Julene Armendariz, Pedagogo perinatala.

 

Gutxi hitz egin da osasun mental perinatalari buruz. Eta behin hitz egiten hasita, badira gakoak diren bi hitz: prebentzioa eta tribua. Prebentzioa egitea eta bikoteaz haragoko zaintza sarea jostea beharrezkoa dela dio Julene Armendariz pedagogo perinatalak.

 

Haurdunei eta haziera taldeei gertutik laguntzen aritzen da Julene Armendariz (Hernani, 1983). Haurdun eta erdiondoan dauden emakumeen osasun mentalari buruz ez da asko hitz egiten eta amen egoera emozionalari buruz galdetzeak duen garrantzia azpimarratu du Armendarizek. Umearen zaintzaren erantzukizuna partekatua izatea eta bikotea proaktiboa izatea berebizikoa dela dio. Eta bikoteaz harago, zaintza sare indartsua behar dela ume bat hazteko. Prebentzioa da, Armendarizen hitzetan, haurdunaldian eta ondoren izan daitezkeen arazoei aurre egiteko tresnarik indartsuena.

 

Haurdunaldia zorionarekin lotzeko joera izaten dugu, baina dena ez da beti poza izaten. Amaren gorputzean aldaketa ugari izaten dira eta emozionalki ere gorabeheratsu egoten gara.

Osotasun bat gara eta poza bizitzen dugun moduan beldurrak biziko ditugu, eta, une batez, tristurak ere bai dolu batean sartzen garelako; jada ez gara izango ordura arte izan garen hori, ama ez izatetik ama izatera pasako gara eta horrek geure nortasunean eta gorputz fisikoan aldaketak ekarriko ditu; dolua ere ekar dezake. Bikote harremana aldatu egingo da, eta egoera zein tentsio berriak azaleratuko dira.

 

Gorputzari erreparatzen diogu; azterketa medikuak, umea egoki hazten eta garatzen ari ote den ikusteko probak… Baina non gelditzen da amaren burua, non gelditzen dira emozioak? Zergatik ez dago berariazko arreta psikologikorik edo emozionalik amentzat?

Ziur aski ez dugulako ulertzen haurdunaldiak emakume bati zer suposatzen dion. Aldaketa fisikoa izugarria da eta hori zaintzea eta artatzea garrantzitsua da, baina ez gara kontziente emakume baten garunean zer-nolako aldaketa suposatzen duen eta horrek zer-nolako zaurgarritasun planora eramaten duen. Amaren batek amazaroa deitu zion madrescencia delakoari eta oso ongi irudikatzen du emakumea ama ez izatetik ama izatera pasatzeko bidea, nerabezaroan egiten den trantsizioaren antzekoa. Iraultza handia gertatzen da garunean eta horrek ama oso zaurgarri, oso sentikor, oso bigun bihurtzen du. Egoera emozionalak asko anplifikatzen dira. Eta oso garrantzitsua da profesionalen aldetik hori guztia zaintzea; amari galdetzea zer moduz dagoen, guztia nola eramaten ari den, lo nola egiten ari den, zer bizipen izaten ari den, zer pentsamendu dituen…

 


Haurdunaldian egoera emozionalak asko anplifikatzen dira. Eta oso garrantzitsua da profesionalen aldetik hori guztia zaintzea; amari galdetzea zer moduz dagoen, guztia nola eramaten ari den, lo nola egiten ari den, zer bizipen izaten ari den, zer pentsamendu dituen…


 

Osasun mentalari dagokionez, zer-nolako arazoak sortzen zaizkio amari haurdunaldian zein ondorenean? Zein dira ohikoenak? Erditze osteko depresioa da ezagunena, beharbada, baina beldurrak, kezkak, hortik eratortzen diren antsietate kasuak ere badira.

