Jordi Catalan, haurren neurogarapenean espezializatutako medikuari elkarrizketa.

 

Prebentzioaren garrantzia aipatzen du behin eta berriz Jordi Catalanek: dislexia, diskalkulia edota garapen nahasmenduei lotutako diagnostikoak ugaritzen ari dira eta prebentzioa da horiek murrizteko giltza, mediku kataluniarraren hitzetan. Unea zentroak gonbidatuta izan zen Euskal Herrian Ikaskuntza arazoen prebentzioari eta tratamenduari buruzko azken ekarpenak ikastaroa eskaintzen.

 

Gero eta gehiago hitz egiten da dis- diagnostikoei buruz —dislexia, diskalkulia…—eta garapen nahasmenduei buruz. Zer gertatzen ari da diagnostikoak hainbeste ugaritzeko?

Hala da, gero eta haur gehiagok dituzte ikasteko zailtasunak. Irakasleek orain halako egoerei arreta handiagoa eskaintzen dietela uste dut eta horregatik diagnostikatzen direla garai batean baino gehiago. Ikasketa prozesuan zailtasunak dituen ume batek patologia bat izan behar duela pentsatzen dugu berehala; diagnostikoa egiten da, etiketa bat jartzen zaio eta modu horretan denok lasaiago gelditzen gara. Etiketa ofizialak daude: arreta gabezia eta hiperaktibitatea, espektro autistaren nahastea, dislexia, Aspergerren sindromea… Baina nik uste dut umeak patologia hori izatera bultza dezaketen zailtasunak zein diren begiratu beharko genukeela. Dislexia sintomak dituen haur baten kasuan, adibidez, sintomak lehenago ikusten hasten badira ere, haurrek 7-8 urte izan arte itxoiten da diagnostikoa adin horretan egin litekeelako. Baina, berez, lehen sintoma horiek esku-hartzea egiteko moduko seinaleak dira, eta orduan lantzen has gaitezke, guztia konplikatu ez dadin eta ez gaitezen dislexia egoera batera iritsi. Nire ustez, prebentzio lana egitea oinarrizkoa da zailtasuna patologia izatera iritsi ez dadin. Eta agian ikasle horrek dislexia izango du, baina hasieratik lantzen baldin badugu eta baldintza egokiak jartzen baldin baditugu, asko aurreratuko dugu.

 

Umeei etiketak jarrita lasaitu egiten gara. Gure segurtasunik eza eta gure gaitasunik eza horren atzean ezkutatzen al ditugu?

Bai. Sakonean ditugun mugak dira. Dislexia esaten dugu eta badirudi dena hor kokatzen dela, baina ez daude berdinak diren bi kasu. Ume bakoitzak sintoma batzuk izaten ditu: batzuetan lateralitate arazoak daude, beste batzuetan ikusmen arazoak edo arazo auditiboak daude… Eta zenbait kasutan dena nahastuta dago. Beraz, dislexia duela esaten dugu, baina hori baino konplexuagoa da. Ikasketarako zailtasunak dituen ume batek arretari eusteko zailtasunak izaten ditu, jakina, umea ez baita jabetzen ikasgelan gertatzen ari denaz; ez daki irakurtzen eta irakurtzen ez baldin badaki, ez du jarraibideen berri izango eta atzean gelditzen joango da. Arreta gabezia duela esango diote, baina aurrez horra eraman duten sintomak agertu dira eta ezinbestekoa da horiei jaramon egitea. Zailtasun horiek marko batean kokatzeak lasaitu egiten gaitu, ordea, eta batzuetan, haurrari dislexia diagnostikatzen zaio b eta d edo p eta q letrak nahasten dituelako, edo espektro autistaren nahasmendua duela esaten da umeak begietara begiratzen ez duelako. Batzuetan soilik sintomei begiratuz egiten da diagnostikoa.

