Aiala Susperregi Azpiroz Orereta-Errenteriako Koldo Mitxelena BHI-ko batxilergoko 1. mailako ikaslea
Ez dut nahikoa egin”, “nirekin haserretuko dira”, “gehiago egin nezakeen”, “ez dut ezertarako balio”, “ez dut lortuko”, “neure burua eta ingurukoak dezepzionatu ditut”. Horiek dira, notak direla-eta, ikasleon buruetatik pasatzen diren askotariko pentsamendu batzuk.
Azterketez eta lanez beterik gaude beti. Klasera joan, azalpenak entzun, apunteak jaso, azpimarratu, irakurri, eta badakigu jasotako hori ikasteko momentua laster iritsiko dela. Horretarako dago institutua, bai, baina egunero dugun estresa eta presioa ez dira osasungarriak. Asko eskatzen digute, eta askotan ez gara gai dena asimilatzeko, ordenatzeko eta aurrera eramateko.
Badakigu notak oso garrantzitsuak direla, eta pisu hori gure gainean dugu. Nota onak dituzu edo ez duzu etorkizunik. Hori da pentsarazi digutena. Jendeak uste du nota txarrak ateratzeagatik ez duela balio, eta hori normalizatu den gezur handi bat da. Nota batek ez gaitu definitzen, ez gaitu pertsona hobea edo okerragoa bihurtzen.
Egia da ikasleak geroz eta desmotibatuago gaudela. Oso gutxik ikasten dute gogoz, eta hori denboran zehar hezkuntza sistemak lortu duen erantzuna da. Ohitu gara pentsatzera egin behar dugun bakarra, dena buruz ikastea, azterketa egitea eta hurrengo egunerako dena ahaztea dela. Ikasle askok ez dute ia ikasten eta ez dituzte lanak fundamentuz egiten.
kezkak eta buruhausteak. Askok egin behar den bezala lan egiten ez duten arren, badakite haien notak oso garrantzitsuak direla eta haien egunerokoan egonezin hori barruan daramate. Beste ikasle askok notengatik asko borrokatzen dute. Hainbeste saiatzen dira, non askotan haien buruei gehiegi exijitzen dieten. Helburuak jartzen dituzte, eta hori ondo egon arren, gehienetan haien buruak gogor zigortzen bukatzen dute esandakoa edo aurreikusitakoa lortzen ez baldin badute. Zenbatetan hasten dira ikasleak ikasten eta antsietate krisi bat edukitzen amaitzen?
Batxilergoan, bi urteetan ikasketak soilik existitzen direla ematen du. Bi urte oso pasatzen ditugu selektibitateko momentuari itxoiten, bi urte etorkizuneko unean pentsatzen. Eta, askotan, hainbeste murgiltzen gara pentsamendu horretan, momentuko bizitzaz ohartu gabe bizi garela.
Gure gaztetako bizitzaz gozatzeko esaten digute, gauza berriak probatzeko. Nola nahi dute hori egitea egunero lan berri batekin eta beste azterketa batekin iristen baldin bagara etxera? Ulertu dezakegu hori dela tokatzen dena, lan egiteko momentua dela. Baina, ez al dira institutuarengatik antsietatea eta estresa duten ikasleen kasuak geroz eta gehiago? Ezin dugu lasai ibili badakigunean gehiago datorrela hurrengo izkinan.