Elena Zubillaga | Pediatra

UDABERRIKO PATTALALDIA

Zer egin dezakegu seme-alaba nerabeak udaberriko pattalaldiaren aurrean indartzeko?

UDABERRIAN SORTZEN DEN TENPERATURA igoerak, argitasun ezberdinak, ordutegiaren eta hezetasunaren aldaketak, atmosferako presioaren aldaketak… pertsona askorengan pattalaldia sortu dezake eta hori sentitzerakoan gaixorik daudenaren ustea izango dute. Hala ere, sintoma berdina udaberriro ager-tzen bada eta udaberriaren bukaerarekin desager-
tzen bada, denboraldiko gorabehera dela pentsaraziko digu eta ez gaixotasuna dela. Gorputza egokitzen ari da egoera berri batera. Baina nahiz eta oso garbi izan inolako gaixotasunik ez dagoela eta ez dela behar inolako tratamendurik, oso ohikoa izaten da gure inguruan pattalaldia baretzeko erremedio ugari kontsumitzea, eta horretarako eskuragarri ditugu produktu ugari: bitaminak, erregina-jelea, ginseng eta beste hainbeste produktu mota.
Udaberrian sortzen den pattalaldiarekin zerikusia duten sintomak honakoak izaten dira: neke sakona eta orokorra, eguneko logura sakona, arreta mantentzeko zailtasuna, suminkortasuna, apetitu eza. Sintoma horiek beste gaixotasun arinen edo ez hain arinen ondorioz azaldu daitezke, baina horrela izanez gero, ez dira espreski udaberrian egoteagatik sortzen ezta areagotzen ere.  
Nerabeen kasuan, agian ordu aldaketarekin lo gutxiago egiten dute, otorduak ohituta dauden ordutegietatik at egiten dituzte, eta askotan ariketa fisikoa luzatu egiten dute, beranduago iluntzen duelako. Agian nahiz eta eguraldia epeldu, arropa sendoak erabiltzen dituzte, neguko arropa oraindik ez dutelako baztertu…
Ez dugu ahaztu behar polenari alergia diotenen arazoa. Alergiak izaten dira udaberrian gorabehera gehien eragiten dituztenak, eta pertsona alergikoek sentitzen dituzten sintoma ugariren artean, pattalaldia ere senti dezakete. Baina kasu horietan ere, nahiz eta une batzuetan oso nekatuta egon, jakin badakigu denboraldiko arazoa izango dela eta pixkanaka baretuko dela.
Prebentziorako edota pattalaldiari aurre egiteko, bizitza-ohitura osasungarriak edukitzea da eraginkorrena. Lo egiteko eta jateko ordutegi erregularra mantendu behar da, nahiz eta eguraldi onak eta argitsuak bestelako ohituretara gonbidatu. Elikadurak orekatua eta osasungarria izan behar du, barazki, fruta eta zerealetan aberatsa. Arropak arinagoak janzten hasi beharra dago, bero puntua nabaritzen denean. Hori guztia betetzen bada, eta ez badago beste arazo fisikoren bat, demagun anemia bat, infekzioren bat edo gaixotasun kronikoren bat, ez dago beharrik bitaminak, erregina-jeleak, ginsengak, probiotikoak etab. hartzeko.


EGUZKITIK BABESTEA

Hilabete gutxiko haurra daukagu, eta kezkaturik ibili ohi gara eguzkiarekin, oso azal txurikoa baita. Zer gomendatzen diguzu babesteko? Entzun dugu urtebete egin arte ez zaiola komeni eguzkitan egotea...

