek eltxoak erakarri egiten dituzte.
Larruazala estaltzeko arropa jantzi. Kontuan hartu arroparen ehuna mehea denean eltxoak berdin ziztatu dezakeela.
EPAk (AEBetako ingurugiroa babesteko agentzia) erregistratutako uxagarriak eranginkorrak eta seguruak dira bere jarraibideak jarraitzen direnean. Horien artean DEET, picaridina (KBR 3023), Bayrepel, icaridina, eukalipto olioa (OLE) edo para-mentano-diol (PMD), IR3535 daude. Osagarriaren portzentaia altuagoak babes luzeagoa emango du. Inola ere ez da erabili behar bi hilabetetik beherako umeekin eta limoi eukalipto olioa (OLE) edo para-mentano-diol ez da erabili behar 3 urtetik beherakoekin. Ziztada ekidin nahi izanez gero, hobe arropa jarri eta uxagarria arropa gainean botatzea. Beti, azalean eman aurretik, azal zati txiki batean froga egin albo-ondorioak (erreakzio alergikoa, azal eta begietako irritazioa…) aurreikusteko.Ez da arropa azpiko azalean eman behar. Eguzki filtroa erabil-tzen denean lehenengo hau eta gainetik uxagarria eman.
Posible da arropa, oinetakoak, kanpin denda eta moskiterak permetrinarekin lurrintzea. Sekula ez da permetrina larruazalean eman behar. Etxe barruan ere babestu. Uxatzaile elektrikoak eraginkorrak dira. Neurri bat edo bestea hartu, lekuaren eta pertsonaren sentsibilitatearen arabera erabaki behar da.