Gero eta gehiago ari dira ugaritzen dislexia, diskalkulia edota garapen nahasmenduei lotutako diagnostikoak.
Gero eta gehiago ari dira ugaritzen dislexia, diskalkulia edota garapen nahasmenduei lotutako diagnostikoak, eta horiek murrizteko giltza prebentzioa dela dio Jordi Catalan, haurren neurogarapenean espezializatutako medikuak.
Diagnostikoak eginda eta haurrei etiketak jarrita lasaiago gelditzen garela, baina horra iritsi aurretik ikusten ditugun seinaleei erreparatuz gero, zailtasun eta arazo asko saihestu daitezkeela dio Jordi Catalan medikuak. Haurren neurogarapenean espezialista da Catalan, eta sintomatologiaz harago joateko, arazoen oinarrira jotzeko eta prebentzioaren kultura sustatzeko deia egiten du.
Datuek diotenez, gero eta haur gehiagok dituzte ikasteko zailtasunak, eta hori, beharbada, irakasleek halako egoerei arreta handiagoa eskaintzen dietelako gertatzen dela uste du Catalanek: “Ikasketa prozesuan zailtasunak dituen ume batek patologia bat izan behar duela pentsatzen dugu, berehala; diagnostikoa egiten da, etiketa bat jartzen zaio eta modu horretan denok lasaiago gelditzen gara. Etiketa ofizialak daude: arreta gabezia eta hiperaktibitatea, espektro autistaren nahastea, dislexia, asperger sindromea… Baina nik uste dut umeak patologia hori izatera bultza dezaketen zailtasunak zein diren begiratu beharko genukeela. Dislexia sintomak dituen haur baten kasuan, adibidez, sintomak lehenago ikusten hasten baldin badira ere, haurrek 7-8 urte izan arte itxoiten da diagnostikoa adin horretan egin litekeelako. Baina, berez, lehen sintoma horiek esku-hartzea egiteko moduko seinaleak dira, eta orduan lantzen has gaitezke, guztia konplikatu ez dadin eta ez gaitezen dislexia egoera batera iritsi”.
Zailtasuna patologia izatera iritsi ez dadin, prebentzioa ezinbestekoa dela uste du Catalanek: “Agian, ikasle horrek dislexia izango du, baina hasieratik lantzen baldin badugu eta baldintza egokiak jartzen baldin baditugu, asko aurreratuko dugu”. Medikuaren hitzetan, batzuetan sintomei begiratuz soilik egiten da diagnostikoa, baina hori baino konplexuagoa da dena: “Zailtasun horiek marko batean kokatzeak lasaitu egiten gaitu, eta batzuetan haurrari dislexia diagnostikatzen zaio b eta d edo p eta q letrak nahasten dituelako, edo espektro autistaren nahasmendua duela esaten da umeak begietara begiratzen ez duelako”.
Motrizitatean zailtasunak, atzerapenak edota koordinazio arazoak baldin badaude, berreziketa lana egiteaz gain, haurrari jarraipena egin behar zaio, arrisku egoeran dagoelako
Jordi Catalan, Haurren neurogarapenean espezializatutako medikua
Motrizitatea, lehenik
Sintomei soilik begiratuz eta etiketak jarrita, ordea, haurrari ez diogu inolako mesederik egiten, are gutxiago arreta goiztiarrik ez baldin badago. Lehen sintomak mugimenduarekin lotutakoak izaten direla dio Catalanek: “Garapen nahasmenduetan, motrizitateari begiratuta has gaitezke arriskurako aukerak ikusten. Motrizitatean zailtasunak, atzerapenak edota koordinazio arazoak baldin badaude, berreziketa lana egiteaz gain, haurrari jarraipena egin behar zaio, arrisku egoeran dagoelako. Motrizitate larria da garatzen lehena eta hortik abiatuta motrizitate fina garatzen da: begien mugimendua, ahoaren mugimendua, ahoskera eta grafomotrizitatea hor kokatzen dira. Motrizitate larrian arazoak baldin badaude, motrizitate finean eragin dezakete; mugimendu larrietan ikus daiteke umea traketsa dela eta, beraz, mugimendu larria landu behar da ondoren mugimendu finak fintzen joan dadin. Eta gauza bera gertatuko litzateke logopediarekin eta eskuetako abileziarekin; disgrafiak dituzten haurren kasuak begiratuz gero, ziur mugimendu larria ez dagoela ongi egituratuta. Haur Hezkuntzan katamar ibiltzen ez diren haurrak, ipurdiarekin ibiltzen direnak edo traketsak direnak begiratu behar ditugu, hori guztia arrisku egoera baten abisua delako”.
