Haizea Barandiaran | Psikologoa
ATXIKIMENDUA
Erditu ostean hesteetan arazoak izan ditut, eta azkenean bakterio bat dudala esan didate. Horrenbestez, edoskitzea uzteko gomendatu didate, eta bat-batean moztu behar izan dut. Umeak ez du ulertzen orain bat-batean titia eskatzen didanean ezetz esatea, eta nirekin haserre dago, baztertu egiten nau, eta min handia eragiten dit horrek. Nola landu atxikimendua berriz berarekin?
AMA EDO ZAINTZAREN ARDURA betetzen duena eta haurraren arteko atxikimendua, hauen bien arteko harremanean oinarritzen den unetik, ez da bat-batean desagertzen den zerbait. Eraldatzen edo modulatzen joaten da ama eta haurraren artean ematen diren gertaeren arabera.
Haurrak adierazten duen haserrea, aldaketa horien guztien ondorio bat da eta beraz, aldaketa hori onartu eta barneratzera iritsi behar du. Haurrak, bere prozesu propioa egin behar du eta denbora beharko du onarpena ahalbidetu dadin. Onarpena, alde batetik, amak haurrari, gertatu denaren inguruan emango dion azalpenetik etorriko da eta bestetik, amak haurraren sentimenduei hitzak jartzetik. Amak, haurraren haserrea jaso behar du, kontenitu eta horretarako, amak nahikoa sendotasun duela adierazi behar dio haurrari.
Laztanek, amaren ahotsa entzuteak (abestuz adibidez), azala-azalarekin metodoak… laguntzen du harremana kalitatezko bilakatzen, edo atxikimendua modu egokian garatzen. Finean, titia dela edo biberoia dela, elikatzeko une hori, momentu goxoan bilakatzea da garrantzitsua, bizipena positiboa izan dadin.
AMAREN EMOZIOAK
Haurdunaldia eta erditzea oso ondo joan dira, oso gustura nago seme txikia etxean edukitzeagatik... baina batzuetan ezin diot eutsi, halako tristura sakona datorkit, eta negar-saioak egiten ditut. Bikotea kezkatuta dago, ea erditze ondorengo depresioa dudan, hala izan daiteke? Zer egin dezaket indartzeko eta haurrari ez transmititzeko tristurarik?
GAUR EGUN AMAK edo zaintzaren ardura betetzen dutenak bakarrik egon ohi dira jaio den/diren haurrarekin/haurrekin, eta haur horren egunean zehar, gauza asko gertatzen dira. Negarra dago, irribarrea dago, lo egiten du, lasai egoten da, haserretu eta erretxindu egiten da…gauza txiki asko, zeintzuk amaren pentsamendu osoa okupatzen duten. Askotan, ez da egoten ondoan beste pertsona heldu bat, zeinekin nekearen edo arduraren inguruan hitz egin daitekeen.
Gainera, ama bizitza aktibo batetik (lana, afizioak, kirola… egitetik), etxean egotera eta haur baten zaintzaren ardura izatera igarotzen da. Honek, gainezka egitearen edo klaustrofobiaren sentimenduak ekar ditzake, izan ere, babesgabea den haur baten aurrean aurkitzen da.
Ama eta haurra konektaturik daude maila emozionalean, horrela, haurra dagoen egoera emozionalean egongo da ama ere, eta noski, alderantziz ere, amak pairatzen dituen gora-behera emozionalak presentzia izango dute haurraren egoeran.
Hau guzti hau jasangarriagoa izango da baldin eta amak beste amekin kontaktua badu, hitz egin eta esperientziak elkarbanatu ahal izateko. Bakardade sentimendua desagertu, edo arindu egin ohi da eta lagundua sentituko da. Horretarako egokiak izaten dira erditze osteko taldeak, haurrekin batera egiteko soinketa taldeak, guraso taldeak, haurren heziketa taldeak… Talde hauek eragin terapeutikoa izaten dute depresio arina edo tristura uneak pairatzen dituzten amengan. Hala ere, intentsitate esanguratsu batean ematen den edo denboran luzatzen den depresio edo tristura egoerak, espezialista batekin kontsultatu egin beharko lirateke.
ERDITZEARI BELDURRA
Lehen erditzea oso txarra izan zen. Giltzurrunetan min handia sentitzen nuen eta asko sufritu nuen. Orain, bigarren erditzea hurbildu ahala, beldurra areagotzen ari da, eta pentsamendu positiboa nola landu?
ESAN OHI DA alde batetik, ez dela berdina erditzea eta erditze horren inguruan norberak duen bizipen subjektiboa. Eta bestetik, erditzea esperientzia positiboa izango dela baldin eta emakumeak konfiantza badu bere buruarengan, bere gorputzarengan eta amatasunari aurre egiteko duen gaitasunean.
Hala ere, erditzeak, gehiago edo gutxiago, eta aldagai askoren arabera, min ematen du. Minari aurre egiteko dugun moduaren arabera egingo zaio aurre erditze lanari.
Minaren aurrean beldurra sentitzea normala da eta beldurra, sentimendu irrazionala izanik, ez dago norberaren kontrolpean. Garrantzitsua da, ahal den neurrian, arrazionalitatearen eremuan kokatzea. Horretarako, pentsamendu positiboa baino, bizitako esperientziari buruz hitz egitea eta mina sentitzearen beldurrari buruz hitz egitea beharrezkoa dela esango nuke. Kontrol ezak ere, beldur sentimenduak sortarazten ditu. Horien aurrean, gure eskuetan dagoena egiteak, nolabaiteko kontrola dugula sentiaraziko digu. Adibidez, giltzurrunetako minaren aurrean ingurune hori indartzeko ariketak egitea gomendagarria da, maila fisikoan onuragarri izateaz gain, maila psikikoan ere, aurre prestaketak egiteak, egoera kontrolpean izateko sentsazioa ekartzen baitu.