Haizea Barandiaran | Psikologoa

ERDITZEARI BELDURRA

Erditzeari, minari beldurra diot, eta hilabete eskas falta zait. Zer lanketa egin dezaket?

ERDITZEAK, batez ere lehen aldiz ama izango direnetan, ezezaguna den eta amaren zein haurraren inguruan zerbait gaizki joango denaren beldurrak sorrarazten duen zerbait da hori. Minaren gaia modu desberdinetan landu daitekeen arren, teknika edo metodo ezagunenak Lamaze eta Bradley dira.

Lamaze teknikak, edo psikoprofilaxi ere deritzon teknikak, erditzea prozesu fisiologiko normal eta natural bezala ulertzen du eta emakumeak horretarako aurre-prestatuak daudenaren ideia nagusitzen da. Emakumeek erditzeari beldurrik gabe, eta beraien gorputzetan zein erditzeko beraien gaitasunetan konfiantza izanez aurre egin behar dietela uste da. Metodo honek, erlaxatzeko teknikak (masajean eta euskarria eskaintzen duten objektu edo hitzen bisualizazioetan oinarritzen direnak) erakusten ditu, estresa eta kontrakzioen minaren pertzepzioa gutxitzea ahalbidetuz. Honetan, bikotearen (edo erditze unean lagunduko dion pertsonaren) figura oso garrantzi-tsua da, bere eginkizuna, emakumeari masajeen bidez eta sostengu psikologikoaren bidez laguntzea da, haurraren jaiotza aktiboki elkarbanatuz.

Bradley metodoa, metodorik naturalena da. Erditzean, bikotearen parte-hartze aktiboa azpimarratzen du eta beharrezkoa gertatzen ez den kasuetan, medikazio analgesikoa ez erabiltzea sustatzen du. Helburu horrekin, erlaxatze- eta arnasketa- teknikak erakusten dira, horrela mina kontrolatu ahal izateko.

Hala ere, badira erditzearen prestakuntzarako eta minaren kontrolerako erabiltzen diren teknikak:
- Tenkada edo luzaketak; muskuluen elastizitate eta artikulazioen mugikortasuna eragiten duten ariketak praktikatzea.
- Erlaxazio teknika desberdinak, hala nola, Jacobsonen erlaxazio progresiboak, Sofrologia, Yoga, Meditazioa, Schultzen entrenamendu autogenoa (irudi mentaletan oinarritzen dena)…
- Musikoterapia
- Akupuntura, Akupresioa, Shiatsu…
- Aromaterapia, Kromoterapia…

Honetaz guztiaz gain, sentitzen diren beldurrak taldean elkarbanatzeko esperientzia garrantzitsua da oso. Egoera berdinean dauden beste emakumeekin norberak dituen beldur eta bizipenen inguruan hitz egitea, angustia eta beldurrez askatzeko modurik egokiena da; finean, terapeutikoena. Arruntak izaten dira erditze aurreko taldeak.


HAURRA EZAGUTZEN

Umea izatear nago, eta beldur naiz jaiotzean arrotza egingo ote zaidan, ezezagun bat. 

BEDERATZI HILABETE (batzuetan gutxiago) elkarrekin egon ondoren, amaren erraietatik jaio da haurra eta hala ere, ezezaguna suertatzen da batzuetan… begiratu, berriro begiratu eta imajinatutakotik ezer ere ez… Bakoitzak haurdunaldian zehar (eta batzuetan lehenagotik) irudikatu duen haurra ez da inoiz (edo oso gutxitan) jaiotzen den haurra izaten. Orduan, asimilaziorako denbora bat behar izaten da, haurra ezagutu eta maitatu ahal izateko denbora, alegia. Badaude lehen unetik bertatik, beraien haurraz maitemintzen diren amak. Baina beste askok ezinegona sentitzen dute, izan ere, lehen aldiz besoetan haurra jasotzean, ezezagun bezala sentitzen dute haurra eta hori ongi ez dagoela iruditzen zaie, zerbait gaizki egiten dutela eta horren guztiaren ondorioetan pentsatzen hasten dira. Eta ez da inolako ondoriorik gertatzen. Ama bakoitzak, eta aita bakoi-tzak, amatasuna edo aitatasuna sentitzeko eta jaio den haurra berea dela sentitzeko behar duen denbora desberdina izaten da.    


