Mariaje Sarrionaindia | Pediatra
HESTE ZIZAREAK
4 urteko gure semeak zizareak izaten ditu tarteka. Lokartzerako garaian hazkura handia izaten du ipurdian eta ezinegona sorrarazten dio horrek. Pediatrak gomendatutako medikamentua erabiltzen dugu txitxareak kentzeko, baina egoera errepikatu egiten da handik hilabete batzuetara. Zer egin dezakegu arazoa berriro ez gertatzeko?
GURE INGURUAN SARRITAN IKUSTEN DIREN heste-zizareak oxiuro deitzen dira. Zentimetro bateko hari zuri–horixka baten itxura dute eta mugitzen ere ikus ditzakegu. Zizareen arrautzak mikroskopikoak direnez, eskuak edo kutsatutako beste objektu bat ahoan sartzerakoan, konturatu barik hartzen dira.
Heste-lodian parasito helduak egingo dira eta oxiuro emeak arrautzak uzki inguruan jarriko ditu, bertako larru- azalean azkura eta irritazio handia sortuz. Egonezinaren ondoren umeak hazka egin eta eskuen bitartez, ingurua edo bere burua berriz kutsatuko du. Parasitoaren bizitza-zikloa 37-53 egunekoa bada ere, oxiurasia oso kutsakorra da, parasitoak milaka arrautza erruten baititu, objektu pertsonaletan eta lurraren artean sakabanatzen direlarik, autoinfektazioa ere sortuz.
Diagnostikoa zizarea ikusiz edo arrautzak azterketa mikroskopikoan identifikatuz egiten da.
Gauez batez ere, eta uzki ingurua linterna baten argiarekin aztertuz ikus ditzakegu zizareak. Arrautzak dauden aztertzeko mikroskopioa behar da eta Graham teknika erabiltzen da.
Zer egin dezakegu zizareak tratatzeko eta arazoa berriz ez agertzeko? Tratamendua farmako espezifikoarekin egiten da, dosi bat hartuz eta handik hamabost egunera dosia errepikatuz. Eraginkorra izateko, elkarrekin bizi diren familiako partaide guztiek tratamendua egitea aholkatzen da. Beste neurri batzuk ere oso garrantzi-tsuak dira:
- Tratamendua egiten den lehenengo egunean, azpiko arropak, maindireak eta pijamak batu eta ur berotan garbitu.
- Eskuak ura eta xaboiarekin ondo garbitu, azazkaletarako eskuila bat erabiliz, jatordu guztien aurretik eta komunera joan ondoren.
- Gordinik jango diren jakiak modu egokian prestatu, adibidez azala garbituz, eta esan dugun moduan kontuan hartu eskuekin jaten denean hauek eta azazkalak ondo garbitzea, bai haurrarenak eta bai jatekoa prestatzen duenarenak.
- Hazka ez egiteko, pijama estua edo gorputz osokoa jantzi dezake haurrak.
ETENGABE GAIXOTZEN
Irailetik hasita, hilabete darama 20 hilabeteko haurrak behin eta berriz gaixotuz: katarroak, beherakoak, pediatrak zizareak ere izan ditzakeela esan digu… Ezinegon handia ere badu, lau letaginak batera ari zaizkio-eta ateratzen. Eskolara ez da joaten oraindik, beraz sarri gaixotzearen errua ezin bota kutsatzeei. Udazkenak eragindako baxualdia izan daiteke? Hala bada, zer egin dezakegu indartzeko?
HAURRA OSASUNTSUA BADA ERE, eta bere inmunitate sistema bete-betean egon, lehenengo lau urteetan hartuko ditu infekzio gehien.
Adin horretan urtean 6 -16 prozesu hartzea normala izan daiteke, gehienetan birusak eraginda eta arnas aparatuan (katarroak, otitisak, bronkiolitisa…) eta digestibo aparatuan (gastroenteritisa…) kokatzen dira. Kontuan hartuta prozesu bakoitzak aste bateko edo biko iraupena izango duela eta infekzio kopuru gehiena iraila eta maiatza bitartean agertzen dela, udazkenean hasi eta negua eta udaberri zati handi batean mukiak, beherakoak, eztula... eguneroko eta gaueroko kontua izango dira.
Haur-eskolara hasten direnean somatzen bada gaixo-tzeko joera nabarmena , etxean neba-arreba nagusiagoak daudenean edo jende askoz inguratuta dagoenean ere berdin gertatzen da.
Sistema inmunearen esku dago organismoko infek-zioen aurka babestea. Infekzio bakoitzari aurre egiteko inmunitatea martxan jarriko da antigorputzak sortuz eta memorian gordeko ditu hurrengoan erabiltzeko. Beraz, inmunitatea modu naturalean garatuko da.
Umeak pisu eta garapen egokia daramanean, hartzen dituen infekzioak ohiko germenek eraginda direnean eta espero den denboran gainditzen dituenean, ez da kezkatu behar.
Kontuan izan behar da adin honetan gertatzen diren infekzio gehienak (katarroak, bronkiolitisa, beherakoa...) birusak sortutakoak direla eta ez dutela antibiotikorik behar.
PISUAN ESKAS
Urte eta erdiko alaba txikia altueran beti perzentiletan batez bestekotik gora egon ohi da, baina pisuan, berriz, azken eta bigarren perzentilen artean, baxu samar. Pediatra batek gomendatu digu gosaltzeko haziera esnea eta zerealak ematea, eta beste pediatra batek, berriz, zerealak emateko beharrik ez dagoela, pasta, ogia eta beste zenbait elikagairen bidez lortzen direla. Zer iritzi duzu zuk? Oraindik edoskitzen ari naiz haurra, eta denetarik jaten du, ondo. Hori bai, oso ume aktiboa da, eta uste dugu energia asko gastatzen duela.
PERZENTILEN TAULAK BALIOGARRIAK DIRA umearen pisuaren eta altueraren garapena jarraitzeko. Gainera, adin batean umea non kokatzen den ikusteko balio dute, bere adineko ume populazio handi batekin alderatuta.
Nahiz eta inoiz pisu eta altuera artean 2 edo 3 perzentilen aldea egon daitekeen, horrelako tartea dagoenean sarritan umeak behar duena baino gutxiago jaten duelako izan daiteke.
Zuk diozunez, altuera eta pisua, bakoitza perzentil batetik doa, baina betidanik pisuak ere bere lerroa edo hazte-kurba jarraitzen doa, eta hori seinale ona da.
Hamazortzi hilabeteko umeari denetik eta elikagai osasuntsuak eskaini behar zaizkio eta denbora hartu behar da gutxienez 4, eta hobe 5, jatordu egiteko.
Jatorduak lasai hartu behar dira eta jolasteko denboratik ezberdindu. Oraindik amaren esnea hartzen jarraitzen duenean jatordu guztietan esnea ez den zerbait eskaini behar zaio (ogi zati bat, fruta…), eta gutxienez bi jatordutan zehar saiatu barazki edo lekaleak eskaintzen batean, eta fruta beste batean. Astean egun batean edo bitan arroza edo pasta ere presta daiteke. Adin honetan ez dira beharrezkoak zereal hidrolizatuak, umea gai izaten delako elikagaiak osorik mamurtuta jateko.