Nora Salbotx Alegria Amaiurko eskolan maistraren iritzi artikulua.
Bada ailegatu da martxoa bere zortziarekin eta otu zait aukera ederra izaten ahal zela gure genealogia, nola erran, pedagogiko-feminista ahantzietan arakatzeko. Izan ere, zuetako aunitzek leitu edo ikusi izanen duzue Antoni Benaiges-i, bere ikasleei itsasoa hitzeman zien maisuari, eskainitako, justizian eskaini ere, dokumentalak, eleberri grafikoak, pelikulak eta abarrak. Eta harekin, ikasi izanen duzue Freinet tekniken maisu-maistren kooperatiba bat izan zela sasoi haietan. Batec (taupada katalanez) izenez aritutako talde baten ekimena izan ziren bai kooperatiba bera eta baita Pirinio aldeko zenbait landa eremutara kultura eramaten ibilitako Misio Pedagogiko iraultzaile miresgarri haiek ere. Talde eta ekimen horien sorreran eta bulkadan paper garrantzitsua izan zuen pedagogo badoztaindar batek: Pepita Uriz Pik, hain zuzen ere. Antoni eta Pepita burkide izan ziren garai berean eta toki berdinetan.
Pepita, Lleidako maistren eskolan irakasle ari zelarik, gogorki salatua izan zen bere ikasleei agindutako irakurgai “arriskutsuak” zirela eta. Izan ere, eskandalagarria iruditu zitzaien hango apezpikuari eta jende zuzenari, maistra izanen zirenek irakur zezaten, Margarita Nelkenek idatzita, adibidez, emakumea eraikuntza soziokultural bat dela eta bere menderakuntzak ez duela inolako zerikusirik naturaren dena delako errealitate batekin, ideia hori mito bat baizik ez dela. Eta, gisa berean, ez ziren jende zintzoak konforme izan maistra izanen zirenek leitu behar izan zutelako gizonaren agintea determinismo biologiko eta funtzional batean oinarritzea falazia hutsa dela; izaerak, gaitasun kognitiboak eta jendartean jokatutako rolek erakusten omen dituzten desberdintasun biosoziologikoak gezurra direla. Kito.
Pepita, hil aitzinean bere herrira itzultzeko aukerarik gabe Alemaniako Errepublika Demokratikoko erbestean biziko zen militante komunista, eskuindarrek Lleidan “la pedagoga” izengoitiz deituta iraindu nahi izan zutena; eta Unamuno, Cossio, Giner de los Ríos, Ramón y Cajal, Ortega y Gasset eta Machadoren babesa jaso zuen eta Espainiako Hezkuntza Ministro baten dimisioa eragin zuena, gure genealogia da, gure erroen parte bat. Bertzeak bertze, mundua hezkuntzatik irauli eta despatriarkalizatu nahi dugunontzat. Bertzeak bertze hari esker, pedagogo izateaz harro gaudenontzat.