Erdiondoko depresioa muturreko egoera da, baina horra iritsi arte badago etiketatu gabeko espektro handi bat. Adibidez: beldur intrusiboak daude. Emakumeak, erditu ondoren etxera iristen denean, testuinguruaren arabera, duen sarearen arabera edota sentitzen duen bakardade mailaren arabera, beldur horiek senti ditzake. Amek taldeetan asko hitz egiten dute horri buruz: adibidez, balkoira umearekin atera eta pentsatzen dute barandatik beste aldera eroriko zaiela. Emakumeak oso irrealak diren gauzak pentsa ditzake, baina bere gorputzean oso errealak dira.

Erdiondoan ohikoak dira antsietatea eta erruduntasun sentsazioa. Errua senti dezake agian ez duelako nahiko lukeen erditzea izan edo ez duelako zorrotz betetzen familian nolabait ezarrita dagoen ama izateko modua, ez delako bikotearengana iristen… Eta kezkak ere ohikoak izaten dira: umea osasunez ongi ote dagoen edo pisua egoki hartzen ari ote den, esate baterako.

Erdiondoko depresioa duten emakumeei buruzko datuak badira, baina beste guztia ez da kuantifikatzen eta bakoitza etxean gelditzen da bere bakardadean. Erditu ondoren ginekologoarekin edo emaginarekin bisitaren bat edo beste izaten dugu eta nik uste dut pediatrak amaren alderdi emozionalaren behaketa egin beharko lukeela, gerora ere. Pediatrak formatu behar ditugu, behin berrogeialdia pasata ama osasun zentrora joaten denean pediatrarengana doalako, hark umea artatu dezan. Eta garrantzitsua da pediatrak amari begiratzen eta amari nola dagoen galdetzen jakitea. Ibone Olzak eta haren taldekoek garbi esaten dute pediatrek amen osasun mentalean formatu behar dutela.

 

 

Eta interesgarria izango litzateke erdiondoan emaginekin aurreikusita dauden kontsulta horiek ere denboran luzatzea.

Zalantzarik gabe. Ideala izango litzateke jarraipena emaginak eta psikologo batek egitea, gutxienez urtebetez. Kontuan hartu behar dugu, gainera, erdiondoko depresioa kasu askotan umea jaio eta 9 edo 10 hilabetera hasten dela ikusten.

 

Erditzearen nolakotasunak ere eragin handia al du amaren egoeran?

Sekulakoa. Erditzean gertatzen dena eta zenbait interbentzio ez dira doakoak ez amarentzat, ezta umearentzat ere. Haurra jaioberrien unitatera eramaten baldin badute edo erditze bat amarentzat traumatikoa izan baldin bada, jarraipena beharko du. Emakumeak kontakizuna egiteko espazioak behar ditu, egoera nola bizitzen ari den edota zer behar duen kontatzeko espazioak. Zaindu ez baldin badute, gabezia horrek nortasunean, umearekin egoteko moduan, bikotean, sexualitatean… eragingo dio emakumeari.

 

Ama askok izaten al dituzte osasun mentalarekin lotutako arazoak?

Emakumeen osasun mentala ezin dugu plano indibidual batetik soilik begiratu; ekosistema osoa begiratu behar dugu. Testuinguru patriarkal batean bizi gara eta patriarkatuak amatasuna bakarrik bizitzera eramaten gaitu. Patriarkatua iritsi zenean amaren eta umearen arteko lotura emozionala hautsi nahi izan zuen. Eta horrela jarraitzen du gaur egun ere: umea motxilan ote daramazun, oraindik titian dagoen edo zurekin lo egiten baldin badu ondoren ohetik ez duzula aterako esaten dizuten ahots horietan dago. Emakumeak ez gaituzte ahaldunduta nahi, ez gaituzte gure gorputzarekin eta gure sexualitatearekin kontaktuan nahi, ez gaituzte umeari begira nahi.

