Gontzal Martinez de la Hidalga | Pediatra

EGUZKITARAKO KREMAK

Eguzkitarako kremek zalantzak sortzen dizkigute. Azala babesteko ematea komeni da, dudarik gabe, baina gorputzak eguzkiaren 
D bitamina jasotzea oztopatu dezakete?

EGUZKIAK ERAGIN handia du gure osasunean. Alde batetik, erreduren, minbiziaren eta larruazaleko zahartzearen erantzuleetako bat da. Beste alde batetik, beharrezkoa da D bitamina sortzeko. Hau da, kaltzioaren metabolismoa kudeatzeko, hezurrak hazteko eta immunitatea erregulatzeko, besteak beste. Gainera, dermatitis atopikoaren tratamenduan lagungarria da.
Dena den, eguzkia neurriz hartu behar dugu. Egun eguzkitsuetan esposizio luzea eguerdiko orduetan saihestu, eta gutxienez 30 SPF babes faktoreko eguzkitarako krema erabili behar da. Gomendio orokorra eguzkia hartzen hasi baino 15-30 minutu lehenago ematea da eta bi ordutik behin edo bainuaren ostean errepikatzea.
Sei hilabete baino gutxiago dituzten haurrekin eguzkiaren esposizio zuzena ekiditea komeni da baina ezinezkoa bada, krema pixka bat erabil daiteke. Ez dugu obsesionatu behar, baina babesa kontuan hartu behar dugu beti.


ZIZAREAK

Gure seme-alabek askotan izaten dituzte zizareak. Botika bat eman ohi diegu (Lomper) baina batzuetan ez die eragiten. Umore aldaketak izaten dituzte eta gauetan aztoramendu handia. Zer dira, nola saihestu eta nola sendatu zizareak?

UMEEK IZATEN dituzten zizareak oso ohikoak dira haurtzaroan. Izen zientifikoa Enterobius vermicularis da eta oxiuroak ere esaten zaie. Arrautzak kutsatutako umeen eskuetan eta azazkaletan egoten dira eta baita ukitu dituzten objektuetan ere (jostailuetan, arropetan, ohean…). Umeak eskua ahoan sartzen duenean arrautzak sartzen ditu, hesteetara iristen dira eta hor heldu egiten dira. Emeek gauetan arrautzak uzkiaren inguruan ipintzen dituzte eta narritadura eta azkura eragiten dituzte. Hazka egitean arrautzak eskuetara pasatzen dira eta zikloa berriro hasten da.
Ez dira gozokiak edota gauza azukredunak jateagatik sortzen eta ez dute bruxismorik eragiten, bai ordea azkura, urduritasuna eta ezinegona. Tratamendua oso eraginkorra da, baina elkarrekin bizi diren lagun guztiek egin behar dute. Sendagaia (mebendazol) egun berean hartu behar dute denek eta higienea zorroztu behar da. Bi aste geroago prozesu osoa errepikatu behar da.


HIPERAKTIBITATEA

Gure 8 urteko semearen tutoreak aipatu digu semeak hiperaktibitatea izan dezakeela, ez dagoela ziur baina ea inoiz zantzurik ikusi 
diogun galdetu digu. Sarritan entzun izan dugu hiperaktibitatea hitza, baina ez dakigu zer den zehazki. Ikuspegi medikotik, zertan fijatu behar dugu gure semeak hiperaktibitatea duela ziurtatzeko? Medikazioa al da hori saihesteko edo tratatzeko bide bakarra?  

ARRETA-DEFIZITA eta hiperaktibitatearen nahasmena garapen psikomotorreko nahaste bat da. Umeen % 5 inguruk pairatzen du, baina maila desberdina izan dezake. Sintomak hiru arlotan sailkatzen dira. Denak ager daitezke edo ez:
- Arreta falta: buru esfortzua luzaz mantentzeko ezintasuna, ekintzak amaitzeko edo arretaz entzuteko zailtasunak…
- Hiperaktibitatea: bere adinerako gehiegizko aktibitate motorea izatea, helburu zehatzik gabeko etengabeko mugimenduak eta geldirik egoteko ezintasuna… 
- Inpultsibitatea: zerbait egiteko itxaroteko ezina, ondorioak kontuan hartu barik ekitea…
Orokorrean zailtasunak eskolan, familian eta inguruan dituzten harremanetan eta bizitzarako behar den errendimenduan agertzen dira. Sintomek sei hilabete baino gehiago iraun behar dute eta gutxienez bi testuingurutan agertu behar dira.
Denborak aurrera egin ahala, sintomak aldatu edo gutxitu daitezke: % 80k nerabezaroan mantenduko dituzte eta % 30-65k baita helduaroan ere. Tratamenduaren helburua sintomak eta haurrak dituen zailtasunak gutxitzea da, ondorio negatiboak saihestea. Tratamenduak diziplina anitzekoa izan behar du: eskolan, osasungintzan, familian eta inguruan. Denek ez dute tratamendu farmakologikorik behar, eta baliabide pedagogikoak eta psikologikoak ere garrantzitsuak dira.


EKZEMAK ETA MOLUSKUAK

Gure 10 urteko alabari azalean ekzemak eta moluskuak sortu izan zaizkio. Kremak, pomadak eta olioak erabili izan ditugu, baina horraino iritsi aurretik, zerbait egin daiteke prebenitzeko? Zergatik atera ohi dira?

DESBERDINAK DIRA ekzemak eta moluskuak. Ekzemak lesio anitzak dira, gehienetan lehorrak, batzuetan azal ezkatak agertzen dira eta dermatitis atopikoaren kasuan, adibidez, oso ohikoak dira. Azkura eragiten dute askotan. Krema hidratatzaileak erabil daitezke. Eta larriagoak badira, kortikoideak dituzten kremak eman diezazkiekegu pediatrak horrela gomendatzen badu.
Moluskuak, berriz, birus batek eragindako lesioak dira. 1-5 milimetroko papulak dira, batzuetan erdian zulotxo bat dutenak. Ez dira larriak eta normalean ez dute ez minik ez azkurarik eragiten. Markarik utzi gabe, berez desagertzen dira ia kasu guztietan. Batzuetan urtebete baino gehiago ere iraun dezakete.Moluskuen kasuan, ikerketa guztiek ezer ez egitea gomendatzen dute, baina marruskadura dagoen lekuetan agertzen badira edo egoneza eragiten badute, ken daitezke.