Mariaje Sarrionaindia | Pediatra

NERABEEN AKNEA

Ekidin daiteke aknea?

HORMONEN PRODUKZIO fisiologikoaren ondorio den neurrian, ezin da ekidin. Dena den,  larruazala  adin honetan hobeto mantentzeko aholku  batzuk emango ditugu.
 Garbitasuna:  azalean agertzen diren puntu beltzak ez dira zikinkeria, gantz lehortua baino ez da, folikuluen irteeran, poroan, kokatzen dira eta taponatu egiten dute. Hauek, urarekin eta xaboiarekin garbitzea komeni da, suabe-suabe, egunean behin edo birritan;  ez da ukitzen ibili behar. Bizarra moztu nahi izanez gero, lehenik ura eta xaboiarekin eta horretarako egokia den krema batekin biguntzea komeni da.  Hobe da bizarra mozteko tresna ez konpartitzea. 
 Elikadura: nahiz eta urte askoan elikagai batzuk (txorizoa, txokolatea…) aknearekin lotu diren,   elikagaiek aknea okertzen duten ebidentzia zientifikorik ez dago. Kontuan izan behar da akneak garai hobeak eta okerragoak izango dituela eta nolanahi ere, batez ere nerabe garaian, garrantzi handikoa dela elikadura orekatuari eustea.
 Eguzkia: azala beltzaran jartzean, granoak gutxiago nabaritzen diren arren, honek ez du esan nahi eguzkia mesedegarria denik. Eguzkia beti babesarekin hartu behar da.  Eguzki-babesleen artean gel edo lozioak gomendagarriagoak dira kremak baino, ez baitute poroa hainbeste estaltzen. Bestetik, kontuan hartu behar da aknearen aurka zenbait tratamendu hartzen denean eguzkitik babestu beharko dela.
  Kosmetikoak:  kosmetika bako larruazal  garbi batek hobeto arnastuko duen arren gaur egun badaude egokiak diren krema edo makillaje bereziak, “oil-free” edo  “ez komedogenikoak”.  Gauean aurpegia garbitu beharko da makillaje-hondakinak kentzeko.


Nola sortzen da aknea?

LARRUAZALAK SEBO-GURUINAK  ditu eta poroen bitartez azalean zabaltzen dira. Guruin  hauek ugariagoak dira lehen aipaturiko tokietan (aurpegia, lepoa, sorbalda...). Pubertaroan jariatzen diren hormona sexualek gantz produkzioa ugaritzen dute, glandulen kanporatze bidea blokeatuz. Gantz honen pilaketarekin batera , propionibakterium aknes bakteriak  infekzioa eragin,  eta  handituak eta barnean zornea duten granoak garatzen dira. Hantura hau handia bada kisteak ere eratu ditzake.


Tratamendua behar du akneak?

Aknea behin-behineko egoera da. Estetika aldetik sor lezakeen egonezinaz landa, gehienetan arazo arina izaten da. Hala ere, gerta liteke inoiz modu larriagoan agertzea, noduluak eta gerora orbanak sortuko dituzten kisteak eratuta, alegia.
 Grano bakan batzuk agertzen direnean aipatutako neurri higienikoekin nahiko da.   Grano kopurua ugariagoa denean eta hauek inflamazio-itxura hartzen dutenean (hau da, buru zurixka eta noduluak edo kisteak), orduan tratamendua egitea komeni da.
 Aknearen ezaugarriek tratamendu bereziren bat eskatzen duenean, nahiz eta merkatuan hamaika produktu aurkitu daitekeen, nik  zientifikoki  eraginkortasuna erakutsi duten tratamenduak erabiltzea aholkatzen dut: besteak beste, erretinoideak (komedoien aurka eraginkorrak), benzoilo peroxidoa (poroetan sor-tzen den tapoia desegin eta bertako bakterioen auka egiten du) eta antibiotiko topikoak. Banaka edo, inoiz, binaka erabilita eraginkorrak dira. Jakin beharrekoa da, tratamendu topiko hauek guztiz eraginkorrak izan daitezen, gutxienez 8 astean zehar eman behar direla.
  Badaude ahotik hartzeko tratamenduak ere. Aknea indar handiarekin datorrenean, hau da kisteak sortzen direnean, oso  ugaria denean eta tratamendu topikoak nahikoa izan ez direnean, medikuak aho-bidezko tratamendua agindu dezake, kasu bakoitzean egon daitezkeen albo-ondorioak aztertuko ondoren. Ahotik hartzen diren medikamenduak antibiotikoak, pilula antisorgailuak eta isotretinoina dira. Ikusi zen pilula antisorgailuek  aknea hobe-
tzen zutela, eta erabili izan dira aknea tratatzeko, baina gaur egun beste tratamendu batzuk egonik, pilula, batez ere antisorgailuen premia duten emakumeetan erabili beharko litzateke.