Gontzal Martinez  De La Hidalga | Pediatra

FARDELA

Alabak bost urte beteko ditu aurki eta gauetan fardela erabiltzen du oraindik. Bost urtera arte gauez fardela erabiltzea ohikoa dela entzun dugu baina zer gertatzen da adin horretatik aurrera? Nola lagundu diezaiokegu gauean pixagurea kontrola dezan?

UME BAKOITZAK UNE JAKIN batean uzten dio gauean pixa egiteari. Batzuek bi urte ingururekin uzten diote, eta beste batzuek askoz beranduago.
Bost urtetik aurrera, gauez fardelarekin jarraitzen badu, enuresia deitzen diogu. Ez da ezer larria ezta kezkatzekoa ere. Hainbat faktore izan daitezke arrazoia: herentzia, generoa (maizago gertatzen da mutilen artean), lo sakona... Garapenaren beste ezaugarri bat da. Idorreriak ere eragina izan dezake. Ez dute nahita egiten, eta ez da inoiz zigortu eta errieta bota behar. Zerbaitek laguntzen badu, hori errefortzu positiboa da, inoiz ez errudun sentiaraztea.
Gau gutxitan egiten badu, fardela ken daiteke. Egunero edo gau gehienetan egiten badu, ordea, utz daiteke.
Ez dago oso argi noiz tratatu behar den. Normalean, bost eta bederatzi urteren artean ez da hain garrantzitsua, gehienetan berez desagertuko delako.
Zenbait baliabide daude fardela kentzeko: kondizionamendua, egutegi bat eginez, alarma bat edota tratamendu farmakologikoa.
Onena garrantzia handirik ez ematea da, umeak sufri ez dezan. Denek utziko dute lehenago edo geroago.


INPETIGOA

Gure alabak 15 hilabete ditu eta “inpetigo” delakoa, azaleko infekzioa duela esan digute. Ohikoa al da infekzio mota hori haur txikiengan? Ondorioak izan al ditzake?

OSO OHIKOA DA, bereziki udan, eta bi eta bost urteko umeen artean sarriago agertzen da. Larruazalean ditugun bakteriek eragindako infekzioa da. Gertuko ganglioak ere handi daitezke batzuetan. Ez da ezer larria, baina higienea mantendu behar da gorputzetik zabaldu ez dadin. Gainera, oso kutsakorra denez, eskolako gela batean agertuz gero, hainbat umek pairatuko dute.
Tratatzeko klorhexidinaren moduko antiseptiko bat erabil daiteke. Kasu batzuetan pediatrak pomada antibiotikoa ere errezetatu diezaioke.


SISTEMA IMMUNEA

Entzuten ari gara COVID-19tik babesteko hartu ditugun neurriek gure immunitate sistema ahuldu dezaketela (esate baterako, gure gorputzek ez diote iazko gripeari aurre egin behar izan), eta horrek gripeak edo bestelako birusak gehiago zabaltzeko arriskua ekar dezakeela. Zer neurritan? Umeen kasuan, zer neurri hartu behar ditugu datorren negu honi begira?

SISTEMA IMMUNEA etengabe ari da lanean. Ez da erraz ahultzen. Nahiz eta askotan jendeak esan immunitate sistema ahul daukala, kasu zehatzetan baino ez da gertatzen, normalean: immunoeskasia edo antzeko gaixotasunekin, besteak beste. Baina, orokorrean, ez da gertatzen. Eta immunitate sistema indartzeko saltzen diren ia produktu guztiek ez dute sekula frogatu eraginik dutenik. Ia ez dago ebidentzian oinarritutako ikerketarik hori baieztatzeko.
Orokorrean, germen batekin kontaktatu eta gero defentsak sortzen ditugu hurrengo kontakturako babestuta egoteko. Germenaren arabera defentsa-memoria  iraunkorragoa eta efektiboagoa izaten da. Infekzio batzuk pairatu ostean ez dira berriro errepikatzen. Beste batzuk, aldiz, behin baino gehiagotan har ditzakegu memoria hori ahulagoa eta laburragoa delako. Neguari begira ez da ezer berezirik egin behar: ondo elikatu, ariketa fisikoa egin eta nahikoa deskantsatu. Beti bezala, umeak gaixorik daudenean etxean gelditu beharko lirateke gainerakoak ez kutsatzeko.


SINTOMAK

Mukiak, katarroa, sukarra... izanez gero bakartu eta etxean COVID-aren probak egiteko mezua zabaldu izan dute, baina haurren kasuan, mukiak batez ere eguneroko ogi dira. Nola jokatu behar dugu gure haurrek sintoma horiek dituztenean?

UME TXIKIEN ARTEAN, eskolatuta daudenen artean maizago, negu guztietan oso ohikoak dira germen desberdinek eragindako arnas infekzioak. Sintomak oso antzekoak dira nahiz eta infekzioa germen batek edo besteak eragin. Sintomek ez dute askorik laguntzen etiologia (jatorria) jakiteko. Koronabirusari dagokionez ez da ezer berezirik egin behar, gehien-gehienetan beste germen batengatik izango delako. Haur nagusiek probabilitate handiagoa dute. Gainera, Koronabirusak eragindako infekzioak haurtzaroan gutxitan eragiten du gaixotasuna (hau da COVID-a) eta hori gertatuz gero, ez da larria izaten. Oso kasu gutxitan konplikatu daiteke. Dena den, umea txarto badago, zuon pediatrak erabakiko du neurririk hartu behar den ala ez. 


MUKIAK

Urri osoa mukiak kendu ezinda pasa dugu alabarekin eta birritan belarriko mina ere izan du... Belarrira iristen den muki hori noiz bilakatzen  da infekzio? Nola saihestu? Infekzio kasu horietan antibiotikoa behar da, edo nola zaindu?

NEGUAN AGERTZEN diren mukiak eta eztula, haurtzaroan, gehienetan, infekzioak izaten dira, bereziki haurtzaindegira edo eskolara doazenen artean. Gauza bera gertatzen da belarriko minarekin. Belarria, sudurra eta eztarria lotuta daudenez, infekzioak esparru osokoak dira askotan. Horregatik aipatzen ditu Otorrinolaringologia espezialitatearen izenak berak, hiru gorputz leku horiek.
Otitisak kanpoko edo erdiko aldekoak izan daitezke. Kanpokoetan tantak erabil daitezke pediatrak hala agintzen duenean. Erdikoetan tratamendu antiinflamatorioa da lehen aukera. Horrela sendatzen ez bada, batzuetan aho bidezko antibiotikoa erabil daiteke, beti ere pediatrak erabaki badu. Bi urtetik beherakoekin gehiagotan erabili ohi dugu.
Otitisak saihesteko gutxi egin daiteke, baina hobe da kutsatutako gainerako umeekin ez egotea. Haurtzaindegietan infekzio gehiago harrapatzen dituzte, baita otitisak ere. Egia da, bizi dugun gizarte sistema honetan gurasoek askotan ez dutela erraza eskolatzea atzeratzea, nahiz eta gomendagarria izan.
Bestalde, ume batzuek otitisa hartzeko joera izan dezakete ezaugarri anatomikoengatik. Nolanahi ere, adinarekin hobetzen joaten da.
(Azken hau salbuespena da, orokorrean adinarekin okertzen baikaara. Gora umeak!).