Baina, noiz jo beharko genuke espezialistarengana? Hainbat pista ematen ditu Catalanek: “Zalantza sortzen digun zerbait ikusi bezain laster joan beharko genuke. Mugimenduari erreparatu behar diogu lehenik: ea koordinazio zailtasunak dauden, ea umea traketsa den… Txikia denean arretari eusteko zailtasunak ikusten baldin baditugu, bakarrik jolasten ez baldin badaki, ikaskideekin guztiz ona den harremanik ez baldin badu edota hizketan atzerapena baldin badu, neurogarapenean adituak diren profesionalengana jo beharko genuke, pediatrek orokorrean ez baitute neurogarapenari buruzko formaziorik izaten”. Maiz beldurra izaten dugula dio, haurrari zerbait txarra diagnostikatuko diotela pentsatzen dugula eta aurrerago joatea erabakitzen dugula, pasako dela pentsatzen dugula… Baina arazoari hasieratik heltzearen garrantzia nabarmendu du.
Beti bilatu behar dira alternatibak, zeren batzuetan arreta gabezia du, baina ez baduzu begiratzen adi egotea zer faktorek galarazten dioten, ikusiko duzun bakarra da haurrak ez duela kasurik egiten
Jordi Catalan, Haurren neurogarapenean espezializatutako medikua
Botiken arriskua
Diagnostiko horietako batzuek medikazioarekin amaitzen dute, normalean oso gogorrak diren botikak izaten dira eta umeengan eragin handia izaten dute. Horrek dakarren arazoa ikaragarria dela dio medikuak: “Botiken prospektuetan jartzen duenez, botika horiek gehienez bi urterako izaten dira, baina hori ez da sekula betetzen eta ume batzuk botiken mendeko bihurtzen dira”. Hainbat kasutan saihetsezina den arren, medikazioari hasieratik heltzea ez da bide egokia Catalanen iritziz: “Beti bilatu behar dira alternatibak, zeren batzuetan arreta gabezia du, baina ez baldin baduzu begiratzen adi egotea zer faktorek galarazten dioten, ikusiko duzun bakarra da haurrak ez duela kasurik egiten. Batzuetan, horren atzean entzumenari dagozkion faktoreak daude. Ume horiek ikasgelan daudenean ez dute ongi entzuten eta ez dira jabetzen irakaslea esaten ari denaz”. Eta badira arretari eusteko zailtasunak areagotzen dituzten beste faktore batzuk ere: ikasketa prozesuan zehar metodologia bera jarraitu ez duten haurren kasua izan daiteke —eskola aldatu dutelako, esaterako—, edo kanpotik datozenen kasua, ez dutelako bertako hizkuntza ezagutzen. Eta badira oso sortzaileak diren umeak ere, gelan aspertzen direnez, haien munduan murgiltzen direnak: “Ume batek esan zidan behin, matematika klaseetan zegoenean agente sekretu bihurtzen zela eta kasuak ebazten zituela irudikatzen zuela. Ume horrek ez zuen arreta gabezia arazorik, baina hobeto pasatzen zuen gauzak irudikatuz irakaslearen azalpenak jarraituz baino. Ingurukoek arreta gabezia zuela esaten zuten eta egia da, ez zegoen adi, baina horren jatorria ez zen garunean dopamina falta zuela, interes falta zuela baizik”.
Zailtasun fisikoak aintzat hartu behar diren moduan hartu behar da kontuan alderdi emozionala ere. Hauxe Catalanen azalpena: “Garunak bi hemisferio ditu eta hemisferio bakoitzak funtzio jakin batzuen ardura du. Sistema emozionalaren egitura ezegonkorra baldin bada, interferentzia elektromagnetikoak sor ditzake hemisferio baten eta bestearen arteko informazio trukaketan. Bullying kasu bat jasaten ari den umeak, adibidez, arreta handiagoa eskaintzen dio besteek esaten diotenari edo gaur gertatuko zaionari, irakaslea azaltzen ari denari baino. Bere burua babesteko alerta egoeran dago eta horrek eragin handia izango du bere arreta mailan. Gurasoen banatze kasuak, erasoak, bortxa… ere hor egon daitezke. Ikasketa prozesuan modu egokian sartzeko, ikasleak egonkortasun emozionala izan behar du, gutxieneko oreka behar du”.