Gontzal Martinez de la Hidalga | Pediatra
D BITAMINA
Ume jaioberriari D bitamina emateko aholkatu digute, baina une honetan daukagun neguarekin, beharrezkoa iruditzen al zaizu ematea? Hala al da?
D BITAMINA kaltzio eta fosforo orekaren erregulazioaren parte da, hezurrak garatzen laguntzen du eta haren hazkundea modulatzen du, besteak beste. D bitaminaren kopuru handiena larruazalean sortzen da. Horregatik, eguzki-argiaren esposizioa egokia da (denbora gutxi eta maiz). Zaila da esatea pertsona bakoitzak zenbat denbora egon behar duen eguzkipean bitamina horren kantitate nahikoa lortzeko. Gainera ez dago argi zein den D bitaminaren maila egokia gorputzean. D bitaminaren eskasiak osteomalazia eta errakitismoa eragin ditzake haurrengan. Alde batetik, eguzkia behar dugu eta, beste aldetik, argi ultramorearen esposizioari lotutako azaleko minbiziaren arriskua dago. Hortaz, haurrengan gehiegizko eguzkia saihestea gomendatzen da. D bitaminaren gehigarriek gomendatutako dosietan dituzten ondorio kaltegarriak urriak direla eta, egokia dirudi haurrei bizitzaren lehen urtean zehar D bitamina gehigarriak ematea.
BELARRIKO MINA
8 urteko gure umeak tarteka belarriko mina izaten du. Gure ustez mukiengatik da, pilatuta geratzen zaizkiolako eta azkenean mina jartzen zaiolako. Behin minez dagoenean, zer eman diezaiokegu?
OTALGIA (belarriko mina) ohikoa da haurtzaroan. Gehienetan prozesu arinak izaten dira. Ohikoagoak dira urarekiko esposizio jarraituaren ondoren. Katarro-koadroek ere eragin dezakete min hori.
Normalean, mina antinflamatorioekin edo analgesikoekin tratatu behar izaten da (ibuprofenoa edo parazetamola). Bertoko berotasun lehorra erremediorik hurbilena da, eta mina bizkorren arintzen duena, analgesikoek efektua izan arte (normalean nahikoa izaten da oihal bero bat aplikatzea). Batzuetan, minak luze irauten badu eta pediatrak beharrezkotzat jotzen badu, beste tratamendu batzuk ere erabili behar dira. Ez da inoiz kotoizko makilatxorik erabili behar belarriak garbitzeko. Behatzak iristen diren tokiraino nahikoa da dutxan edo bainuan garbitzeko. Era berean, ez da argizaria entzumen-hoditik kendu behar. Babes-faktore bat da. Nahikoa da gainezka dagoena kentzea. Igerilekuan tapoiak ere erabil daitezke, mina sarritan izanez gero.
KATARROEN KONPLIKAZIOAK
Gure haurrari (8 urte) erraz konplikatzen zaizkio katarroak. Eztul apur batekin eta mukiekin hasi orduko, bularra hartuta
dauka eta botika fuerteren bat ere eman izan diogu. Zerbait egin daiteke prebenitzeko?
KATARROAK OSO OHIKOAK dira, eta pediatriako kontsultara joateko arrazoi nagusia dira. Arnas infekzio mota horiek, oro har, berez sendatzen dira. Hau da, egun gutxitan desagertzen dira bakarrik (7 eta 10 egun arteko iraupena izaten dute), arrastorik utzi gabe. Hain ohikoak direnez, umeei, "mukitsuak“ esaten zaie.
Hotzeriek sukarra ere izan dezakete, eta haurra zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta maizago ikusten da. Sukarra dagoenean, ez du normalean hiru egun baino gehiago irauten eta sudurreko eta eztarriko sintomek astebete inguru irauten dute. Baina eztula, oro har, iraunkorragoa da, eta ez da arraroa hilabete bat irautea.
Haur batzuek arnas infekzio gehiago izateko joera izan dezakete, beste batzuek digestio-infekzioak izatekoa. Batzuek bularreko haurraren asma dute lehen 5-6 urteetan, eta beste batzuek asma dute geroago. Koadro horiek guztiak adinarekin hobetzen dira edo arinago bihurtzen dira. Konplikaziorik izanda, pediatrak tratamenduren bat adieraziko du, beharrezkoa izanez gero. Bularreko haurraren asmaren edo haur nagusiaren asmaren kasuetan, inhalagailu bronkodilatadoreak erabiltzen dira krisietan. Horrez gain, krisiak maiz agertuz gero, prebentziorako sendagai batzuk ere badaude.
Konplikazio guztien antzera, haien bilakaera zaindu behar da, eta hobera egin ezean, berriro kontsultatu.
HATS FUERTEA
Gure umeak hats txarra izan ohi du, eta batzuetan pisa ere usain fuertearekin egiten du. Sarri nekatuta egoten da eta pediatrak
azetona izan daitekeela esan zuen, baina umea, oro har, ongi ikusirik, ez zion garrantzi handirik eman. Glukosa gabezia izan daitekeela irakurri dugu. Zer da azetona? Hats fuertea ohikoa da?
HATS TXARRA ohikoa da batzuetan. Normalean, hats txarraren kausak honako hauek izan ohi dira: ahoaren higiene desegokia, txantxarrak, hortzetako infekzioak, substantzien hondarrak amigdaletan edo amigdalitisa, goiko arnas- bideetako infekzioak, ahoa irekita arnasteko ohitura, baraua, sukarra edo sudurrean edozein objektu sartu izana.
Ahoan elikagai hondarrak, mukositatea eta desegindako ahoko zelulak pila daitezke eta ahoko bakterioek deskonposa ditzakete.
Garrantzitsua da haurrei hortzak behar bezala garbitzea otordu guztien ondoren, zerbait jaten badute edo ura ez den likidoren bat edaten badute ere.
Elikagai batzuen kontsumoak ere aho-usain txarra eragin dezake aldi baterako: baratxuria, tipula, brokolia edo esnekiak, besteak beste.
Arraroa da haurren hats txarraren arrazoia digestio-gaixotasun edo gaixotasun sistemikoren bat izatea.
Haurren azetona ez da berez gaixotasun bat, organismoan azukre-maila jaisten dela adierazten duen sintoma bat baizik. Ohiko arrazoiak hauexek izan daitezke: baraua edo gorakoak, infekzioak edo dieta desegokiak koipe askorekin (frijituak, janari lasterra) eta absortzio azkarreko azukreekin (gozokiak, zuku industrialak). Oso gutxitan gaixotasun larriago batek eragindakoa izan daiteke, hala nola diabetesak.
Garrantzitsua da dieta egokia eramatea, ondo gosaltzea eta behar bezala hidratatzea.