Zer da familia? Zeinek osatzen dute familia bat? Zein da familia ‘normal’ bat? Usu, norbere esperientziatik abiatzen gara galdera horien erantzun bila. Ihardespenak beraz, hamaika izan daitezke. Bakoitzak bere familia-esperientzia baitu —eta badira, izan, familiarik ez dutenak ere—.

Familiez aritu gara 11. Hazi Hezi honetan; ezin baita familiari buruz singularrean hitz egin, ez gaur eta ez lehen, Marta Luxan soziologoak gogorarazten digunez. Sorreratik, zenbaki guztietan izan dute isla sendi-eredu anitzek Hazi Hezin, guraso bakarrekoek, sexu bereko gurasodunek, adopzio edo harrera bidez osatuek... kalean, eskolan, gizartean duten adina presentzia izan zezaten orrialde hauetan. Onarpena eta ikusgarritasuna irabazi du familiaren adiera zabalak, baina oraino bada zereginik.

Kultur munduko bost pertsonaia ezagunen familiak ezagutu ditugu, jatorri desberdineko gurasoek osatua, odoletik haragoko egiturak, guraso bakarreko familia, sexu bereko gurasoak… Oztopo administratiboak, hezkuntzari loturikoak (odolezko aita-ama-seme-alabak egituradun testu-liburuak, etxerako lanak...), medikuntzaren ingurukoak… aipatu dituzte. Indar gehiagoz edo gutxiagoz, adorez egiten diete aurre traba horiei. Baina badira, egunerokoan, mina eta beldurra eragiten duten ezten txikiagoak: jendearen iruzkinak; “hau ez da zuen alaba!”.

Bada zereginik. Badugu zereginik.

Familia-eredu anitzek, izan guraso bakarrekoek, sexu berekoek... gurasotasun-eredua pluralizatzea ekarri dute. Barruko bi elkarrizketetan ere, Mari Luz Esteban antropologoari eta Raquel Royo soziologoari eginikoetan, zuzenki eta zeharka, tradizionalak izan diren rolez hausnartzera eraman gaituzte. Bi atalen abiapuntua desberdina bazen ere, ezarritako rolek emakumeei eragiten dizkieten exijentziak eta erruntasun-sentimenduak aipatu dituzte biek, besteak beste: “Ama bati oraindik ere, aita bati eskatzen ez zaiona eskatzen zaio”, dio Estebanek; honakoa Royok: “Gizon batek eta andre batek pentsa dezakete maila berdinean daudela, baina familia bat osatzean sistema publikoak esaten die andreak direla zaintzaz arduratu behar direnak; gizonezkoei aitatasuna ukatzen die”.

Badugu zereginik.