Antropologiaren eta biologiaren ikuspegitik erditzeak nola eboluzionatu duen ikertu daitekeen arren, ez da hain erraza alderdi sozialari eta kulturalari dagokionez garapena nolakoa izan den jakitea, jarduera horiek ez baitira fosilizatu. Hala ere, Idoia Goikoetxea antropologoak dioenez, badira erditzearekin loturiko zenbait jokabide kultural giza-talde guztietan errepikatzen direnak, hala nola, erdi-urren dauden emakumeek mugitzeko aukera izatea, erditzeko postura bertikalak, emaginen edo familiako emakumeen laguntza, edoskitzea eta ohean haurrarekin batera lo egitea, behintzat lehen urtean.
Jokabide horiek zientifikoki probatuko dituen aztarnarik ez badago ere, antropologoak esplikatu bezala, Goi Paleolitoan hasita (orain dela 40.000-10.000 urte), erditzearen inguruko zenbait adierazpen piktoriko, tailla, eskultura-irudi edota erliebe aurkitu dira. “Europa osoan zehar garai horretako zenbait irudi topatu dira, harrian taillatuak eta bertan emakume biluziak ageri dira triangelu pubikoa nabarmenduta dutela edo bulba handiekin. Frantziako Madeleine des Albis-en adibidez, erdi-etzanda dauden emakume biluzien gorputz osoa ageri duten irudiak aurkitu dira, zenbait autoreren arabera erditzen ari diren emakumeen erakusle”.
Goikoetxearen hitzetan, Neolito garaian ere nahiko arruntak dira erditzen ari diren emakumeen errepresentazioak: deigarrienetako bat orain dela 6.000 urtekoa da, Çatal Hüyük santutegian aurkitua. Bertan emakume bat ageri da, tronan eserita, bi felidoren gainean besoak apoiatuta dituela eta hankartean umearen burua ageri zaiola. “Trona hori erditzeko sila izan zitekeela diote zenbait autorek eta garai hartan, han eta hemen, erditzera bideratutako santutegiak egon zitezkeela diote beste zenbaitek”.
Egipto, Grezia nahiz Erromaren garaietakoak ere irudi dezente aurkitu dira. Horietako zenbaitetan, erdi-
tzera doan emakumea ez ezik, hari laguntzen ari zaizkion beste hainbat emakume ere ageri ohi dira. Postura berriz, guztietan bertikala edo erdi-bertikala da: “Kokoriko, lau-hankatan, aulki berezi batzuetan eserita edota zutik ageri dira, baina inoiz ere ez horizontalean etzanda”.
Erdi-Aroan artean emakumeen esku zegoela erditzea nabarmentzen du antropologoak. Belaunaldiz belaunaldi emaginak euren aurrekoen jakintzatik ikasi eta hura ondorengoei irakasten joan ziren. “Inkisizio garaiko sorgin-ehizarekin, ordea, kontuak aldatzen hasi ziren. Izan ere, sorgintzat jo ziren asko jakintza eta esperientzia handiko emaginak ziren, eta beraz, garai batetik zetorren jakinduria akabatuz joan zen”.
Goikoetxeak azaldu bezala, XVII eta XVIII. mendeetako medikuntza modernoaren ondorioz ere, emakumeak erditzeetan protagonismoa galduz joan ziren: “Medikuak erditzeetan sartzen joan ahala, emakumeei espazioa kendu zieten, haien erosotasunerako emakumeak etzanarazi ziren, naturak eta grabitatearen legeak hobesten duen postura bertikalaren ordez, horizontalean jarriz. Eta gutxika erditzeak medikalizatu eta ospitalera eraman dira”.