Nora Salbotx Alegria | Amaiurko eskolan maistra eta hikhasitarra
Irakaskuntza-eskola ezinezko bilakatu da dagoeneko, ezinezko, ikasleak aldatu egin direlako, testuliburu zaharrak pentsaezinak direlako eskola garaikidean”.
Hondar aldiko hezkuntza artikuluren bateko ideia irudituko zitzaizun hori duela 109 urte eman zuen Nadezhda Krupskaiak, orduko hezkuntzaren zutabe guztiak lehertzera ere bazetorren iraultza sozialistaren abaroan. Bera izan zen hezkuntza sobietar berriaren arduradunetako bat, hezkuntza utopia berri bat martxan jartzeko arduradun. Geroztik zenbat bider ez ote zen eskribituko eskola tradizionalak, zaharrak, kapitalaren eta pribilegiatuen interesak babesten dituela gauza guztien gainetik?
Gaurko begiradatik, klase terminoetan emandako salaketa horrek erabateko gaurkotasuna duela erakusten diguten hainbat aldagai badira. Batetik, produktibismo patriarkal kapitalistaren interesen logikan eraikitako eta, pixkanaka, eskola giza datuen estraktibismorako tresna bilakatzera doazen erreforma saldoa dugu. Gaurko kapitalismo digitalean alienazioa bizitzak ekoizkin bilakatzetik dator. Diziplinatze patriarkal neoliberala helburu duen hezkuntza sistema bati aitzin egin beharrean gaude ondorioz; gorputzak nahi ditu neoliberalismoak, gorputzak behar ditu patriarkatuak.
Bertzetik, eta hain zuzen ere horrexegatik, zaintzaren pedagogiarik ez dago curriculumetan, kolapso sistemikoak ekarritako pandemia baten ondorenean ere ez. Mantenuko produkzioa (bizitza sostengatzen duen hori) ez dute haiek, agintariek, kolektibizatuko, beraz, herriari, zapalduoi, hezkuntza komunitatearen baitan ere, dagokigu horren politizazioa eta praxia ikasgeletara eramatea, hori baita gaur egun hezkuntzatik egin dezakegun ekintza antipatriarkal eta antikapitalistenetako bat.
Krupskaiak iruten, trikotatzen, liburuak zein landareak zaintzen, botikak egiten, ekoizpen- -tresnak maneiatzen eta haurrak bizitzatik eta jendearengandik bereizten ez zituen hezkuntza baten alde egiten zuen. Lan fisikoa eta lan mentalaren batasunak lehena intelektualizatzen eta bigarrena gorpuzten zuela zioen pedagogo errusiarrak, gizarte banaketa eta desberdinkeria suntsitzen laguntzen zuela, nobleak eta plebeioak lan motaren arabera banatzen baitziren.
Munduko zapalduon perspektiba emantzipatzailetik “testuliburu zaharrak” eraisteko aukera berri bat dugu hasi berri den ikasturte honetan, badugu geure buruei galdetzea, hasteko, nor ote diren gaur nobleak eta nor plebeioak. Eman horri!