Elena Zubillaga | Pediatra
NERABEAK ETA UDAZKENA
Urteroko kontua dugu: triste eta ezertarako gogo edo interesik gabe jartzen da gure 15 urteko alaba udazkenetan. Normala al da? Nola lagundu diezaiokegu?
SEGUR ASKI ZORAGARRIA IZAN DA gure 15 urteko gazteak igaro duen uda, izugarri dibertitu da, ordutegi zorrotzik ez da existitu denbora horretan, inolako betebeharrik ez du eduki 3 hilabetetan, lagunekin harremanetan ordu asko igaro ditu, eta, gainera, agian maitemindu egin da… Hala ere, udazkena, berak nahi zuena baino lehenago iritsi da eta ia konturatu gabe bere bizimodua aldatu egin da. Betebeharrak pilatzen hasi zaizkio, ordutegiak ere zorroztu egin dira, lagunekin egoteko aukerak gutxitu egin zaizkio, eta agian amodioa oraingoz bukatu da. Eta gauzak horrela egonik, nola mantendu aldarte ona? Normaltzat eman dezakegu ezer egiteko gogorik ez edukitzea. Gainera, giroa gehiago okertzeko, bere inguruko helduek agian gutxi ulertzen dute zer gertatzen ari zaion, eta ez dira gauza bere larruazalean jartzeko ere!
Argi dago nerabezaroa aldaketaren denboraldia dela eta ohikoa da krisialdi kontzeptuarekin lotzea. Aldaketa fisikoak bistan geratzen dira, alde psikikoan ere ezaugarri berriak azaltzen ditu nerabeak. Sekulako aberastasun emozionala garatuko du adin honetan, bere fantasiak eta kreatibitateak maila handia izango du, memoria eta adimena hobetuko zaizkio, eta bere harreman sozialak ere aldatu egingo dira. Haurtzaroan bizi izan zituen segurtasunak alde batera uzten joango da helduaroak dakarzkien zalantzei aurre egiteko. Nerabezaroa urte batzuk irauten duen bidaia bat dela imaginatu beharko genuke, eta bidaia horretan denetarik egongo da; ilusioak, beldurrak eta, bereziki, aldaketak. Hori guztia kontuan edukita, pentsatu beharko genuke gazteak denboraldi batean ziurgabetasuna bidelagun izango duela. Horregatik, nerabezaroa krisialdiarekin lotzea baino, egokiagoa izango litzateke pentsatzea gaztea bizitzen ari den prozesua ez dela arina, oso konplexua baizik.
Nerabeak azaltzen dituen sintomen artean zeintzuk diren arruntak eta zeintzuk ez bereiztea funtsezkoa da. Oso arrunta da, adibidez, fisikoki aldatzen ari dela sumatzerakoan, nerabea bedurtzea; asko, gainera. Batzuei ez zaie batere gustatzen bere gorputzak hartzen duen itxura eta hori aldatzeko ohikoa da beraien elikatzeko moduak aldatzea. Kuriositate sexuala sentitzea ere guztiz normala da, eta pentsa-tzeko erak eta sentimenduak ere aldatu egiten dira. Betebeharrak betetzerakoan kontzentrazio eskasa edukitzea ere ohikoa da, eta batzuetan pentsatu baino lehen akziora pasatzen dira zuzenean. Bestalde, gauez berandu lokartzea eta egunez logurez egotea adin honen ezaugarrietako bat da. Gainera, umorearen aldaketak gertatzea, inolako arrazoirik gabe, arrunta izaten da: bat-batean bakardadea, frustrazioa, asperdura... sentitu dezakeen bezala, bat-batean ere sekulako poza eta euforia sentitzera pasatu daiteke gaztea.
Kezkagarria izango litzateke nerabeak lo egiteko arazo larriak edukiko balitu, edo elikatzeko aldaketa garrantzitsuak azalduko balitu (anorexia, bulimia), bere osasunarekin obsesionatuta edo oso kezkatuta egongo balitz, edota, akats fisikorik izan ez arren, badituela sinestuko balu. Bestalde, kezkagarria litzateke guztiz lotsati azalduko balitz; edo ezeri arretarik jarriko ez balio; alkohola edota beste drogak neurriz kanpo kontsumituko balitu; zerbaitengatik nahigabetuta egongo balitz eta hau denboran iraunkorra izango balitz; edo guztiz triste edo sekulako euforia azalduko balu.
Hala eta guztiz ere, gertatzen ari denaren diagnostiko on bat egiteko, behar-beharrezkoa da nerabeari berari galdetzea: zer gertatzen zaizu? Noiztik? Zergatik dela iruditzen zaizu? Gainera, gaztea zer nolako nahasmenean sartuta dagoen hobeto ulertu ahal izateko, bere izaera ezagutzea guztiz beharrezkoa da. Jakin behar da, adibidez, estimulu berrien aurrean nola erreakzionatzen duen; haiek esploratzeko ausarta den edo, alderantziz, ezagutzen ez dituelako saihesten dituen; arriskuak nola menderatzen dituen; sozialki zer nolako lotura daukan; besteen onespena zenbateraino axola zaion; ea saiatua den bere desioak lortzen...
