Elena Zubillaga | Pediatra

ELIKADURA OSAGARRIA

Gauza ezberdinak entzun eta irakurri ditut elikadura osagarriari buruz. OMEk sei hilabete bitartean esnea gomendatzen du, pediatrak lau hilabeterekin barazikak sartzen hasteko komentatu digu (beste semearekin lehenengo frutarekin hasteko esan ziguten). Horren inguruan zer nolako irizpideak dauden jakin nahiko genuke, zer eta noiz eman erabaki ahal izateko.

ADIN HORRETAN haurraren elikagaia zehazteko egutegi edo gidoi guztiz zorrotzak ez ditugu erabiltzen. Jakin badakigu zein alikagai ez den komeni oso garaiz sar-tzea, eta  zeintzuk diren derrigorrez sartu behar direnak oso berandura arte itxaron gabe. Ez dugu ahaztu behar lehenengo 4 hilabeteetan haurrak oraindik zenbait enzima falta dituela hainbat elikagai metabolizatu ahal izateko. Beste alde batetik, haur asko daude 6 hilabete bete arte esnea nahikoa izaten dutenak ondo hazteko. Oso kontuan eduki behar dugu, haur bakoitzak, beste arloetan bezala, elikatzko ere erritmo propioa daramala eta merezi duela elikaduraren egutegia berari egokitzea.

Horregatik, frutarekin edo barazkiekin hasteak ez du garrantzi handirik. Batzuetan  gurasoak izaten dira,  euren beharren arabera, haurrari zer eskaini erabakitzen dutenak eta normalean umeak ondo egokitzen dira erabaki horietara, baina uste dut familia bakoitzak, faktore guztiak kontuan edukita, adostu behar duela pediatrarekin noiz eta nola egin elikagaien aldaketa.


BAT-BATEKO HERIOTZA

Ez dut inguruan kasurik ezagutzen, baina haurraren bat-bateko heriotzak beldur-tzen nau. Ez dakit zerk eragiten duen (garai batean esaten zen hauspez lo egitea txarra zela…), zer tasa dauden gure inguruan eta ba ote daukan elikadurarekin eta loarekin zerikusirik…

BAT-BATEKO HERIOTZA kasu gehienetan, haurraren bizitzaren lehen 2-4 hilabeteetan gertatzen da; 6 hilabetetik aurrera oso gutxitan gertatzen da. Bat-bateko heriotzaren zergatiak ez dira jakiten gehienetan. Egiten diren autopsietatik % 80etan ez da agertzen inolako arrazoi zehatzik. Ikerketek erakutsi dute bat-batean hiltzen diren gehienak mutilak direla; heriotzak berriz, gehienean gauez gertatzen dira, asteburuetan eta neguko partean. Estatistikak osatzea lan zaila den arren, bada datu  garrantzitsu bat: 90eko hamarkadatik gaur egunera heriotzaren tasa % 50era jaitsi da eta jaitsiera hori prebentzioari esker lortu da.

Bat-bateko heriotza saihesteko badaude hainbat gomendio: lo egiteko postura oso eraginkorra da, beraz haurrak ahoz gora lo egitea gomendatzen da; arropa asko ez zaie jarri behar lo egiterakoan; logelan bero handirik ez du egin behar; koltxoia gogorra izan behar da; eta bereziki, haurrak eta gurasoak ohe berean lo egiten duten kasuetan, arriskutsua izan daiteke gurasoak oso nekatuta egotea, tabakoa erretzea batek edo biek, eta alkohola eta beste drogak kontsumitzea.


