Ezin da. Jendeak ezin du, jendeak ezin du gehiago. Jone Miren Hernandez antropologoaren hitzak dira. Baina jende askoren oihua da, batik bat, oraino, ama askorena, baina baita aitena ere, eta amonena eta aitonena, eta herritarrena oro har. “Zain-tza elementu potentea da jende asko eta askoren bizitzetan, baina, era berean, ezkutuan dagoen gaia da, oso pisu txikia du sozialki eta politikoki”.
Gurean, gaur eta hemen, agenda politikotik kanpo dago zaintzaren gaia, agenda politikotik kanpo ezarri delako, hala erabaki delako, kontu pribatua izan dadin erabaki dutelako. “Zaintzari begira egin den politika ezer ez egitea izan da, eta hori ere politika bat da. Emakumeen esku utzi da zaintza-lana, eta hori ere erabaki politiko bat da”, dio Hernandezek zenbaki honetako elkarrizketa nagusian. “Errua sistemarena da, errua boterearena da”, jarraitzen du.
Orain, sistema eta boterea aldatu daitezke. Zaintza eraman daiteke agenda politikoaren erdigunera —beste gai batzuk eraman izan diren bezalaxe—, bizitza bizigarriagoak posible dira. Islandiak erakutsi du baietz, posible dela; baita Norvegiak ere. Mundu mailan erreferente dira bi lurralde horiek bizi duten berdintasun- eta kontziliazio-mailagatik —andreek lan eta aginte-guneetan duten presentziagatik; gizonezkoek zaintzan duten parte-har-tzeagatik; haurren jaiotze-tasagatik...—. Baina eredu dira, baita ere, gaur egungo egoera erdiesteko egin dituzten urratsengatik: kalean, oinarriaren presioak, borrokak, emakumeen jarrerak, gizonen inplikazioak ekarri du berdintasuna eta kontziliazioa Iparraldeko herrialdeetara. Hain justu, antropologoak puntu horri ematen dio garrantzia elkarrizketan: “Beti jartzen ditugu adibide berberak, Finlandia, Norvegia... Eta imajinatzen dut han ere momentu historiko batean gai hau eztabaida politikorako gaia izango zela, dauden puntura iritsi baldin badira, debatea egon delako eta erabakiak hartu direlako izan behar du... eta hemen isildu egiten da“.
Gai nagusian Islandia eta Norvegiak kontziliazio- eta berdintasun-bidean egin dituzten urratsak ezagutzeko aukera izan dugu. “Protestei esker, oinarriaren presioei esker, eraiki da Islandian eredu sozial berdinzale bat”; Tryggvi Hallgrimssonen hitzak dira, Reykjavikeko Genero Berdintasunerako Zentroko aholkulariarenak. Islandian kontziliazioa eraiki egin dela azaldu du gai nagusian, exijitu egin dela, oinarriak presio egin duela, emakumeek planto egin zutela, “kalean lortu da kontziliazioa bultzatzea”.
Iparraldea eredu izan da egin duen borrokagatik. Eredu da gaur bizi duen berdintasun mailagatik. Ez da paradisurik, baina, ereiten ari da bihar gertuago egon dadin, eskolan —hezkuntza da Norvegiarentzat zaintzari garrantzia emanaz berdintasunean hezteko giltzarrietako bat— eta etxean —gurasoen arteko ardura berdintasuna ikusiz— eragiten ari dira desberdinkeria erreproduzitu ez dadin; hemen ez bezala.