Gontzal Martinez de la Hidalga | Pediatra

Buruan kolpea

Gure 6 urteko haurrak ikastetxean zegoela buruan kolpe handi bat hartu zuen eta ospitalera eraman zuten behatzeko. Esan ziguten ez dela komeni lo luzaro egiten uztea, botaka egitearekin adi ibiltzeko... Nola jokatu behar dugu umeak buruan kolpe handi bat hartzen duenean?

BURUKO KOLPEAK ohikoak dira. Kontuan hartu behar da ze garaieratik izan den (metro bat baino gehiago?), zeren aurka (egurra, porlana, izkina bat...) eta konortea galdu duen ala ez.
Larritasun mailaren arabera, gomendioak desberdinak dira. Horrela, kolpe handi baten ostean 24-48 ordura arte gauza batzuk behatu behar dira. Lehenik eta behin, ea konortea galtzen duen. Horrexegatik, kasu batzuetan gomendatzen da 3-4 orduz behin umea pixka bat esnatzea ea lotan dagoen edo konortea galdu duen jakiteko. Konplikazioak adierazten dituzten beste ezaugarri batzuk hauexek dira: bi begi ninien arteko tamainaren desberdintasuna, gelditzen ez diren gorakoak, alde bateko hankak edo besoak indarra galtzea, analgesikoa emanda kentzen ez den buruko mina, ondoez handia... 
Hori dela-eta, etxean geratu behar dira garapena aztertzeko.


Haur txikien zainketa

Haur bat izan berri dugu eta 5 urteko seme nagusiak etengabe hartu eta ukitu nahi du. 
Eskuak garbitu ditzan eskatzen diogu, baina badakigu askotan ez duela egiten. Zer arrisku ditu horrek? Zer gehiago zaindu beharko genuke gaixotasunik harrapa ez dezan?

INFEKZIO-ERITASUN asko eskuen bitartez kutsatzen dira. Hortaz, infekzioren bat izanda, eskuak garbitzea gomendatzen da: bai arnas bideetako gaixotasunekin, baita gastroenteritisarekin edo beste infekzioekin ere. Are gehiago jende ahula tartean egonda.
Dena den, kutsatzeko “arriskua” bizitzaren parte bat da. Hildakoak soilik ez dira kutsatzen. Beraz, nahiz eta neurri batzuk ipini kutsatzea saihesteko, ez da obsesio bat bihurtu behar. Neba-arrebak dituzten umeek desabantaila hori daukate. Ohikoa da nagusiak txikia kutsatzea. Dena den, neba edo ahizpa nagusia izateak askoz ere abantaila gehiago ditu. Eta horrela bizi behar da.
Neba-arreba nagusiari txikiarengana hurbiltzea eragozten baldin bazaio edo txikia babestuegi baldin badago, jeloskortasuna eta zaharrenaren errefusa bultza ditzakegu. Kontuz horiekin!


Bronkiolitisa

Nafarroan bronkiolitisaren txertoa (nahiz eta ez izan zehazki txertoa) jartzen hasiko direla entzun dut. Zer da zehazki bronkiolitisa eta zein arrisku ditu?  

BRONKIOLITISETIK BABESTEKO arnas birus sinzitialaren (ABS) aurkako antigorputz monoklonalak dauzkagu. Aspaldian erabili ditugu jaioberri goiztiarrekin eta gaixotasun larriak pairatzen dituztenekin. Berez, ez da txerto bat. Immunizazio pasiboa da. Txertoek defentsak sortzea sustatzen dute eta antigorputzak defentsak berak dira.
Bronkiolitisa lehenengo urtean (eta bigarrenean ere bai) maiz pairatzen den arnas gaixotasun bat da. Bronkio txikien hantura da eta % 90 ABS-k eragiten du. Kasu gehienak arinak dira baina batzuetan zaildu egin daitezke eta ospitalean amaitu, baita ZIUan ere. Asmaren antzeko sintomak ditu eta sendatu eta ondorengo hilabeteetan antzeko koadroak errepika daitezke.
Gaixotasuna neguko epidemia denez, hasieran, udazkenean eta neguan jaiotakoei emango zaizkie. Jaio eta lehenengo egunetan emango da. Denbora pasa ahala aztertuko dute ea immunizazio hori guztiei zabaltzen zaien.


Umeak astun

Kurtsoa hastearekin batera mukiak eta eztulak etorri dira gure etxera, eta egun batzuetan umeak nahiko pisu ikusi ditugu. Ez daude gaixo, baina ez daude erabat arin... Saldak ugaritzen ditugu halakoetan eta atsedena handitzen saiatzen gara, baina seme-alabek ez dute etxean gelditu nahi atseden hartzen eskolara joan gabe. Noiz komeniko litzateke ibuprofenoa ematea? Zer beste erremedio geneukake astun dauden egun horietarako?

EGIA DA! Ikasturtearen hasierarekin batera mukiak eta eztulak hasten dira. Hurrengo oporraldian hobetuko dira eta eskolara itzuli eta gero berriro sartuko dira umeak dituzten etxeetan. Hori horrela da. Pediatriako ikuspuntutik gomendioa lehenengo bi urteetan ez eskolaratzea da. Hori ez da erraza kasu askotan. Familiek ahal dutena egiten dute. Gure gizartearen beste gabezia bat da. Umeen zaintza ez da kontuan hartzen eta familiak kasu gehienetan hankaz gora dabiltza, bereziki umeak gaixotzen direnean.
Umea txarto dagoenean, hau da, sukarra edo ondoeza badu, ez luke haurtzaindegira edo eskolara joan behar: beste umeak ez kutsatzeko eta gaixorik dagoenak gauza gehiagorik ez hartzeko. Sukarra, ondoeza edo mina arintzeko parazetamola erabil daiteke. Ibuprofenoa ere aukera bat izan daiteke. Egoera horretan gurasoren bat edo beste norbait umea zaintzen geratu beharko litzateke etxean eta hori ez da erraza familia askorentzat.
Haurrak hobe luke guztiz errekuperatu arte eskolara ez itzultzea.