 

Sintomak soilik begiratuz eta etiketak jarrita, ordea, haurrari ez diogu inolako mesederik egiten, are gutxiago arreta goiztiarrik ez baldin badago. Arreta goiztiarrak errendimendua hobetzen du. Lanean lehenbailehen hasiz gero, askoz hobe. Lehen sintomak mugimenduarekin lotutakoak izaten dira. Garapen nahasmenduetan, motrizitateari begiratuta has gaitezke arriskurako aukerak ikusten. Motrizitatean zailtasunak, atzerapenak edota koordinazio arazoak baldin badaude, berreziketa lana egiteaz gain, haurrari jarraipena egin behar zaio, arrisku egoeran dagoelako. Motrizitate larria da garatzen lehena eta hortik abiatuta motrizitate fina garatzen da: begien mugimendua, ahoaren mugimendua, ahoskera eta grafomotrizitatea hor kokatzen dira. Motrizitate larrian arazoak baldin badaude, motrizitate finean eragin dezakete; mugimendu larrietan ikus daiteke umea traketsa dela eta, beraz, mugimendu larria landu behar da ondoren mugimendu finak fintzen joan dadin. Eta gauza bera gertatuko litzateke logopediarekin eta eskuetako abileziarekin; disgrafiak dituzten haurren kasuak begiratuz gero, ziur mugimendu larria ez dagoela ongi egituratuta. Haur Hezkuntzan katamar ibiltzen ez diren haurrak, ipurdiarekin ibiltzen direnak edo traketsak direnak begiratu behar ditugu, hori guztia arrisku egoera baten abisua delako.

 


Ikasketa prozesuan zailtasunak dituen ume batek patologia bat izan behar duela pentsatzen dugu berehala; diagnostikoa egiten da, etiketa bat jartzen zaio eta modu horretan denok lasaiago gelditzen gara


 

Noiz jo beharko genuke espezialistarengana?

Zalantza sortzen digun zerbait ikusi bezain laster joan beharko genuke. Mugimenduari erreparatu behar diogu lehenik: ea koordinazio zailtasunak dauden, ea umea traketsa den… Txikia denean arretari eusteko zailtasunak ikusten baldin baditugu, bakarrik jolasten ez baldin badaki, ikaskideekin guztiz ona den harremanik ez badu edota hizketan atzerapena baldin badu, neurogarapenean adituak diren profesionalengana jo beharko genuke, pediatrek orokorrean ez baitute neurogarapenari buruzko formaziorik izaten. Beldurra izaten dugu askotan, haurrari zerbait txarra diagnostikatuko diotela pentsatzen dugu eta aurrera joatea erabakitzen dugu, pasako dela pentsatzen dugu… Baina arazoa errazago konponduko dugu hasieratik heltzen baldin badiogu.

 

Haur bakoitzak bere erritmoa duela esaten da maiz, baina badira alarma piztu beharko luketen seinaleak…

Bai. Gerorako utziz gero, arazoa handitu egingo da.

 

Aipatutako diagnostiko horietako batzuek medikazioarekin amaitzen dute, normalean oso gogorrak diren botikak izaten dira eta umeengan eragin handia izaten dute. Zer dakar horrek?