EGUZKIA GURE BIZITZARAKO FUNTSEZKOA DA, BAINA babes neurriak hartzen ez baditugu, eguzki-izpiek ondorio kaltegarriak sortu ditzakete gure osasunean. Eguzkiak izpi infragorriak eta izpi ultramoreak bidaltzen dizkigu eta batez ere ultramoreak dira azaleko erredurak, begietako kataratak, azalaren zahartzea eta azaleko minbizia eragiten dutenak. Gainera, ikerketek baieztatu duten bezala, eguzkiak sortu di-tzakeen ondorio latzak jasateko arriskuak areagotzen dituzten faktoreak hauek dira: azala oso txuria izatea, ilegorria, ilehoria eta pekatsua izatea, azalean orin asko edukitzea, ordu asko eguzkitan pasatu izana bizitzaren lehenengo urteetan, familia barruan azaleko minbiziaren kasuren bat izatea… 
Horrez gain, eguzkiaren izpien eraginak kaltegarriagoak izaten dira bereziki 3 urte bete ez dituzten haurrengan, beraz zenbat eta txikiagoak izan haurrak, zorrotzagoak izan behar gara babes neurriak har-tzerakoan. Haur txikiak eguzkitan eguerdiko 12etatik arratsaldeko 16etara ezin dira inoiz jarri, eta argi eta garbi, itzala, arropa, txapela eta krema dira eguzkitik babesteko modu eraginkorrenak. UVB eta UVA motako izpietatik babestu behar gaituzte behintzat kremek. Gainera, babes maila handikoak izan behar dira, eta filtro fisikoak dituztenak dira egokienak haur txikientzat. Baina azpimarratu behar da haurrari, bere bizitzaren lehenengo 6 hilabeteetan kremak ematea ez dela batere komenigarria izaten. Hala ere, itzalarekin edo arroparekin ezin bada guztiz babestu haurraren gorputza, aurpegian, besoetan eta eskuetan kremaren kantitate txikia jarri behar zaio. Neurri hauek, egun lainotuetan ere hartu beharrekoak dira. Izan ere lainoak finak badira, izpi ultramoreek erraz zeharkatzen dituzte. Eta azkenik, jakin behar dugu hareak, urak, asfaltoak eta elurrak oso ondo islatzen dituztela eguzkiaren izpiak, eta beraz, egun eguzkitsuetan, nahiz eta itzalean edota eguzkitakoaren azpian egon, babes neurriak hartu behar ditugula.


ONDDOAK HANKAZPIAN

Igerilekuan onddoak harrapatu ditu alabak hankazpian. Nola tratatu? Bestalde, zer neurri hartu behar genituzke etxeko gainerako kideei ez kutsatzeko?

GURE AZAL OSASUNTSUAN MIKROBIO ezberdinak kokatzea ohikoa izaten da, besteak beste bakteriak eta onddoak izaten dira ezagunenak. Nahiz eta parasitoak izan, badituzte azalarentzat onuragarriak diren propietateak. Baina batzuetan, baldintza berezi batzuk suertatzen direnean, bereziki onddoak oso azkar eta asko ugaritzen direnean, ordura arte izaki mikroskopiko horiek zituzten propietate onuragarriak, kaltegarri bihurtzen dira. Infekzioa orduan sortzen da, eta horiei Dermatomikosia deitzen zaie.
Azaleko edozein lekutan sor daitezke, baina kokapen arruntena hanketan izaten da. Onddoak ugaritzeko eta infekzioak sortzeko nahikoa da hezetasuna eta giro epela egotea, hain zuzen, gure hankak oso erraz izerditzen eta berotzen direnean. Gimnasioetan, igerilekuetan, kirola egiten den lekuetan, non hezetasun eta bero dezente dagoen, onddoak erraz ugaritzen dira, beraz azala infektatzea ez da zaila izaten. Are gehiago, leku horietan oso ohikoa denez oinutsik ibiltzea, hankak kutsatzea oso erraza izaten da.
Prebentziorako, garrantzitsua da oinak heze ez edukitzea, ez izerditzea hain zuzen, eta horretarako beharrezkoa da galtzerdiak fibra sintetikoekin egindakoak ez izatea; kotoizkoak dira onenak, eta oinetakoak airea pasatzen uzten dutenetakoak izatea oso onuragarria da. Giro ezezagun batean, igerilekuan, kiroldegian edo gimnasioan, oinaren azpia eta behatzak babestea komeni da. Familiako partaideetako batek hankak infektatuak baditu, ezin du oinutsik ibili, ez alfonbraren ez egurraren gainean, eta ezin ditu oinak biluzik sofan jarri, besaulkien gainean... Oinean zauriren bat izanez gero, ondo desinfektatu eta sendatu behar da. Hankak garbitu eta lehortu ondoren, onuragarria da krema ematea, horrela azala ondo hidratatua egongo da eta onddoen infekzioak ekiditea errazagoa egiten da. Oinetakoak ondo aireztatzea eta etengabe ez erabiltzea komenigarria da.
Behin azala kutsatuta, hanka egunero garbitu behar da eta ondo lehortu kotoizko toailarekin edo ile-lehorgailuarekin. Ondo lehortuta dagoenean azala sendagileak aholkatutako krema batekin igurtzi behar da.