Pertsona gorren nazioarteko eguna da irailaren 28a.

 

Pertsona gorren nazioarteko eguna da irailaren 28a. Pertsona gorren, gor-mutuen eta entzumen urritasuna dutenen errealitatea ezagutzeko eta haiekin komunikatzeko bideak ezagutzeko abagunea eskaintzen digu iraileko azken asteak.

 

Datorren ikasturtea hastearekin batera, pertsona gorrengana, gor-mutuengana eta entzumen urritasuna duten pertsonengana gerturatzeko aitzakia ekarriko digu egutegiak: irailaren 28a Gorren Nazioarteko Eguna baita. Bada nahikoa arrazoi pertsona gorren eta entzumen urritasuna duten pertsonen errealitatea ezagutzeko.

Berariazko hainbat baliabide daude gorren eta entzumen urritasuna duten pertsonen eta ez dutenen arteko zubi-lana egiteko, zeinu-hizkuntza, inplante koklearrak eta audifonoak, kasurako. Zeinu-hizkuntzaren kasuan, alabaina, komunikazioa egon dadin, pertsona gorrak ez ezik ingurukoek ere zeinu-hizkuntza jakin behar dute. Pertsona gorrek eta gor-mutuek erabiltzen duten hizkuntza hori ahozkoarekiko independentea den hizkuntza beregaina da.

Euskal Gorrak Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioaren arabera, komenigarria da ikastetxeetan gorreriaz eta entzumen urritasunaz gehiago mintzatzea: zer den pertsona gor bat ezagutzea, eduki ditzakeen oztopoen berri izatea, sentsibilizatzea eta herritar guztiek eta hezkuntza komunitate osoak oinarrizko hainbat zeinu ikastea mesedegarria izango litzatekeela uste dute: “Garrantzitsua da gizarteak ulertzea gorreria zer den, eta eragiten dituen komunikazio-oztopoak saihesteko edo arintzeko estrategia ezberdinen berri izatea”. Gorreria arloan ere hainbat maila daude, galera eta gradu ezberdinak baitaude, eta gor guztiek ez dute zeinu-hizkuntza erabiltzen komunikatzeko tresna gisa. “Kolektiboaren zati handi batek erabiltzen du, baina galera baxuagoak dituztenak edo audiofonoekin ondo moldatzen direnak ere badaude. Ez da berdina zeinu-hizkuntza erabiltzen duen pertsona batekin komunikatzen saiatzea edo erdi mailako galera bat daukan pertsona batekin komunikatzea. Batzuekiko zein besteekiko estrategiak ezberdinak dira, eta horregatik,  garrantzitsua da dauden aukerak ezagutzea”. 

Ume gor baten beharrei erantzun ahal izateko, ulertu behar da, gorrak, mutuak eta gor-mutuak ez direla gauza bera. “Gorren mundua ezagutzen ez duen batek horrelako nahastea izatea ulergarria da; baina ez dira nahastu behar. Ez dutenez entzuten, jende askok uste du gorrak mutuak direla; baina gorrek hitz egin dezakete, hotsak atera ditzakete. Entzumen galera oso txikia edo ertaina dutenek, edo audiofonoarekin ondo moldatzen direnek eta baita beste pertsona gor batzuek ere hitz egiten dute, eta gainontzekoek ulertzen diete; badaude beste batzuk hitz egiteko gai direnak, baina gainontzekoak ez direnak gai haiei ulertzeko, tonua gaizki erabiltzen dutelako edo ez dutelako ondo ahoskatzen”.

 

Euskal zeinu-hizkuntza propiorik gabe


Munduan hainbat zeinu-hizkuntza daude, eta tokian toki zeinu-hizkuntza bakoitzak bere konfigurazioa, bere gramatika eta bere egitura ditu. Euskal Herriko pertsona gorrek gaztelaniazko zeinu-hizkuntza edo frantseseko zeinu-hizkuntza erabiltzen dute. Hala deitzen zaie, baina hizkuntza horiek ez dute zerikusirik ahozko gaztelaniarekin eta ahozko frantsesarekin. Euskal Herriak ez du euskarazko zeinu hizkuntza propiorik. 

Bizipoza elkarteak gorreriara eta entzumen urritasuna duten pertsonen errealitatera gerturatzeko hainbat jarduera ditu Bizipoza eskolan, Ulertuz Bizkaiko Haur Gorren Familia eta Lagunen Elkartea Bizipozako kide baita. Euskarazko hainbat kanturen zeinu-hizkuntzako bideoklipak ere biltzen ditu.

 

Iraileko azken astea, gorrentzat

Iraileko azken igandean ospatu izan da Pertsona Gorren Nazioarteko Eguna, 1951n Pertsona Gorren Munduko Federazioaren lehen Batzarra egin zenetik. Data bat finkatze aldera, herrialde batzuek irailaren 28ari heldu diote, eta beste batzuek 29ari. Finean, iraileko azken astea keinu hizkuntzara eta pertsona gorren, gor-mutuen eta entzumen urritasuna dutenengana bereziki gerturatzeko astea da nazioartean.

 

Zer da zer? Inplanteak eta audifonoak

  • Inplante koklearra ezer entzuten ez duten urtebete inguruko haurrei jartzen zaie, horien barne-belarriak ez baitu entzuteko moduan funtzionatzen. Pertsona entzuleen kasuan, soinu baten aurrean tinpanoak bibratu egiten du, eta erdi-belarriko hezurrek bibratu egiten dute; horrek, bibrazioa kokleara bidaltzen du, eta entzumen-nerbioan zehar doaz garuneraino, seinale elektriko bihurtuta. Inplantea duten pertsonen kasuan, erdi-belarriak ez du funtzionatzen, hortaz, inplanteak bere funtzioa ordezkatzen du, soinua seinale elektriko bihurtuta. Hala ere, inplantea duen pertsonak ez du pertsona entzuleak bezala entzuten, deskodetze-prozesua ez baita berdina.
     
  • Audifonoek mikrofono moduan funtzionatzen dute. Faktore asko kontuan hartuta, bolumena igo egiten dute, entzumen-nerbioaren bidez bidaltzen diren seinaleak indartsuagoak izan daitezen. Audifonoak belarriaren atzealdean kokatzen dira eta aurikular txiki bat belarrian sartzen da. Ez dute kirurgiarik behar.