Arazo ikaragarria da. Botiken prospektuetan jartzen duenez, botika horiek gehienez bi urterako izaten dira, baina hori ez da sekula betetzen eta ume batzuk botiken mendeko bihurtzen dira. Beraz, medikazioa hartzera iristea saihesten baldin badugu, askoz hobe. Hainbat kasutan saihetsezina da, baina medikazioari hasieratik heltzea ez da bidea; beti bilatu behar dira alternatibak, zeren batzuetan arreta gabezia du, baina ez baduzu begiratzen adi egotea zer faktorek galarazten dioten, ikusiko duzun bakarra da haurrak ez duela kasurik egiten. Batzuetan, horren atzean entzumenari dagozkion faktoreak daude, zeren entzumena ez da begiratzen, baina entzumen arazo ugari izaten dira: otitisak dituzten umeak, muki asko dituztenak edo lengoaia berandu garatu dutenak adi begiratu behar ditugu sintoma horien atzean entzumen arazoak egon daitezkeelako. Ume horiek ikasgelan daudenean ez dute ongi entzuten eta ez dira jabetzen irakaslea esaten ari denaz. Beraz, arreta zailtasunak daudenean entzumenaren balorazioa egin behar da beti. Badira arretari eusteko zailtasunak areagotzen dituzten beste faktore batzuk ere: ikasketa prozesuan zehar metodologia bera jarraitu ez duten haurrak —eskola aldatu dutelako, esaterako—, edo kanpotik datozenen kasuan, ez dutela bertako hizkuntza ezagutzen. Eta badira oso sortzaileak diren umeak ere, gelan aspertzen direnez, haien munduan murgiltzen direnak. Ume batek esan zidan behin, matematika klaseetan zegoenean agente sekretu bihurtzen zela eta kasuak ebazten zituela irudikatzen zuela. Ume horrek ez zuen arreta gabezia arazorik, baina hobeto pasatzen zuen gauzak irudikatuz irakaslearen azalpenak jarraituz baino. Ingurukoek arreta gabezia zuela esaten zuten eta egia da, ez zegoen adi, baina horren jatorria ez zen garunean dopamina falta zuela, interes falta zuela baizik. Errazena, ordea, arreta gabezia duela esatea eta medikazioa ematea da. Eta bai, horrek arreta hobetzen du, baina ez da bide egokia. Arreta jolasen eta aktibitateen bidez entrenatu behar da.

 


Garapen nahasmenduetan, motrizitateari begiratuta has gaitezke arriskurako aukerak ikusten. Motrizitatean zailtasunak, atzerapenak edota koordinazio arazoak baldin badaude, berreziketa lana egiteaz gain, haurrari jarraipena egin behar zaio, arrisku egoeran dagoelako


 

Prebentzioa da giltza, beraz, haurrek halako diagnostikoekin eta botikak hartzen amai ez dezaten.

Baina prebentzio lanari ez zaio benetako baliorik ematen; ez dugu prebentziorako kulturarik. Prebentziorik eza gure zibilizazioaren drama handi bat da, ez baita baloratzen.

 

Zergatik ez da baloratzen?

Prebentzioa eginez gero, arazoa ez delako garatzen eta arazoa garatu aurretik egindako guztia ez delako kontuan hartzen. Zuk profesional gisa badakizu ume horri laguntza handia eskaini diozula, baina gurasoek ere ez dakite hala izan denik. Guretzat drama bat da, baina era berean satisfakzio handia da haurra ez dela iritsi arazo horiek garatzera ikustea. Zeren gauza bat da haur batek dislexia izatea eta hori lantzea eta hobetzea, eta beste gauza bat da arazo hori izatera iritsi ez dadin egiten den prebentzioa. Prebentzioa arazo konplexuagoak saihesteko oinarrizko lana da.

 

Zailtasun fisikoetan arreta jarri behar dugu, baina alderdi emozionalak ere garrantzi handia du, ezta?

Bai, alderdi emozionala garrantzitsua da. Garunak bi hemisferio ditu eta hemisferio bakoitzak funtzio jakin batzuen ardura du. Sistema emozionalaren egitura ezegonkorra baldin bada, interferentzia elektromagnetikoak sor ditzake hemisferio baten eta bestearen arteko informazio trukaketan. Bullying kasu bat jasaten ari den umeak, adibidez, arreta handiagoa eskaintzen dio besteek esaten diotenari edo gaur gertatuko zaionari, irakaslea azaltzen ari denari baino. Bere burua babesteko alerta egoeran dago eta horrek eragin handia izango du bere arreta mailan. Gurasoen banatze kasuak,  erasoak, bortxa… ere hor daude. Horiek guztiek umearen arretan eragin dezakete eta garaiz heltzeak berebiziko garrantzia du, mundu emozionala oinarrizkoa delako. Ikasketa prozesuan modu egokian sartzeko, ikasleak egonkortasun emozionala izan behar du, gutxieneko oreka behar du.

 

Hiru garunei buruz hitz egiten duzu. Zein dira?