Ama erdiondoan bakarrik egotea haren osasun mentalerako arriskutsua da. Estres egoera handi batean eta gure kontra doan sistema baten barnean bizi gara. Erdiondoan dagoen ama batek lanera bueltatu behar baldin badu, etxeko diru sarrerak bere gain daudelako eta umearengandik banatzeko prest ez baldin badago, estres maila handia, antsietatea eta errua biziko ditu.

Sarearen ideia oso garrantzitsua da niretzat. Osasun mentala dugun sarearekin eta testuinguruarekin lotuta dago, eta prebentzioa gakoa da, bai maila indibidualean eta baita kolektiboan ere. Prebentzioa osasuna zaintzea da. Gure osasun sistema gaixotasuna sendatzean oinarritzen da, baina ez dakigu osasuna nola zaindu.

Nire ustez, garrantzitsua da erditze planak egiten ditugun moduan, erdiondorengo planak prestatzea. Gure egunerokoa nola antolatuko dugun pentsatu behar dugu: ume zaharrago bat baldin badugu, nola zainduko ditugu haren erritmoa, haren beharrak, haren eguneroko dinamikak? Eta nor dugu ondoan? Familia, lagunak, bizilagunak… Nori eska diezaiokegu laguntza erosketak egiteko, janaria prestatzeko, egin behar diren izapideak egiteko? Goazen erdiondoko plan bat prestatzera; horri esker erantzun azkarrak eman ditzakegu eta zama sentipena kenduko digu. Gidatzen dudan taldeetako batean parte hartu zuen emakume bat ama bakarra zen hark hala erabakita eta kuadrillako lagunekin taula bat osatu zuen erditu ondoren goizez, arratsaldez eta gauez nork lagunduko zion zehazteko. Ama umearekin egoten zen eta beste guztia lagunek egiten zuten. Hori posible izan zen plangintza bati eta sare bati esker.

 


Testuinguru patriarkal batean bizi gara eta patriarkatuak amatasuna bakarrik bizitzera eramaten gaitu. Patriarkatua iritsi zenean amaren eta umearen arteko lotura emozionala hautsi nahi izan zuen. Eta horrela jarraitzen du gaur egun ere


 

Eta zeinen garrantzitsua den presio hori kentzea denera iritsi beharrik ez izateko. Zeren askotan ume txikiarekin gaude baina lehen egiten genuen guztia egin behar dugu edo egin nahi izaten dugu.

Bakarrik ezin da. Kobazuloetatik gatoz, elkarrekin bizitzetik. Emakumea erditu berri zegoenean, beste batzuk ari ziren jatekoa biltzen eta lo egiteko beharra baldin bazuen, beste batek hartzen zion umea tarte horretan. Tribuan eta familia handietan orekatu izan gara, baina bakarrik bizitzea asmakizun patriarkala da. Gure estres maila handia da eta gure osasun mentalean eragiten du. Bikotean ere ez da posible ume bat ongi haztea. Gaur egun umeak errespetuz hazi eta hezi nahi ditugu, haien erritmoak eta beharrak errespetatuz, baina ez da posible hori egitea eta gu ongi egotea; hori egitea posible da, gu gaizki egonda. Batzuk lortzen dugu, baina sistemaren zama gure bizkarrean hartuta eta gure nerbio sistema superbibentzia moduan edukita. Eta bai, gure umearen erritmoa errespetatuko dugu, baina gu hala nola eusten ari gara eta goizeko ordu bietan e-maila bat bidaltzen ari gara, adibidez. Ez da jasangarria.

 

Beraz, bikotea ez da aski umea hazteko?