KOLIKOAK

Lehen hiru hilabetean alabak ez du izan kolikorik, ondo hartzen zuen bularra eta ondo egiten zuen lo. Orain bat-batean hiru hilabeterekin negarraldi luzeak, eta egonezin handia antzematzen zaio. Pediatrak esan digu kolikoak direla. Baina ez dakigu kolikoak zehazki zer diren, zerk eragiten dituen eta prebenitu daitezkeen…

HAUR BATZUEK bere bizitzako lehenengo 1-3 hilabete bitartean ia egunero 2-3 astez jarraian, inolako arrazoi nabarmenik ez egon arren negar egiten dute. Bolada horretan negarraldiak, egunean zehar, edozein unetan has daitezke baina gehienetan ilunabarrean antzematen dira. Negarraldiak intentsitate handikoak eta nahiko luzeak izaten dira, eta kontsolaezinak. Negarrarekin batera haurrak  hankak uzkurtu egiten ditu, bere azalak gorri-kolorea hartzen du eta sabela gogortzen zaio. Gertaera horiek besterik gabe hasten dira, eta besterik gabe bukatzen. Haurra pixkanaka lasaitzen joaten da, eta kasu guztietan, hilabete horiek igarota behin-betiko desager-tzen dira kolikoak.

Kolikoen inguruko ikerketak etengabe ari dira egiten, baina zehatz-mehatz zerk eragiten dituen ez dakigu        oraingoz; teoria asko proposatu dira eta denak ados daude kolikoa eragiteko faktore bat baino gehiago izan behar direla kontuan esatean. Kasu batzuetan faktore psikologikoak tartean egon daitezkeela onartzen da: gurasoek haurrarekiko dituzten espektatibak betetzen ez direnean, haurraren izaera zaila denean… Ezin da guztiz baieztatu faktore horiek eragin zuzena dutenik kolikoen sorreran, baina nahiko ziurtatua dago gurasoen jarrerak nola balditzatzen duen kolikoaren eboluzioa. Zenbat eta lasaiago eutsi gurasoek bere haur txikiaren negarrak orduan eta motzagoak izango dira haiek; eta aldierantziz, zenbat eta haserreago jarri gurasoak orduan eta negar gehiago egingo du haurrak. 
Kolikoen jatorrian hesteetako arazo arinak ere egon daitezke; inoiz ez ordea, arazo larriak. Guraso batzuk aipatzen dute gasak direla euren haurrari kolikoak sortzen dizkietenak, baina zalantza asko daude horren inguruan. Adin horretan, akaso, hesteetan sortzen diren prozesu arruntak haur guztiek ez dituzte berdin tolerantzen. Haur batzuek nahiz eta molestia arinak eduki, asko sentitzen dute eta baliteke sentsatzio berri horiek haurra izutzea. Hipotesi batzuk azpimarratzen dute kolikoak jasaten dituzten haurren hesteak oso azkar mugitzen direla eta horregatik sortzen direla beroiek, baina hipotesi hori ere ez da ziurra. Azkenik, amaren esnearekin elikatuta ez dauden haurren artean arrazoi alergikoak ere aipatu dira, baina esnea aldatuta ere hobekuntzarik antzematen ez denez, hipotesi hau ere ez dago frogatuta.


OTITISA


Gure hiru urteko alabak nahiko sarri izaten du otitisa (gaixotzen denean normalki otitisa izaten da). Ez dakigu zehazki gaizki sendatzen zaion, edo hori den bere ahulgunea… Zerk eragiten du otitisa eta nola jakin genezake ondo sendatua duela?

HAURREK BERE BIZITZAKO LEHENENGO URTEAN oso maiz izaten dute otitisa, haurren % 90ek haur-tzaroan jasaten dute gaixotasuna eta horietako askok behin baino gehiagotan. Haur txikiak bere sistema immunitarioa oraindik garatu gabe dagoelako erraz gaixotzen dira; batez ere, goiko arnasbideko infekzio birikoak izaten dituzte. Arnasbide horiek (sudurretik hasi eta bronkioren bukaeraraino), ezaugarri zehatz batzuk dituztelako, lehen urteetan erraz handitzen dira, eta ondorioz, mukiekin betetzen dira. Hori guztia lotuta dago belarria osatzen duten egitura estuekin, hortaz, baliteke katarro arrunt gisa hasitakoa otitisean amaitzea.

Pediatrak miaketa eginda otitisa diagnostikatzen duen bezala, berriro belarria begiratu ondoren ikusiko du sendatuta dagoela. Egokia da tratamenduaren ondoren pediatrak berriro ikustea eta baloratzea nola dagoen belarria.