Elena Zubillaga | Pediatra
ERREPIKATZEN DIREN KATARROAK
Gure alabek urtero katarro ugari harrapatzen dituzte, eta horiek batzuetan otitisak eta eztarriko minak (faringitisik ere) ekarri izan dizkiete. Hasieran arinak diren katarroak hain errepikakorrak izateak ze arrisku izan ditzake? Nola saihestu?
LEHEN URTEETAN oso maiz izaten dituzte arnasbideetako arazoak, eta gehienetan oso arinak. Hiru arrazoik sortzen dituzte: batetik, arnasbideetako ezaugarri bereziak dituzte; bigarrenik, oraindik sistema inmunitarioa garatu gabe dute; eta, hirugarrenik, oso txikitatik kontaktuan daude hainbat germenekin, batik bat behin eskolan hasten direnetik. Gehienetan katarro horiek ez dute ondoriorik izaten eta erraz sendatzen dira neurri fisikoekin, atsedena edo hidratazioa kasu. Baina, ba-tzuetan, haurraren ezaugarrien arabera, konplikatu egin daitezke, gehienetan belarriko arazoak eraginez. Haurren % 90ak izan ditu noiz edo noiz belarriko arazoak, baina gehienetan horiek ere erraz gainditzen dituzte. Gurasoek uste izaten dute katarroak ondo ez sendatzeak asma edo bronkitisa eragin dezaketela, baina arazo bakoitzak bere jatorria eta ezaugarriak ditu. Nola saihestu katarroak? Jakinda haur-eskola eta eskoletara doazenak gehiago gaixotzen direla, garrantzitsua da leku horietan neurri higienikoak areagotzea: gelak aireztatzea, zaintzaileek maiz garbitzea eskuak... Eta inportantea da gaixorik dauden haurrak aparte mantentzea, bakoitza bere etxean.
Familiei nahasmena eragiten die haurra behin eta berriro gaixotzeak, eta horrelakoetan aztertzekoa litzateke bolada batez haurra haur-eskolatik edo eskolatik apartatzea; horrek beti egiten die on. Baina kontuan izan behar da familiek maiz azpiegitura arazoak dituztela eta zaila gertatzen zaiei haurraren zaintza berrantolatzea.
PARDELA ETA ONDDOAK
Pardelaren ondorioz honddoak eta dermatitisa izan ditu gure umeak. Nola zaindu azala pardel aldaketan? Kremarik ematea komeni al da?
AZALA HANDITUA EDO URRATUA duenean esan ohi da dermatitisa duela. Umeen kasuan, pardelak eragina du, estaltzen dituen zonaldeetan hezetasun handia sortzen baitute, eta gainera azala beti dago igurtzi bat jaso-tzen, eta urratu egiten da. Bestetik, pardelaren osagaien artean daude zelulosa, perfumantea, alkohola... eta horiek ere azala hondatu egiten dute. Gehienetan dermatitis soilean gelditzen da hori guztia, baina zenbaitetan onddoek, mikroorganismo aprobetxategi horiek, infekzioa eragiten dute azal urratu horretan.
Nola zaindu azala? Bada, ahal den neurrian lehor mantendu, hezetasuna ahalik eta baxuena izan dadila. Izan ere, pardelak hor egon behar du. Bestalde, txizak eta kakak ere amoniako asko izaten dute eta hori ere kaltegarria da azalarentzat. Beraz, pardela oso maiz aldatu behar da. Ordu luzez aldatu gabe badago, bustita, azalari kalte egiten dio.
Bestalde, azala ondo badago, ez du krema edo ukendurik behar, nahikoa da pardela aldatzean ura eta esponja batekin garbitzea azala. Azala jada urratua dagoenean, berriz, talkoa eta zink-oxidoa duten produktuak dira egokienak, ur pasta deiturikoa kasu. Eta, onddoren bat badu, horien kontrako tratamendua duen kremaren bat eman behar diogu. Bestalde, ez da komeni eskuzapi hezeak erabiltzea, alkohola eta perfumeak baitituzte.
PARAZETAMOLA ETA IBUPROFENOA
Parazetamola eta ibuprofenoa. Ez dakit argi noiz erabili bakoitza, ez dakit zehazki zer diren eta zein funtzio duten. Argitzerik bai?
ANTZEKO SUBSTANTZIAK DIRA BIAK, sukarra, mina edo inflamazioa arintzea dute helburu. Lehen aspirina erabiltzen genuen bezala denerako, orain ibuprofenoa gehiegi erabiltzen dugu. Izan ere, deskribituta dago gripea trata-tzeko aspirina erabiltzeak haurrarengan ondorio larri bat eragin dezakeela, eta beldur horren aurrean ibuprofenoa asmatu zuten. Honek sukarra jaisten du, baina batez ere mina eta inflamazioa kentzeko eragina du.
Noiz erabili bata eta noiz bestea? Orain berdin erabiltzen ditugu, baina sukarra ez bada altua eta haurrak minik ez badu, parazetamola nahikoa litzateke. Oso botika eraginkorra da. Mina eta inflamazioa baldin baditu, berriz, ibuprofenoa egokiagoa izan daiteke, indartsuagoa baita.
Dena dela une honetan gaizki erabiltzen ditugu bi botikak. Gurasoak asko larritzen dira sukarrarekin, baina jakin behar dugu sintoma bat dela, ez gara beldurtu behar. Baina, beldurra dagoenez gurasoen aldetik, askotan pediatrok ere ibuprofenoa erabiltzeko aholkatzen dugu sukarra ez bada jaisten parazetamola hartu eta 4 ordutara.
Sukarra badu, aholkua litzateke 4 ordutik behin parazetamola ematea haurrari, eta ibuprofenoa erabiltzekotan, 6-8 ordutik behin ematea. Bestetik, lagungarria izan daiteke haurra zapi busti batekin freskatzea kopetan, hanketan eta besoetan, arropa gehiegi ez jartzea, eta ur atsegin batean, beroegia ez den uretan bainatzea.