Hedoi Etxarte | Idazlea

2023ko urriaren hondarrean Hazi Hezi aldizkariko Ainara Gorostitzuk idatzi zidan lerro hauek idazteko proposatuz. Bi urte lehenago argitaratu nuen Sortaldekoak eta Gorostitzuk esan zidan arreta handia eman ziola heriotzak eta jaiotzak nola konbibitzen duten etengabe liburuan. Eposta hura jaso baino bi egun lehenago Arrasateko Iratin nengoen Eneko Barberenak gonbidatuta liburuko olerki batzuk irakurtzen eta Enekok egin zidan galdera bat baliatuko dut hemen: zergatik hautatu ote nituen hautatu nituen gaiak liburua osatzeko (jaiotzera iristen ez den haurra, aitaren ospitaleratzea, huts egin duten maitasuna eta desirak, amonaren haurtzaroa, aitonaren ofizioa, alaba lokartzea).

Gaualdi hartan erantzun bat eman nuen, orain beste zerbait gehituko nioke. Literatura egiteko formak behar ditugu. Forma niretzat, poesiaren kasuan, ahotsa da funtsean: nondik hitz egingo duzun, norekin eta nola. Eta formaz gain gaiak daude. Nire kasuan, poema liburu berri bakoitza egingo nukeen lehena balitz bezala idatzi nahi dudanez, forma eta gaia asmatu behar ditut aldiro. Sortaldekoak idazteko genealogia literario bat osatu nuen XIX. mende hasieran Emily Dickinsonekin hasi, XX.ean Edna Vincent St. Millayrekin segi eta XXI.ean Sharon Olds edota Louise Glückekin jarraitzen duena. Poeta horiek txunditu ninduten, haiek nirera ekarri nahi nituen eta, beraz, Sharon Oldsek Miscarriage (1983), To Our Miscarried one, Age Thirty Now (2018) eta Aria to Our Miscarried one, Age 50 Now (2019) poemetan bezala, nik neuk ere idatzi nuen gertatu zitzaidan egunean bertan: hiru hilabetera iristeko egun batzuk falta zirenean nire bikotekideak abortu espontaneo bat izan zuen.

Arrasateko errezitalditik bueltan, ordea, konturatu nintzen, ez ote nituen poema hauek guztiak idatzi ez soilik testamentu gisa, baizik eta gure alaba zaharrak Arrasateko errezitaldian ikus zitzan, behin behintzat, bere amonaren lehengusinak, urruneko senide ginelako errezitaldira gerturatu ziren errekaldetar haiek. Biharamuneko senide horien mezuetako batek garbi adierazi zidan: senideetako bat, poemak jarraitzen ari zen bere buruan.

Orduan gogoratu nituen Lander Garro idazleak behin esan zidana: “hobe da dakizuna zorroztuz idaztea, ezagutzen duzunaz aritzea eta ez boxeolari poloniar bati buruz ez diozunean inori inoiz ukabilkadarik jo, ez dizunean inork sudurra apurtu”. Dakigunaz eta jakin nahi dugunaz idaztea izan zen Sortaldekoak idaztea eta, argitaratutakoan, eustea.