Bikotea ez da nahikoa. Bikotean erdiondoan tentsio egoerak sortzen dira eta estres maila asko igotzen ez garelako iristen. Belaunaldiz belaunaldi haurrak desberdin hezi nahi izaten ditugu eta gu umeak beste modu batera hezten saiatzen ari gara: errespetu handiagorekin, kontzientzia handiagorekin... Baina sistemaren zama gure gain hartuta ari gara eta horrela ezin da. Bikotearen atzean tribua dago eta hori ezin dugu ahaztu. Hortik ateratzen garen momentuan estresa dago, tentsioa dago eta patologia dago. Eta bikotea ez da nahikoa. Geure ingurura begiratu besterik ez dago. Tribu berriak sortu behar ditugu, sarea sortu behar dugu. Elkartu gaitezke, adibidez, lau edo bost familia eta igandero baten etxean bazkaldu. Modu horretan beste umeek ezagutuko gaituzte, gurekin seguru sentituko dira eta haren gurasoek behar dutenean ume horiekin gelditu gaitezke ezagutzen gaituztelako. Begirada kolektiboago batetik funtzionatzen hasi gaitezen.

 

 

Emozioek berebiziko garrantzia dute haurdunaldian zein erditu ondorenean. Nola zaindu ditzakegu emozioak ama lasai eta emozionalki egoera onean egon dadin?

Amaren bizi egitura begiratu behar da. Zer sare duen, zer gertuko laguntza duen… Amak lasai egon behar du; estresa zero izan behar du haurdunalditik. Besteek entzun eta ikusi egiten dutela sentitu behar du, horrek lasaitasuna emando diolako. Erditu berri den ama bati zer moduz dagoen galdetzea ongi dago, baina harago jo behar dugu eta galdera zehatzagoak egin behar ditugu. Nekea nola daraman, zerbait behar ote duen edota nola lagundu diezaiokegun galdetzen baldin badiogu, haren beharrak eta nahia adierazteko aukera emango diogu.

 


Sarearen ideia oso garrantzitsua da niretzat. Osasun mentala dugun sarearekin eta testuinguruarekin lotuta dago, eta prebentzioa gakoa da


 

Nola eragiten dio amaren osasun mentalak haurrari?

Guztiz eragiten dio. Ama eta haurra oraindik sistema bat direla ulertzen baldin badugu, guztiz eragiten dio. Baina ez nuke nahi horrek erruduntasun sentsazioa areagotzea. Batzuetan ekuazio sinplista egiten da: ama gaizki baldin badago, umea gaizki dago. Eta berriro errua eta zama amaren gainean jartzen dira. Planteamendua alda dezakegu: ama zainduko bagenu, umea ere hobeto egongo litzateke. Eta hor ardura kolektiboa dugu.

 

Eta nondik hasi?

Egoera delikatua da. Kontziliazioa ez da existitzen eta amatasun baimenak ez dira koherenteak amaren eta haurraren beharrekin. Herrietan beste zerbitzu batzuk dauden moduan, udaletxeek familiak egunero elkartzeko eta saretzeko aukera ematen duten espazioak zabaldu beharko lituzkete, espazio goxoak. Herri bakoitzean arreta perinatalerako zentro bat egon beharko litzateke eta haurdunalditik hasi eta erdiondoraino, baliabideak eskaini beharko lituzkete. Hernanin, adibidez, familia gune bat sortu dute guraso talde batek abiatuta udalarekin elkarlanean eta bertan elkartzen dira. Ikerlari talde batek egin zuen ikerketa batean ikusi zuten amaren osasun mentalean inpaktu oso positiboa duela erdiondoan beste ama batzuekin elkartze hutsak. Amak bakarrik egon ez daitezen espazioak eskaini behar dira. Eta instituzio publikoek ardurak hartu behar dituzte. Paradigma aldaketa bat behar da.

 

Familia asko isolatu al dugu?

Bai. Eta familia nuklearra ere asmakizun patriarkala da. Arrain bat hartu, basoan utzi eta arrain izaten jarraitzea ez da posible. Eta gu horrela gaude: arraina basoan bezala bizitzen. Gure nerbio sistema ez dago diseinatuta bakarrik funtzionatzeko; ongi egon nahi baldin badugu sarea sortu behar dugu. Erronka polita dugu esku artean.