Gontzal Martinez de la Hidalga | Pediatra
ZAKILAREN ZAINKETA
Gure 4 urteko semeak zauri batzuk eduki ditu zakilean. Ez dakigu nola egin dituen, baina mina ematen zioten. Pediatrak zauria orbantzeko eman digun pomadarekin ongi joan zaio. Zainketa berezia behar al du haurraren zakilak?
ADIN HORRETAN balanitisak ez dira arraroak. Zakil-mokoaren infekzioak dira eta pomada antibiotikoarekin tratatzen ditugu. Askotan atxikidurak zakil-mokoaren eta prepuzioaren artean ere badaude, eta desitsasten direnean zauritxo batzuk gera daitezke. Hori ere ez da ezer larria.
Normalean, beste edozein gorputz atal bezala garbitzeko, prepuzioa atzera bota behar da ahal den lekura arte. Ez da inoiz behartu behar ezta minik sentiarazi behar ere atzera botatzean.
Pediatriako kontsultetan egiten ditugun umeen kontroletan zakilaren garapena aztertzen dugu. 4 urtetik aurrera, fimosia izanez gero, tratatu egiten dugu; hasteko, kortikoide pomadarekin zuloa handitzeko eta horrek ez badu arrakastarik, batzuetan, kirurgia egin behar da prepuzioa mozteko eta zakil-mokoa ondo atera dadin.
ELTXOEN ZIZTADAK
Uda etorri orduko xomorroen eta eltxoen ziztadekin urduri jartzen naiz, gure haurrari asko egiten dizkiete, batzuetan infektatu izan zaizkio. Aurrez prebenitzeko zer egin genezake?
PERTSONA BATZUK sentiberagoak dira eta eltxoek gehiago ziztatzen dituzte edo erreakzio handia pairatzen dute. Eltxoek bereziki arratsaldeko azken orduetan ziztatzen dute. Saihestu eltxoak dauden eremuak, jantzi manga luzeak eta ziztadak ekiditeko esprai edo likido desberdinak erabil daitezke. Gaur egun ditugun produktuak nahiko eraginkorrak dira. Beti adin bakoitzerako egokiak direnak erabili behar dira. Etxebizitzan zaudetenean ez zabaldu leihoak argiak piztuta badaude eta lokarrietan ipintzen diren eltxoen aurkako gailuak ere lagungarriak izan daitezke.
Ziztaden azkura gutxitzeko, krema hidratatzaileak edo likido batzuk erabil daitezke. Ur freskoko bainuak ere azkura arintzen du. Larruazalean erreakzio larria izanez gero, sendagai desberdinak daude: pomadak kortikoideekin edota ahozko antihistaminiko pilulak ere bai. Dena den, orokorrean erreakzioak desatseginak besterik ez dira eta oso gutxitan sortzen dute arazo garrantzitsuren bat.
BARIZELA
Gure ilobak txikiak zirenean haurrei ez zitzaien barizelagatik txertorik jartzen. Aldiz gure haurrari jartzea egokitzen zaio txertaketa egutegiaren arabera. Zergatik jartzen da orain barizelaren txertoa?
BARIZELA HAURTZAROAN, normalean, ez da gaixotasun larri bat. Bai, ordea, helduaroan.
Gaixotasuna izan eta gero gorputzak defentsa espezifikoak garatzen ditu barizela-zoster birusaren aurka, infekzio berri bat saihestuz. Birusa gorputzean geratzen da gurekin elkarbizitzen, era apalean. Batzuetan birraktiba daiteke eta herpes zosterra eragin. Nahiz eta barizela normalean arina izan, konplikazioak gerta daitezke kasuen % 5-10ean, batez ere larruazaleko eta ehun bigunetako gaininfekzioak, eta neurri txikiagoan nahasmendu neurologikoak eta biriketako afekzioak. Espainiako Estatuan urtero 1.000-1.500 ospitaleratze eta bospasei heriotza izaten dira barizelarekin lotuta.
Lehen urtea, helduaroa edo haurdunaldia arrisku garaiak dira. Haurdunaldiaren hasierako hilabetetan izanda, sortzetiko malformazioak sor ditzake eta erditzetik gertu, jaioberria kutsa dezake eta gaixotasun oso larria eragin. Kasu horretan, ia ume gaixoen % 30a hil daiteke. Gainera, barizelak daukan maiztasunagatik, osasun- eta gizarte-kostu handia du. Horregatik, lehen 10 urterekin ipintzen genituen bi dosi hilabete bateko tartearekin, helduaroan babestuta egoteko. Gaur egun 15 hilabeterekin jartzen dugu lehenengo dosia eta 4 urterekin bigarrena.
PROBIOTIKOAK
Gure haurrak antibiotikoa hartu du aurten pare bat aldiz belarriko infekzioagatik, eta iruditu zaigu antibiotikoa hartu ostean oso ahul gelditu dela. Zergatik izan liteke? Probiotikoak komenigarriak al dira haurrentzat eta nerabeentzat?
ASKOTAN EGOZTEN zaie antibiotikoei gaixotasun baten osteko ahuldadea. Gerta daiteke horrela izatea, baina edozein gaixotasunek ere susperraldi bat dauka. Behin eritasuna desagertuz gero, gorputzak denbora tarte bat behar du guztiz errekuperatzeko.
Egia da antibiotikoek kaltetzen gaituzten bakterioak hiltzen dituztela, baina baita gurekin bizi diren eta laguntzen gaituzten batzuk ere. Horregatik, batzuetan probiotiko batzuk hartzea planteatzen da, medikamentu horiek hartzeari lotutako beheraldia prebenitzeko. Nolanahi ere, zalantza batzuk sortzen dituzte oraindik. Era orokorrean, elkarte zientifiko batzuek antibiotiko-tratamenduarekin batera probiotikoak erabiltzea gomendatzen dute, antibiotikoei lotutako beheraldia prebenitzeko. Hori dena, ezaugarri batzuen arabera: pazientearen arrisku-faktoreak, antibiotikoen mota, tratamenduaren iraupena, adina, ospitaleratzeko beharra, beste gaixotasunik badagoen edo antibiotikoei lotutako beheraldiaren aurrekariak izanda.