Pospoloaren lehen txinpartak nahikoa indar baldin badu, su hartuko du; indar gutxitxo baldin badu, ordea, itzali egingo da. Gasteizko San Martin ikastetxeko Haur Hezkuntzako umeei txinparta indartsua eskaintzen diete hezitzaileek. Inklusioa helburu, Hezkuntza Premia Bereziko ikasleentzat egindako egokitzapenak eta moldaketak denentzat egokiak direla konturatu dira, eta Ikaskuntza Diseinu Unibertsala dute oinarritzat. Metodologia hori STEAM gaitasunekin, robotikarekin, metakognizioarekin, genero ikuspegiarekin eta inklusioarekin uztartzen dute eguneroko jardunean.
Gasteizko San Martin auzoan adineko jende asko bizi den arren, etorkinen seme-alabek auzoa gaztetu dute, eta auzoko Haur eta Lehen Hezkuntzako San Martin ikastetxean biltzen dira, Zabalganatik, Salburuatik eta inguruko beste auzoetatik datozen umeekin batera. Eskolan aniztasun handia dago, etorkin asko ditu, eta baita Hezkuntza Premia Bereziko ikasle ugari ere. Ikasleen joan-etorriak ere ohikoak dira, eta horrek are koloretsuago eta anitzago egiten du ikastetxea. Orain arte, bi lerro izan ditu, nahiz eta jaiotze tasaren beherakadaren eraginez gutxitzeko joera hartzen ari den. 3. mailara arte, D ereduan ikasten dute; izan ere, urtez urte eta mailaz maila B ereduari lekukoa hartzen ari zaio.
Aniztasun eta mugimendu handiko ikastetxea da San Martin, eta horrek lan egiteko modua egokitzera eta eraldatzera eraman zituen. Ikasteko modu desberdinak daudela abiapuntutzat hartuta, 2018/2019 ikasturtean hasi ziren metodologia berritzen Haur Hezkuntzan, eta une honetan ikasteko modu askotarikoak eskaintzen dizkiete ikasleei. Enara San Martin ikasketaburu eta STEAM proiektuaren Haur Hezkuntzako koordinatzaileak azaltzen duenaren arabera, “Hezkuntza Premia Bereziko ikasle asko ditugu, eta haiek ikaskuntza prozesua besteekin batera egiteko eta jarraitzeko xedez, egokitzapenak egiten hasi ginen, jarduerak eta materialak bakoitzaren ezaugarrietara moldatuz. Baina berehala konturatu ginen egokitzapen horiek guztientzat balio dutela. Hau da, ikasle batek zailtasunak baldin badauzka eskuekin gauzak hartzeko, pintza bat erabili dezake. Baina ikasle horrek ez ezik, gainerakoek ere erabili dezakete. Beraz, eskaintzen ditugun aukerek, materialek eta baliabideek denentzat balio dute”.
Ikaskuntza Diseinu Unibertsala deitzen zaio ikuspegi horri, eta, San Martin ikasketaburuak dioenez, arkitekturatik datorren lan egiteko filosofia bat da: “Filosofia horren sortzaileak arkitekturan aldaketak egiten hasi ziren, irisgarritasuna lortzeko. Esate baterako, mugitzeko arazoak zituzten pertsonentzat, eskaileren ordez arrapalak jartzen hasi ziren. Baina mugikortasun arazoak dituztenentzat ez ezik, beste edozein pertsonarentzat izan daiteke arrapala eskailera baino egokiagoa: erosketekin doan norbaitentzat, hanka hautsi duen norbaitentzat, erosoago suertatzen zaionarentzat... Ideia hori hezkuntzara eraman denean sortu da Ikaskuntza Diseinu Unibertsala kontzeptua. Beraz, gurera ekarrita, lanak prestatzerakoan guztientzat prestatzen ditugu. Entzumen urritasuna duen ikasle batentzat material bat prestatzen baldin badugu, zergatik ezin dute ume guztiek erabili? Akaso egun batean hotzeriagatik belarriak itxita edukiko ditu beste edozein ikaslek, eta hari ere oso ondo etorriko zaio egokitutako materiala, entzumenetik sartu ordez ikusmenetik sartzen dena. Guztiei etortzen zaie ondo. Beraz, materialak ez ditugu premia bereziak dituzten umeentzat soilik moldatzen, guztientzat baizik”. Horregatik, begietatik, usaimenetik, dastamenetik, ukimenetik eta entzumenetik sartzeko pentsatzen eta moldatzen dituzte edukiak. Zentzumen guztiak erabiltzen dituzte ikasleei eskaintzen dizkieten jardueretan, eta horrek ahalbidetzen du une batean ipuin bat entzunez jasotzea, belarritik, edo irudiak ikusiz jarraitzea.
