Gontzal Martinez de la Hidalga | Pediatria
Alergia
Nire bikotekidea eta biok akaroei alergikoak gara, eta susmoa dugu gure 5 urteko haurra ere hala ote den: doministiku asko egiten du, muki asko izaten du… baina guk ez bezala eztula ere izaten du. Azkarregi iruditzen zaigu probak egiteko, beharrezko ikusten al duzu? Gurasook ez dugu tratamendurik hartzen. Haurrentzako zerbait badago?
HAURTZAROAN ESNEA edo sendagaiengatiko alergiaren susmoa badago, probak ahalik eta lasterren egin behar dira. Gehienetan larruazaleko erreakzioak dira eta haiekin edozein kontaktu ekidin behar da. Akaro edo polenagatiko alergiaren susmoarekin ez dago presarik. Oro har, udaberrian edo udan gertatzen bada, polenagatikoa izan ohi da. Urte osoan zehar gertatzen bada, gehienetan akaroak dira erantzule. Bi kasu horietan, errinitisa, konjuntibitisa edota asma eragiten dute normalean. Alergia garatzeko esposizio tarte handiagoa behar da eta, orokorrean, probak ez dira 2 urtetik beherakoetan gomendatzen. Larruazalean egin daitezke, hau da, prick-testa, edo odol analisiaren bitartez aztertu daiteke. Tratatzeko, lehenik eta behin, alergenoa (hau da, alergia eragiten duena) ingurunetik ahalik eta gehien atera behar da. Erreakzio alergikoa kontrolatzeko ahozko antihistaminikoak erabil daitezke; sudurreko kortikoideak, errinitis kronikoan; kolirioak, konjuntibitisetan eta asma izanez gero, sendagai inhalatuak.
Hazkuntza
Gure 10 urteko semeak bolada batzuk izaten ditu nekatuta sentitzen dena, eta ondoren, hazi egin dela sumatzen dugu. Aldiz, bere anaia txikiari ez diogu sumatzen sintomarik, baina oporraldietan luzatu egiten dela ikusten dugu. Nola gertatzen da hazkuntza/luzaketa hau?
JAIOTZETIK HAZKUNTZA etengabe doa aurrera. Ez da prozesu oso erregularra. Garai batzuetan beste batzuetan baino handiagoa izan daiteke hazkuntza. Dena den, garapen orokorra egokia bada, ume bakoitzak erritmo propioa izan dezake. Jaiotzaz gain, nerabezaroa da hazkuntza handiena gertatzen den garaia. Nesketan, 9 urte baino lehen hazkuntza handia badago eta sexu-karaktere sekundarioak garatzen badira (titiak edo ile pubikoa), pediatrarenera jo behar da pubertaro goiztiarra baztertzeko.
Ikusmena
Gure 4 urteko haurrak ongi ikusten ote duen zalantza daukagu. Pediatrarenean errebisioa egin zioten eta ez zioten ezer berezirik antzeman… baina egia da letrak identifikatzeko eskatzen ziotela, eta berak ez dituela ezagutzen asko, beraz, ez dakigu proba hori oso fidagarria den… Badago beste modurik hain haur txikien bista aztertzeko?
IKUSMENA AZTERTZEKO optotipoak erabiltzen dira. Horiek margoak edota letrak tamaina ezberdinetan dauzkaten oholak dira. Umeak kolaboratzen badu, lagungarriak izan daitezke ikusmena aztertzeko. Beti ez da erraza, are gutxiago ume txikienekin. Horrela ez bada, oftalmologoek beste tresnak ere badituzte. Besteak beste, begiaren tamaina eta beste parametroak neurtzen dituzten makinak.
Umearoan ume gehienak hipermetropia omen dute. Begia txikia da eta askotan irudia ez da helduen kasuan bezain ongi enfokatzen erretinan. Denbora pasa ahala, begiaren hazkuntzarekin, hori zuzentzen da. Miopia, aldiz, normalean ez da adinarekin hobetzen.
Sukarra
Oso oinarrizko galdera da, baina ez dakigu erantzuna: zergatik izaten dugu sukarra? Izan ere, gure 10 urteko haurrak sarri izan du sukarra, eta askotan ageriko infekziorik edo beste
sintomarik gabe… Birusen bat dela esan izan digute horrelakoetan, eta pare bat egunetan, beste aldaketarik gabe, pasa izan zaio. Infekzioez harago, zerk eragin dezake sukarra?
SUKARRA, NORMALEAN, gorputza babesteko mekanismo baten adierazpena da. Gorputza egokitzeko erantzun bat da, gaixotasuna eragiten diguten mikroorganismoen ugalketa murrizteko eta gorputzaren hanturazko erantzuna handitzeko. Helburua patogeno horientzat ingurune etsai bat sortzea da eta modu horretan aurre egiten laguntzea.
Haurtzaroan sukarra oso ohikoa da, batez ere eskolaratzea hasten denetik. Hala ere, pediatriako adin osoan errepikatzen dira koadro horiek, eta gehienetan ez dira koadro larriak izaten.
Hainbat gaixotasun kronikok sukar errepikakorra eragin dezakete, baina normalean sintoma gehiagorekin agertzen dira eta askoz ere ezohikoagoak dira.
Sukarrak pertsona askorengan eragiten duen beldurra gora-behera, sukarra normalean ez da konplikazio larrien kausa, beste garai batzuetan uste zen bezala. Gaixotasunen baten adierazpena da. Sukarra dagoenean medikazioren bat ematen dugunean, gehienetan sukarrak eragiten duen ondoeza tratatu nahi dugu, ez sukarra bera.