Gontzal Martinez de la Hidalga | Pediatra
ESFINTERREN KONTROLA
Gure 7 urteko alabak oraindik pardelarekin egiten du lo, gauean ez baita esnatzen pixagurea daukanean. Noiz arte egon behar dugu lasai edo noiz (zein adinetan) hasi behar dugu kezkatzen eta pedriatrarekin lantzen?
5 URTETIK AURRERA gauean pixaren kontrolik ez baldin badago enuresia esaten diogu, ez baldin badago hori justifikatzeko gaixotasunik. Ohikoa da. Mutiletan sarriago agertzen da, nesketan baino bi aldiz gehiago. Familiako hainbat kiderengan agertzen da askotan. Batzuetan nerabezaroan ere iraun dezake.
Lehenik eta behin, hainbat alderdi argi izan behar dira: enuresia nahi gabekoa da, ez da larria eta denbora pasa ahala konpontzen da. Normalean, haurraren garapenaren ezaugarri normala izaten da. Beraz, garrantzitsua da umeari errua ez botatzea eta ez zigortzea, ez larritzea eta pazientzia izatea.
Arrazoia ez da zehatz-mehatz ezagutzen. Badirudi esfinterren nerbio-kontrola beranduago garatzen dela eta lo sakonagoa izaten dute gehienetan.
Tratamendua, batez ere, arrazoi sozialengatik proposatzen da. Kontua da haurrak ez sufritzea, psikologikoki gainerako haurrak bezala garatzea, familiaren dinamika ez desorekatzea eta nahasmendu handirik ez eragitea. Normalean, 7 urtetik aurrera egin daiteke tratamendua. Badira portaera-teknikak; mikzioaren hasieran pizten diren alarmak haurra esnatzeko eta horrela pixarik ez egiteko; edo tratamendu farmakologiko puntualak edo luzerakoak enuresia desagerrarazteko. Denek ez dute eraginik kasu guztietan.
Enuresia duten haurrek bizitza normala egin behar dute: lagunen etxeetara, kanpamenduetara, senideen etxeetara… joan behar dute. Gaur egun, kulero edo galtzontzillo itxura duten pixoihalak daude, dena naturalagoa izan dadin. Batzuetan, ihesak eragozten dituzten medikazioak ere erabil daitezke.
ANGINAK
Gure 6 urteko haurrak anginak izan ditu, testa egin eta bakterio bidezkoa zela esan ziguten, baina antibiotiko gabe pasa zitekeela, bere kasa gainditzen ari baitzen. Noiz da ezinbestekoa antibiotikoa erabiltzea eta noiz pasa gaitezke erabili gabe?
AMIGDALITISA HAURTZAROAN ohikoa da. Hainbat germenek, birusek eta bakterioek sortzen dute. Birusen aurka ez da tratamendurik erabiltzen. Bakterio batzuen kasuan, Streptococcus pyogenes kasu, baieztatzeko proba diagnostikoak ditugu. Positiboa bada, tratatzeko joera dugu, gaixotasuna agertu ondorengo 48 orduetan hartutako antibiotikoek sintomen iraupena eta larritasuna murrizten dutelako, eta konplikazioak izateko arriskua eta besteak kutsatzeko probabilitatea gutxitzen duelako.
GASTROENTERITISA
7 urteko haurra ospitalean ingresaturik izan dugu gastroenteritisarekin. Aurrera begira, ez dakigu halako kasu baten aurrean nola jokatu: nola jakin deshidratatzen ari dela; beherako eta gorako hori gehiegizkoa dela eta ospitalera joan behar dugula?
GASTROENTERITISAK oso ohikoak dira, bereziki haurtzaroan. Gure ingurunean gutxitan ikusten ditugu konplikazioak eta are gutxiago konplikazio larriak. Ez da horrela gertatzen munduko beste leku batzuetan, hala nola Afrikan, Asian edo Latinoamerikan. Horietan 5 urtetik beherakoen artean milioi erdi heriotza inguru eragiten dituzte urtero. Bizi garen gizarte sistemaren beste ondorio tragiko eta justifikaezin bat da. Beherakoa izanez gero, garrantzitsua da haurra hidratatuta edukitzea: likidoak maiz eskaini eta dieta normala egin. Egia da zenbait elikagaik, batzuetan, libratzeen maiztasuna murrizten dutela, bananak edo arrozak, besteak beste. Eskain daitezke, baina garrantzitsuena da haurrak zerbait jatea eta likido ugari hartzea. Ez da gomendatzen dieta lehorgarri zorrotza egitea.
Oka egin eta gero, edatea eta jatea eten daiteke ordu erdi edo ordu betez, urdailari atseden hartzen utziz. Ondoren, ahozko errehidratazio-
seruma edo azukre pixka bat duen ura eskaini, kantitate txikietan eta sarritan. Hala eta guztiz ere, haurrak etengabe botaka egiten jarraitzen baldin badu, pediatrak balioestea komeni da. Deshidratazioaren kasuan, malkoa eta gernua gutxitzen dira, azala lehortzen da eta pisua galtzen da, besteak beste. Halaber, garrantzitsua da eskuak sarri garbitzea, batez ere pixoihala aldatu ondoren edo haurra garbitu eta gero, familia barruko kutsatzeak saihesteko eta, jakina, eskolara ez bidaltzen saiatzea, gelakideak ez kutsatzeko.
ESKARLATINA
Gure 4 urteko umeak eskarlatina izan du. Aurpegiko pikortak denbora luzean izan ditu, eta eztarria ere minbera izan du. Ibuprofenoa eman dio pediatrak. Uste genuen gainditua zen gaixotasuna zela eskarlatina. Ba al dauka luzera begirako ondoriorik?
DESAGERTU EZ DEN ohiko gaixotasuna da. Amigdaletako infekzio batek eragindako larruazaleko erreakzio bat da, normalean bakterio batek sortua. Amigdalitis bakterianoa denez, Streptococcus pyogenes delakoa, normalean tratatu egiten dugu, batez ere gaixotasunaren fase goiztiarretan, sintomen iraupena laburtzeko eta ohikoak ez diren konplikazioak saihesteko. Konplikazioak, gertatuz gero, sintomak izaten diren aldian izaten dira. Antzina, epe luzerako konplikazioak ohikoak ziren, hala nola sukar erreumatikoa. Egun hori ia ez da existitzen gure inguruan.