Nerabeak, garai honetan, gurasoak behar ez dituenaren itxura egingo duen arren, ez da horrela izaten, orain izango da agian beraien beharra gehien izango duen garaia; baina beste era batean, ez haurtzaroan behar zituen bezala. Guraso horiek nerabeari lagunduko diote beraiengan konfiantza izan dezaketela adierazita, hizketan aritzeko beste moduak erabilita, nerabearen intimitatea eta urruntasuna errespetatuta eta beti ziurtatuz familia baten kidea dela.
HAUTSARI ALERGIA
Semeak alergia dio hautsari, eta udazkenaren hasierarekin bat urtikaria izaten du: grano gorri txiki batzuk agertzen zaizkio gorputzean, bereziki artikulazioetan.
Abendua arte, alegia, negua hasi arte irauten diote. Zer egin dezakegu urtikariak sortzen dion ezinegona arintzeko? Zerbait egin genezake prebenitzeko?
AKAROAK ANIMALIA ARAKNIDOAK DIRA, espezie ugari daude beraien artean eta gutxi batzuk daude identifikaturik gaur egun. Gehienek oso tamaina txikia dute eta ezin ditugu gure begiekin ikusi, hala ere, jakin badakigu leku itxietan eta etxeko hautsean daudenak zer nolako ezaugarriak dituzten. Dirudienez, ez dira soilik ingurune horietan aurki-tzen, akaroak kanpoaldean ere aurki ditzakegu. Baina etxeko hautsean daudenak alergenoen iturri nagusi direlako, arazo alergiko gehien sortzen dituztenak dira. Hala eta guztiz ere, akaroak ez ditugu etxeko hautsean bakarrik aurkitzen, gizakien ezkatetan, onddoetan, bakterietan, birusetan, polenean, intsektuetan, janarien arrastoetan, fibretan, eta abarretan egon daitezke. Horiek guztiek ere, nahiz eta neurri arin batean izan, arazo alergikoak eman ditzakete.
Bi baldintza eman behar dira pertsona batek akaroak sortzen dituzten azaleko arazoak zein arnas bidezkoak jasateko. Alde batetik, pertsonak joera genetikoa izan behar du akaroekiko alergia garatzeko eta beste aldetik, esposizio egoki bat eduki behar du, alegia, pertsona aurkitzen den ingurugiroan dagoen akaroen kantitatea, itzela izan behar du eta gainera denbora luze batean egon behar du akaroekin kontaktuan.
Zergatik gaur egun etxeko hautsak du akaroen presentzian horrelako eragin altua eta ondorioz alergia arazoen sorburuan? Gure bizimoduak zer ikusia badu, ordu asko pasatzen ditugu leku itxietan eta aldiz denbora gutxi aire librean. Herrialde industrializatuetako etxe gehienak ondo isolatuta daude eta ondorioz, barruko tenperatura oso epel mantentzen dute. Gainera orokorrean, altzari eta objektu asko egoten dira barruan. Sofak, koltxoiak, alfonbra lodiak, pelutxeak, liburuak, eta abarrek, sekulako babeslekua osatzen dute akaroentzat, izan ere, hauek garatzeko behar dituzten berotasun, hezetasun eta janaria (gizakiaren azalaren ezkatak) elementu horietan guztietan erraz aurkitzen dituzte. Leku itxi hauetan denbora luzea igaro ezkero, sustantzia alergenizante ugari eta sustantzia hauen kon-tzentrazio maila handia duen airea arnasten ari bagara, hautsari alergia garatzea eragin dezake.
Akaroekiko alergiaren prebentzioan, oso neurri eraginkorrak dira gelatik alfonbrak, liburuak, pelutxeak, jostailuak eta kortina lodiak kentzea. Koltxoian eta burukoan akaroen kontrako oihal zorroak jartzea, gainera horiek hilean behin 10 minutuz aspiratzea, onuragarria da, hauek eguzkitan urtean 2-3 aldiz eta 30 minutuz jartzea ere ongi dator. Hala nola, izarak astean behin ur berotan (50º gradutan) garbitu behar dira, aspiragailua maiz pasatu behar izaten da, eta etxean hezetasuna badago % 50era jaitsi beharko litzateke, haurraren gelan behintzat.
Azalean sortzen den urtikaria baretzeko, talko-hautsa erabili dezakegu azkura kentzeko, azala oso hondatuta badago kortikoideen ukendua ondo joaten da, eta haurrak ezinegon nabarmena azaltzen badu, xarabe antihistaminiko bat gehitzea mesedegarria izaten da.