Ikaskuntzako Diseinu Unibertsala gidari hartuta, hainbat baliabide erabiltzen dituzte: piktogramak, zeinu hizkuntza, materialak egokitzea irakasleen ezaugarri espezifikoen arabera... “Eta horrela, modu batera edo bestera, denek jasotzea eta ikastea bilatzen dugu”. Piktogramak asko erabiltzen dituzte San Martin eskolan, eta oso tresna lagungarriak direla dio ikasketaburuak. “Haur Hezkuntzako umeek ez dakite irakurtzen, eta zentzumen guztietatik iritsi behar zaie ikasi behar dutena edo edukia. Gure zeregina eduki hori ikusmenetik, usaimenetik, dastamenetik, ukimenetik eta entzumenetik nola sartu asmatzea da. Modu batera edo bestera, iristea. Orduan, piktogramen bitartez ipuin bat edo eguneroko errutinak hitzen bidez eta marrazkien bidez adierazten ditugu. Ume bakoitzaren gaitasunen arabera, batzuek hitzei soilik erreparatuko diete, eta beste batzuek, irakurtzen ez baldin badakite, marrazkiei begiratuko diete. Piktogramak ahoz gorako adierazpenekin azaltzen ditugu, bai guk eta bai beraiek hitz eginez. Horrela, ahozkotasuna eta euskara lantzen ditugu, eta kanpotik euskara jakin gabe etortzen diren ikasleentzat oso egokia da”.
Eguneroko errutinak piktogramen bitartez adierazten hasi zirenean, ikasle baten behar espezifikoengatik egin zuten. Baina ohartu dira gainerako ikasleei ere segurtasuna ematen diela eta denek baliatzen duten euskarria dela.
STEAM gaitasunen lanketa
San Martin eskolako beste zutarrietako bat STEAM gaitasunen lanketa da. “Metodologia aldaketarekin hasi ginenean erabaki genuen STEAM gaitasunak lantzea. Zientzia, Teknologia, Artea eta Matematika arloetako gaitasunak pizten saiatzen gara, eta baita robotikako hastapenak egiten ere”. Ikerketa zientifikoa eta teknologikoa ardatz duten proiektuak bultzatzen dituzte arlo horiek lantzeko. Eta Haur Hezkuntzan, lanketa horretarako abiapuntua jolasa eta gorputza dira. “Gorputzarekin kokatu behar dute espazioan, nork bere gorputzarekin sentitu behar ditu gauzak, gorputzean eta gorputzarekin bizitu ondoren errazago iristen baita abstrakzio mailara”, dio San Martinek.
Horrexegatik, matematika manipulatiboa lantzen dute, dena eskuekin eta gorputzarekin ukituz, neurtuz eta kalkulatuz. “Esate baterako, Gaudiren gaia landu genuenean, etxe bat egin behar genuen. Aurrena, lurrean plano bat egin genuen, eta neurtzeko eskuak eta esne kutxak erabili genituen. Gero, altuera neurtu genuen, ondoren etxea eraikitzeko. Neurketa horietan konturatu ziren, adibidez, 8 esne kutxa eta 16 esku neurtzen zituela planoaren alde batek; esne kutxa baino esku gehiago. Zergatik? Esne kutxak handiagoak direlako. Segun eta zerekin neurtzen den, neurri bat edo beste izango du; ondorio edo logika horretara iritsi ziren beraiek bakarrik. Esperimentatuz, ukituz eta neurtuz konturatzen dira, eta hori da benetan balio duena”.
