Gontzal Martinez de la Hidalga | Pediatra
IGERILEKUAN
Igerilekuko garaia hastera goaz eta kezka daukagu 5 urteko alabak azaleko arazoak izan ohi dituelako eta piszinako klorodun ura kaltegarria dela diotelako. Hala al da? Zein da zure iritzia?
IGERILEKUA EZ da arazo izan behar azaleko arazoak edo dermatitis atopikoa duten umeentzat. Dermatitis agerraldi larrien kasuetan izan ezik, dermatitis atopikoa duten umeak igerilekuan bainatu daitezke. Dena den, igerilekutik irten ondoren dutxan kloroa ondo kentzea komeni da. Eta bainua amaitzean, krema hidratatzaile ugari eman, azaleko mantu lipidikoa behar bezala berritzeko.
Eguzkiak (beti fotobabesarekin!) dermatitisaren agerraldiak hobetzen laguntzen du, normalean. Gainera, udan jende gehiago doa kostaldera eta kostaldeko eremu horietako berezko hezetasunak larruazalaren hidratazio hobea izaten laguntzen du. Orokorrean, esan daiteke uda garai ona dela dermatitis atopikoa dutenentzat.
Larruazalak lehen bizpahiru egunetan pixka bat erre dezake, baina egunak pasa ahala hobetzeko joera du.
Azala ukituekin lehortu behar da. Hobe da ez igurztea. Eta ez dugu ahaztu behar: nahiz eta haurren % 60k lehen urtean dermatitis atopikoaren sintomak izan, soilik % 10ek jarraituko du 7 urtetatik aurrera dermatitisa izaten.
SUKAR ALTUAK
Gure 4 urteko alabak sukar altuak izaten ditu 39,8ra iritsi izan da, eta ez dakigu nola jokatu. Konbultsioek arduratzen gaituzte. Nola jokatu behar dugu hain sukar altuekin? (Parazetamolik ez du nahi).
GARRANTZITSUA DA jakitea sukarra organismoak infekzioei aurre egiteko ematen duen erantzuna dela. Sukarra ondoeza sortzen duelako tratatzen dugu, ez besterik. Edozein antitermiko erabil daiteke (parazetamola edota ibuprofenoa).
Konbultsioak umeen %2-5k besterik ez ditu pairatzen, gehienetan 3 hilabete eta 6 urte bitartean. Ez dago ebidentziarik sukar konbultsioek heriotza, garuneko kaltea, epilepsia, adimen-
atzerapena edota ikasteko zailtasunak eragiten dituztela esateko.
Antitermikoek ez dute konbultsioen prebentziorako balio. Uste da, sukarra ez dela eragile zuzena, sukarra bera eragiten duena baizik. Ohiko arrazoia infekzioak dira. Antza, sukar konbultsioak maizago lotzen dira birus-infekzioekin bakterioekin baino.
Konbultsioak gurasoentzako koadro larria izan arren, ez dira gaixotasun larria. Kasu batzuetan, behin besterik ez da gertatuko, eta beste batzuetan errepika daiteke. Dena den, eritasun arina da eta adinean aurrera egin ahala desagertuko da.
HIPERAKTIBITATEA
10 urteko alabari hiperaktibitatea diagnostikatu diote eta medikatzeko esan digute. Guk ez dugu nahi. Zer beste alternatiba egon daitezke?
ARRETA-DEFIZITA eta hiperaktibitatearen nahasmena garapen psikomotorraren nahastea da. Edozein tratamenduren helburua sortzen diren zailtasunak (bai eskolan, bai familian, bai inguruan) gutxitzea da. Tratamendua diziplina anitzekoa izan behar da: eskolan, osasungintzan, familian eta inguruan. Baliabide pedagogikoak, psikologikoak eta medikuak behar izaten dira halakoetan.
Gurasoek zenbait gauza egin ditzakete: errutina bat sortu, distrazioak kontrolatu (telebista, zaratak…), gauza gehiegi egitera ez bultzatu, argibide argiak eta laburrak eman, plangintza egiten lagundu, haurrak ondo zer egiten duen deskubritu eta hori egitera animatu, bizimodu osasungarria izan…
Ebidentzia guztien arabera tratamendu dietetikoak, optometriak, homeopatiak, belarrek edo Bach loreek, entzumen-estimulazioak eta osteopatiak ez dute eraginik nahaste horretan.
Tratamendu medikoa eskaintzen denean, normalean ikasturte prozesuan eta sozializazioan sortzen diren arazoak ekiditeko da. Soilik gutxiengo batek beharko du, eta, normalean, ez du albo-kalte larririk. Garrantzitsua da ondo aztertzea, tratamendu faltak ere kalteak eragin ditzakeelako. Hori, ondorio guztiak kontuan hartuz, medikuen eta gurasoen arteko erabakia izan behar da.
ODOLUZKIA
Gure 5 urteko semeak odoluzki bat dauka. Ez du pediatrarenera joan nahi. Ohikoa al da? Zer egin dezakegu?
ODOLUZKIA, ODOL-PIKOA edo hemorroidea uzkiaren kanpoaldeko (kanpo-hemorroideak) edo ondesteko (barne hemorroideak) zainen hantura da. Azkura, sumindura, mina eta odoljarioa eragin ditzake. Haurtzaroan ez dira oso ohikoak. Askotan nahasten dira bertoko azal tolesdurekin ere. Eta haurtzaroan ohikoenak konplikaziorik gabeko kanpoko hemorroideak dira.
Hemorroideen tratamenduan garrantzitsuena hori eragiten ari den kausa zuzentzea da. Pediatrian oso arraroak dira gaixotasun larri edo kronikoak. Arrazoi nagusia idorreria izaten da.
Elikadurak zuntz ugari izan behar du, umearen adinera egokitutako frutak, zerealak, lekaleak eta barazkiak hartu behar dira. Janari minik eta edari karbonataturik ez eman eta ur gehiago edan. Kaka egiteko ohitura ere landu behar da. Haurra komunean edo pixontzian eroso eseri otorduaren ondoren ebakuazio-ahalegina egin dezan, errutina bat hartzeko. Batzuetan, laxanteak edo enemak ere erabil daitezke.
Beste kasuetan, kontrako arrazoi bat izan daiteke: beherakoa, ebakuazio likidoek uzki eta ondesteko dilatazioa ere eragiten dutelako.
Kasu batzuetan tratamendu lokala erabili beharko litzateke.
Asko handitzen bada eta min handia eragiten badu, kontsultatzea komeni da.