Hezkuntza politizatzearen beharrari buruz aritu dira hainbat aditu esku artean duzun Hik Hasi aldizkariaren gai nagusian.
Euskararen arazoa nazio arazoa dela dio Joxe Azurmendi zenak zenbaki honetako esaldian. Heldu diezaiogun bada, euskarari, nazioaren begiradatik, sareen, lurraldeen eta administrazioen gainetik. Eta heldu diezaiegun euskararekin batera, geure nortasunari eta geure kulturari.
Hezkuntza politizatzearen beharrari buruz aritu dira hainbat aditu esku artean duzun Hik Hasi aldizkariaren gai nagusian. Euskal kultura eta Euskal Herriko ikuspuntua bermatuko dituen hezkuntza nola antolatu pentsatzeko gakoak aurkituko dituzue bertan. Ikastetxeetako alderdi teknikoetan, korronte pedagogikoetan, burokrazian… arreta jarri eta, horrek berebiziko garrantzia izanik ere, kezka dugu, ez ote garen ari oinarri-oinarrizkoa dena alde batera uzten. Geure nortasuna eta geure izatea bera ez ote diren ari eskolaz kanpora gelditzen, eskolaz kanpo ere haientzat gero eta toki gutxiago dagoenean.
Politika eta gainerako arloak ez nahasteko eskaera ez da gaurkoa, baina ez da politikak zipriztintzen ez duen bazterrik eta, hezkuntza, heziketa eta haziera ere, bete-betean harrapatzen ditu. Hezkuntzak politikoki eragitea dugu helburu, bestela ez bailitzateke gizartea eta mundua aldatzeko tresna izango guretzat. Nolako gizartea, nolako mundua eta, gurera etorrita, nolako Euskal Herria nahi dugun pentsatu beharko genuke, hezkuntzatik eragiteko. Euskara, geure kultura, geure nortasuna… badugu nondik hasi. Egin diezaiogun tokia euskal curriculumari eta izan dadila euskara ikasgeletan, irakasleen geletan, pasilloetan zein jolastokietan entzuten den hizkuntza nagusia; bultza ditzagun euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna eta zaletasuna. Euskararen arazoa nazio arazoa dela dio Joxe Azurmendi zenak zenbaki honetako esaldian. Heldu diezaiogun bada, euskarari, nazioaren begiradatik, sareen, lurraldeen eta administrazioen gainetik. Eta heldu diezaiegun euskararekin batera, geure nortasunari eta geure kulturari. “Kontzientzia politikoa eta identitarioa behar ditugu euskaldun identitate honetan bizirauteko”, dio Idurre Alonso HUHEZIko irakasleak gai nagusian. Naziogintzan politika geletara eraman behar dela dio, berriz, Ane Ablanedo irakasle eta heziketa berritzaileetan eta alternatiboetan adituak: “Zapalkuntza kulturalaz hitz egin bai, baina zapalkuntza nazionalaren berri ere transmititu behar zaie ikasleei”.
Ikasturtea hasi berri den honetan, bederatzi hilabete ditugu aurretik eta ekin diezaiogun ba, geuretik. Konplexurik gabe, harrokeriarik gabe, baina harrotasunez, garena balioan jartzeko eta geurea aldarrikatzeko unea da.