ATXIKIMENDUA

Nire lanbideak ez dit beste aukerarik ematen, eta bi hilabete eskaseko haurra etxean utzita lanera itzuli behar izan dut. Zer egin dezaket umearekin atxikimendua 
lantzeko? 

ATXIKIMENDUA LEHEN UNETIK, sortzetik bertatik (ba-
tzuek diotenez), doa ezartzen amaren eta haurraren arteko lotura. Erditze osteko hasierako uneak, oso garrantzitsuak dira horretarako.

Lana dela eta banaketa goiztiarra gertatzea ekidin ezin badaiteke eta beraz haurra beste pertsona baten zain-tzapean utzi behar bada, garrantzitsua izango da elkar-tze unean, amak haurrari bere arreta osoa eskaintzea. Hau da, elkarrekin egoteko denborak kalitatezko denbora behar du izan atxikimendua garatzen jarraitzeko.

Denbora horretan, “azala azalarekin” deritzon metodoa egitea oso egokia litzateke. Bestalde, haurrari aldaketa honetara egokitzeko denbora eskaini behar zaio. Arrunta izaten da ama eta haurra elkartzean, haurrak haserrea adieraztea, tristeago egotea… Garrantzitsua da amak haurrari bere sentimenduak balioztatzea, hauek kontuan hartzea eta horien aurrean ez larritzea, erru sentimenduak ez garatzea eta elkarrekin igaro dezaketen denboran, esperientzia konpontzaileak (erreparadoreak) eskaintzea.

Amaren eginbeharra izango da, haurra zaindu behar duen pertsonari sarrera ematea haurraren egunerokotasunean. Hau da, banaketa gertatu aurreko unean, amak zaintzailea “aurkeztu” beharko dio haurrari, hirurak denbora elkarrekin pasa eta azalpenak eman, “lanera joan behar dut eta bitarte horretan, amonak edo aitonak (dena delakoak) zainduko zaitu, gero etorriko naiz”.


DEPRESIOA

Erditze ondoko depresioaz gauza asko entzun ditut. Baina zehazki zer den jakin nahiko nuke. 

LEHENIK ETA BEHIN, garrantzitsua da egoera depresibo ahul bat edo erditze osteko depresioa pairatzearen arteko desberdintasuna egitea. Lehenengoa, erditze ondorengo hirugarren egunaren inguruan agertzen da eta arrunta izaten da. Ama triste sentitu daiteke, negar errazarekin, ziurtasun edo arreta faltarekin. Hala eta guztiz ere, ezerk ez dio galarazten haurraren zaintza bere gain hartzea. Gainera, modu espontaneoan desagertzen da egun batzuk igaro ondoren.

Erditze osteko depresioa, aldiz, larriagoa da, haurra jaio eta lehenengo edo bigarren astean agertzen da eta sintomatologia gogorragoa eta iraunkorragoa da. Sintometako batzuk ondokoak dira; nekea, tristura, angustia, ziurgabetasuna, jateko gogo eza, eta gehiegizko logura edo kontrakoa, insomnioa.

Amak, haurra zaintzeko gaitasun falta sentitzen du eta, gainera, alai eta zoriontsu ez egoteagatik eta haurraren zaintzaren kargu ezin egiteagatik, erru sentimenduak gehitzen zaizkio.

Erditze osteko depresioak atentzio espezializatuaren beharra du, sendagileari edo espezialista (psikologoa adibidez) bati egin behar zaio kontsulta. Bikoteak ondoan egon beharko du, amak egin ezin duenaren ardura hartuz, beti ere behartu gabe baina posible den neurrian, amak haurraren zaintza har dezan bultzatzen.