Beste proiektu batean, begia, ikusmena eta argia lantzen aritu ziren. Galdera egokiak eginez egiaztatzeko aukera ireki zitzaien. “Zer behar duzue ikusteko?” galdetu zien San Martinek. “Argia” erantzun zuten. Jarraian, gelako pertsianak jaitsi zituen, eta ume guztiak irekitzeko eskatzen hasi ziren, ez zutela ezer ikusten-eta. Orduan jabetu ziren, begiak ez ezik argia ere behar dela ikusteko. “Pentsamendu zientifikoa lantzeko modu bat da. Nik banekien ondorio horretara iritsi nahi nuela, baina nola? Hori da guk landu eta eskaini behar dieguna, galderak eginez eta esperimentatzeko aukera emanez horra iristeko bidea eskaini behar diegu. Eta beti jolastuz, ilusio puntuarekin bihotzeraino iristeko”.
Sorpresa batekin, egin duten zerbaitekin edo pasa den zerbaitekin abiatzen dituzte beti proiektuak, ilusioa pizteko balio dezan eta erakargarria izan dadin. “Ez bada erakargarria edo umeek ez baldin badute gustuko, utzi eta beste proiektu batekin hasten gara. Helburuak argi ditugu, beraz, bide batek ez baldin badu funtzionatzen, beste bide batetik iritsi gaitezke. Hezkuntzak malgua izan behar du”. Badakite matematika manipulatiboaren bitartez zer landu nahi duten, irakurketan eta idazketan zer ikastea nahi duten, pentsamendu zientifikoa nola landu nahi duten... Beraz, hori guztia umeei interesatzen zaien gaien bidez lantzen dute. “Haurrei galdetzen diegu zer interesatzen zaien, zer gustatzen zaien edota zer gai landu nahi duten. Esate baterako, Egipto lantzea eskatu dute ikasturte honetan, eta harrituta geratu ginen, ez baita gertuko leku bat”. Beste batean, ume bati betaurrekoak jarri zizkioten, eta aitzakia hori baliatu zuten ikusmena eta gorputza lantzeko. “Dinosauroen gaia sorpresa batekin hasi genuen. Arrautza erraldoi bat agertu zen eskolan, eta ume guztiak, harrituta, galderak egiten hasi ziren: norena izango da arrautza? Nolatan agertu da hemen? Zer egongo da barruan? Non egongo da arrautza jarri duena?... Hurrengo egunean, oinatzak agertu ziren, eta galdera gehiago sortu zitzaizkien”, gogoratu du San Martinek. “Hipotesiak eginez pentsamendu zientifikoa lantzen dute, eta, bidez batez, kuriositatea lantzeko eta magiarekin jolasteko aukera izaten dute”.
Lanketa horretan, metakognizioaren alderdia ere lantzen dute. “Hasieran, panel bat jartzen dugu, gai baten inguruan zer dakigun idazteko. Ondoren, ‘zer ikasi nahi dugu’ atalean, euren intereseko puntuak zerrendatzen dituzte. Proiektua garatu ahala, hipotesiak planteatzen dituzte, egiaztatzeak egiten eta ondorioak ateratzen. Horrekin, panela osatzen joaten gara hitzekin eta marrazkiekin, ikasitakoa han idatziz eta marraztuz. Amaieran, panelari begiratuta, ikasitako guztiaren errepasoa egiten dugu. Marrazkiak ikusiz, zer ikasi duten kontatzen dute, eta, modu horretara, hizkuntza lantzen dute”. Orain, beste urrats bat eman dute, eta galdera bat gehiago planteatzen diete amaieran: gustatu zaizue? Emozionatu zaituztete? Horrek emozioez, sentimenduez eta bizipenez hitz egiteko aukera ematen die.