Lehena, narrasti garuna da —primitiboena— eta mugimenduari dagokio; garunaren atal hori mugimenduen koordinazioaz arduratzen da. Horren gainean ugaztun garuna dago, alderdi emozionalaz arduratzen dena, eta gainean giza garuna dago, hemisferioei dagokien atala; arrazoiketa eta bi hemisferioen jarduerak kontrolatzen ditu. Giza-espeziearen eboluzioari lotuta daude hiruak. Mugimenduari dagokiona oinarria da, eta mugimenduaren oinarria behar den bezala antolatua ez baldin badago, beste bi atalek zailtasunak izango dituzte. Kataluniako castellersak jarri ohi ditut adibide gisa: badira bederatzi pisukoak ere, eta pisu bakoitzean lau pertsona egoten dira; lurrean, berriz, 500 pertsona egoten dira egiturari eusten. Oinarria ongi egituratua ez baldin badago, arduradunak egitura desegiteko agintzen die eta berriro muntatu behar dute. Gauza bera gertatzen da garunarekin: alderdi motorea ongi egituratuta ez baldin badago, haurrek zailtasunak izango dituzte normalean. Oinarriak landu behar dira lehenik eta zer huts egiten ari den ikusi behar da, hori lantzeko. Behin hori landuta, aurrera jo dezakegu. Sustraietara jotzea beharrezkoa da eta maila terapeutikoan oso jende gutxik du barneratua kontzeptu hori. Sintomatologiaren gainean egiten da lan, baina ez dugu oinarrietara jotzen.

 

Lateralitatearekin ere arazo ugari izaten al dira?

Bai. Lateralitatea garapenaren azken etapa da. Lehenik garapen motorea dago, gero garapen emozionala eta ondoren hemisferioen arteko koordinazioa. Horien artean ordena egon behar da eta alde bat nagusitu behar da: edo eskuina zara edo ezkerra zara. Baina lateralitatearekin arazoak daudenean, ez duzu ez batera ez bestera egiten eta zailtasunak hasten dira. Beraz, oso garrantzitsua da lateralitatea behar den moduan antolatzea; 5-6 urterekin baloratu beharko litzateke umea lateralitatea nola antolatzen ari den. Batzuek dena eskuinarekin egiten dute eta ezkerrarekin idazten dute; kasu horretan, umeak nahastea du, eskuin gisa antolatuta dago baina ezkerrarekin idazten du. Gainerako guztia eskuinarekin egiten du; baloiari jo, zerbait bota, eskuineko begiak eta belarriak nagusitasuna dute… baina ezkerreko eskuarekin idaztera ohitu da. Ongi antolatu gabeko lateralitateak, gerora nahasmenduak ekar ditzake.

 


Medikazioa hartzera iristea saihesten baldin badugu, askoz hobe. Hainbat kasutan saihetsezina da, baina medikazioari hasieratik heltzea ez da bidea; beti bilatu behar dira alternatibak


 

Zer-nolako nahasmenduak?

Arreta arazoak edota informazioa erabiltzeko arazoak ekar ditzake, esaterako. Lateralitatea ordena espazialari oso lotua dago. Batzuk, adibidez, batuketak eta kenketak ezkerretik egiten hasten dira, ez dutelako erreferente espazial konkreturik. Eta esan dezakete ume horrek diskalkulia duela, baina arazoa ez da hori baizik eta lateralitatea ongi antolatu gabe duela. Lateralitatearen gaia liluragarria da. Eskolek magrebtar asko jaso dituzte azkenaldian, gurasoek etxean euren kultura mantentzeko arabieraz idazten dute —eskuinetik ezkerrera— eta soilik eskuinarekin, Koranak hala agintzen duelako. Eta haurrek, aldiz, eskolan ezkerretik eskuinera idazten ikasten dute. Batzuentzat nahaste ikaragarria izaten da; ongi antolatuta dagoenak erraz barneratzen du, baina oinarri ona izan ezean, arazoak sortzen dira. Ezkerreko begia gailentzen den kasuetan, adibidez, eskuinetik ezkerrera egiten da begien ekorketa eta irakurketarekin hasten denean umeak inbertsioak egin ditzake, orduan dislexia diagnostikatzen diote, baina ez da dislexia, baizik eta begia batzuetan alde baterantz eta beste batzuetan besterantz joaten zaiola ongi antolatutako patroirik ez duelako.