Premia bereziren bat duen ikasle batentzat prestatutako materiala denek erabili dezakete, hori da Ikaskuntza Diseinu Unibertsala
Enara San Martin Ikasketaburua eta STEAM proiektuaren HHko koordinatzailea
Inklusioa eta generoa ardatz
Hezkuntza Premia Bereziko umeen egoerak proiektuaren barruan lantzen saiatzen dira San Martinen, denen parte-hartzea eta inklusioa lortzeko xedez. “Lehen aipatu dut ume bati betaurrekoak jarri zizkiotela eta, hori aitzakiatzat hartuta, ikusmena eta gorputza lantzeko proiektu bat prestatu genuela. Proiektuaren barruan, egoera jakin bat landu genuen”, kontatzen du San Martinek. “Ume horrek ez zuen ondo ikusten, eta, horren ondorioz, asko gerturatzen zen besteengana. Gainerakoak beldurtu egiten ziren hurbilpen horrekin. Orduan, begia landu genuenean, oso ondo etorri zen egin genuen dinamika bat: maskarak egin genituen, zulotxo txiki batekin, eta horiek jantzita ibili behar zuten gelan. Ez zutela ezer ikusten konturatu ziren. Maskara erantzi gabe, hainbat ariketa egin genituen, eta, amaitzeko, binaka jarri ziren, bat maskara erantzita eta bestea jantzia. Erantzita zeukanak ikusten ez zuena gidatu behar zuen. Ariketa bukatu ondoren nola sentitu ziren galdetu genien, eta maskararekin egon ziren askok beldurtu egin zirela esan zuten, ez zutelako ikusten. Orduan ulertu zuten premia bereziko umea ez zela gerturatzen beraiengana haiek beldurtzeko, baizik eta ez zuelako ondo ikusten eta batzuetan gaizki sentitzen zelako. Handik aurrera harekiko harremana pila bat aldatu zen. Horrelako ekintzek inklusioa lortzeko balio dute”.
Inklusioaren lanketaren barruan kokatzen dute genero ikuspegia ere. Hain zuzen ere, 2020-2021 ikasturtean STEAM Euskadi Sarietan 1. saria eskuratu zuten genero ikuspegiaren kategorian. “Gure ikastetxean, erlijio asko ditugu, eta emakumeen egoeran eragina dute. Emakumearen paperari garrantzi handia ematen diogu, emakume guztienari”, dio San Martinek, azken bi hitzak azpimarratuz. “Berdintasuna bai, baina guztiona. Inklusioa bai, baina guztiona. Berdintasuna ez da neska edo mutila, baizik eta orokorra. Guk guztion inklusioa lantzen dugu, denok egon behar dugulako ikusgai. Ikuspegi horretan kokatuta egiten dugu lan, eta horrek hausnarketa handia sortu omen zuen STEAM sarien epaimahaikideen artean”.
Proiektu guztietan, Artearen alderdia artista batekin lantzen dute, eta emakumeak aukeratzen saiatzen dira. “Oso gogoan dut Frida landu genuenekoa. Asko gustatu zitzaien, eta sentimenduez asko hitz egiteko aukera eman zigun”. Eguneroko gertakariek ere gaia lantzeko aukera ematen dute, eta hori baliatzea probestu behar da, San Martinen iritziz. “Unibertsoko gaia lantzen ari ginenean, esate baterako, albiste bat irakurri genuen: emakume astronauten lehenengo taldeak espaziora bidaia egin behar zuen. Talde osoa emakumez osatuta zegoelako zen albiste, eta arazo bat izan zutelako: emakume bakar batentzat soilik zegoen astronauta jantzia, gainerakoak oso handiak ziren. Umeak segituan hasi ziren esaten jantzi gehiago erosi zitzaketela, baina oso jantzi bereziak direla azaldu genien eta ezin direla edozein dendatan erosi. Egoera oso bidegabea iruditu zitzaien, eta berria moztu, zatitu eta ikasi egin zuten, eta beste gela batzuetara joan ziren kontatzera. Jantzirik ez zegoelako joan gabe geratzea oso gaizki iruditzen zitzaiela kontatu zuten beste geletan, ez baitzuten ulertzen. Horrelako gauzak ekartzen ditugu gelara”.
Horrek guztiak adi egotea eskatzen die hezitzaileei: umeen beharrei adi, umeen interesei erne, eguneroko gertakariei so, eta helburuak eta edukiak argi. Horrelaxe daude San Martin ikastetxeko hezitzaileak, badakitelako hori dela umeek jolastuz eta gustura ikasteko modua, emozionatzeko bidea. “Emozionatu dezaketen detaile txikiei adi gaude, emozionatuta baldin bazaude hobeto ikasten duzulako”. Eta hori ez dio umeengatik soilik, baita hezitzaileengatik ere. “Izugarria da umeak “ene!” esanez ikustea. Horrela lan egitea askoz ere zirraragarriago da hezitzaileontzat”.