 

Lateralitate gurutzatuak diagnostiko okerrak ekar ditzake, beraz.

Okerrak direnak edo beste modu batera landu daitezkeenak. Dislexia batzuetan sintoma bat da, ez da arazoa bera. Dis- askok adierazten digute zerbaitek ez duela ongi funtzionatzen, baina arrazoia bilatu behar da, arazoaren erroa. Badira koordinazio motorean oinarri oso ona duten umeak, lateralitate gurutzatua dutenak eta inolako arazorik ez dutenak.

 

Irakasle askok zailtasunak dituzte diagnostikatzen ari diren dis- horiei guztiei aurre egiteko. Zer esango zenieke?

Irakasleak gerra batean daude, jarduteko zailtasun handiak dituzte, ez dutelako tresnarik. Eta haietako asko zailtasun horiez jabetzen dira, baina nola antolatzen duzu ikasgela bat arreta oso berezia behar duten lau haur baldin badituzu? Irakasle batzuek gauza zoragarriak egiten dituzte, baina oso zaila da dituzten baldintzekin horri guztiari aurre egitea. Lehenik zailtasunak atzeman behar dituzte, eta ondoren, haurrak profesionalengana bideratu behar dituzte, irakasleak ezin baitira arazoa konpontzera iritsi. 0-6 etapan gauza asko ikusten dira, baina behaketa hori 8 urtera arte luza daiteke.

 


Dis- askok adierazten digute zerbaitek ez duela ongi funtzionatzen, baina arrazoia bilatu behar da, arazoaren erroa


 

Hezitzailearentzako gida sortu duzu. Bertan jarraibiderik ematen al duzu?

Zortzi orriko gida bat da eta gaia nola bidera daitekeen jakiteko jarraibide batzuk ematen ditut bertan. Irakasleak umearengandik gertu daude eta gauza asko ikus ditzakete; begi bat ixten duen ume batek, adibidez, bikoitza ez ikusteko ixten du begia, edo bi belarrietan sinkronizaziorik ez baldin badago, haurrak ez ditu hitzak modu egokian jasoko. Eta, jakina, umeak ez dizu esango gaizki entzuten duenik, beti modu horretan entzun baitu. Irakasleek horrelako gauzen berri izatea funtsezkoa da.

 

Gida eskuragai al dago?

Bai, edozein hezitzailek eska diezadake. Eta umea irakurketa-idazketa prozesuan hasteko prest ote dagoen jakiteko protokoloa ere sortu dut: Leobien protokoloa. Izan ere, irakurketa-idazketa prozesurako prest egotea ez dator adinarekin edo mailarekin batera; haurraren garunak horretarako heldutasuna izan behar du eta gaitasun auditiboak, bisualak… egoera onean izan behar ditu. Irakurketarekin arazoak daudenean ikasleei gehiago irakurtzea eskatzen diete sarritan, baina begietan arazoak egon daitezke batzuetan eta, kasu horietan, umeari sufriarazten ari gara eta, gainera, inozoa denaren sentipena izango du gainerakoen erritmoan ikasten ari ez delako.


 


 

 

Galdera laburrak

01.Eskola garaiko oroitzapen on bat?

Lagunekin jolastea. Eta arrastoa uzten duten irakasle horietako bat ere bai.

02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat?

Kasualitatez, irakurketarako zailtasunak izatea. Hori kasualitatea! Uste dut horrexegatik dudala dudan lanbidea. Irakurketa-idazketa prozesuaren hasiera beldurgarria izan zen niretzat.

03.Nolako eskola amesten duzu?

Prebentzioa lantzen duen eskola: zailtasunak dituzten haurrei arreta eskaintzen diena, baliabide ete profesional gehiago dituena.

04.Zuretzat garrantzitsua den balore bat?

Laguntasuna eta profesionaltasuna.

05.Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?

Un ataque de lucidez liburua, Jill Taylor neuroanatomistarena.