Ingurune hurbiletik hasita eta curriculumean txertatuta

Krisi ekologiko globala bizi dugun garaiotan, biodibertsitatearen eta gure ingurune naturalaren zaintzak berebiziko garrantzia dute. Sarritan, ordea, munduko arazo global horiek handi geratzen dira, urrun sentitzen dira, eta zaila suertatzen da inplikatzea, gogoeta kritikoa egitea, kontzientzia hartzea eta egoeraz jabetzea, eta eraginkorrak eta praktikoak izango diren erabakiak hartzea. 

Urteak dira hezkuntzan Ingurumen Hezkuntzaren lanketa abian jarri zela eta Agenda 21en barruan proiektu ugari landu dira ikastetxeetan ingurumenaren gaiari heltzeko. Baina ez da nahikoa izan. Gure gazteek etxe ondoko basoak ezagutu gabe jarraitzen dute, basoak itsasoarekin izan duen loturaz ez dakite ezer, ingurura begiratzen dute baina ez dituzte landareak ikusten —landare itsutasunaz hitz egiten da gaur egun—, ez dute inoiz saguzarrik ikusi... Ezjakintasun horrek deskonexioa dakar, izugarrizko etena, eta haustura horrekin zaila da ingurumenaren kontserbazioaren aldeko ekintzarik egitea. Gainera, oso zaila da naturaren kontserbazioaren aldeko benetako apusturik egitea eta benetako politikarik kudeatzea diskurtso urrun eta politikoki zuzenetan geratuz gero, ez baitauka egunerokotasunean benetako aplikaziorik. Zeren mesedetan eskatzen da biodibertsitatea kontserbatzea edo ekosistema berreskuratzea? Horregatik, beste modu batera egin behar da lanketa, ikuspegi zabalagoarekin, holistikoarekin, eta tokian tokitik abiatuz. Nork bere buruarekin, herri kulturarekin eta komunitatearekin dituen loturak berreskuratuz. 

Curriculum berriak Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) bere baitan hartzen ditu eta zeharka ingurumen gaiak curriculumean txertatzea du helburu: diziplinartekotasunaren bitartez lantzea, eta zientzia, gizarte eta giza dimentsioak jostea, guztiak haintzat hartuz. Hori dena abian jartzeko planteamendu argi eta interesgarria egiten dute HUHEZIko Aitziber Sarobe Egiguren Zientziak eta Teknologia arloko irakasleak eta Jon Mentxakatorre Odriozola Giza eta Gizarte Zientzietako irakasleak: horretarako proiektu komunitarioak baliatzea.

“Garrantzitsua iruditzen zaigu gaia tokian tokiko natur ingurunearen izaeraren baitan lantzea, ingurune horien kontserbazio edota berreskurapenaren mesedetan, eta gizakiaren barnekotasunean sustraiturik lantzea ere bai, bestela zaila izango baita ikasleen jokabidean eragitea”, dio Sarobe Egigurenek. “Pertsonengan eta pertsonen pentsamenduan eragin nahi baldin badugu, Giza Zientzien alderdia indartu behar dugu”, gaineratzen du Mentxakatorre Odriozolak, “ez da curriculumean dauden arloak diziplinartekotasunean jartzea soilik, giza eremuan ere eragin behar da”. 

Sarobe Egigurenen iritziz, “une honetan abagune ezin aproposagoa daukagu Hegoaldean. Curriculum dekretu berriak curriculumaren birplanteamenduak egitea eskatzen du eta arloak diziplinartekotasunean landu beharko direla dio. Beraz, aukera bikaina da proiektu komunitarioak martxan jartzeko, proiektu errealak eta ikasleen ingurune hurbilean kokatzen direnak direlako”. Bigarren Hezkuntzako curriculum berriko ordutegian espazio eta denbora tartea izango dute proiektu komunitarioek, eta Ingurumen Hezkuntzari lotutako gaiak curriculumean txertatuta geratuko direnez, askoz eraginkorragoa izateko aukera irekiko da. Ikastetxe bakoitzak bere komunitateari eta gertuko ingurune naturalaren ezagutzari erantzungo dion tokiko curriculuma eraiki behar du eta horretarako erreminta edo bitarteko egokiak dira proiektu komunitarioak. 

Curriculum berria aukera bikaina da proiektu komunitarioak martxan jartzeko

Aitziber Sarobe Egiguren, HUHEZIko Zientziak eta Teknologia arloko irakaslea eta biologoa

Proiektu komunitarioak 

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako curriculum dekretu berriaren arabera, ingurumenari lotutako proiektuek lotura curricularra izatea da xedea; hau da, ingurumenari lotutako gaiak modu paraleloan lantzea ez, curriculumean txertatuta baizik. Ikastetxe bakoitzak bere komunitateari eta gertuko ingurune naturalaren ezagutzari erantzungo dion tokiko curriculuma eraiki behar du, eta proiektu komunitarioak horretarako bitarteko dira. “Proiektu komunitarioak curriculumean behar bezala txertatzen baldin badira, curriculumeko gaitegi guztietan eragin dezakete, eta hori da gure apustua: hortik abiatu eta arlo guztietan egiten den lanketa zipriztintzea”, dio Sarobe Egigurenek. Begirada berria curriculum guztira zabaltzearen aldeko aldarria egiten dute. Proiektu komunitarioek diziplinarteko planteamenduak egiten dituzte, begirada edo paradigma berri eta zabalagoarekin. Metodologia aktiboetan oinarritutakoak dira eta tokian tokiko curriculumak eraikitzeko baliagarriak. “Gure proposamenarekin, Natur Zientziak eta Giza Zientziak lehenetsiz, metodologia batzuk garatzea proposatzen dugu, betiere proiektuetan eta metodologia aktiboetan ardaztuta, eta horrekin tokian tokiko curriculumak eraikitzeko oinarriak jar ditzakegu. Irakasleei horretan laguntzeko prestutasun osoa dugu”, gaineratu dute Biologian doktore den Sarobe Egigurenek eta Filosofian doktore den Mentxakatorre Odriozolak. 

Indibiduoa pertsonara pasa behar dugu

Jon Mentxakatorre, HUHEZIko irakaslea

Proiektu komunitarioen oinarriak 

  • Paradigma aldaketa: pertsonaren benetako begirada 

“Orain arte garapen jasangarria erakusten duen datu asko dago, bai mundu finituari dagokionez, bai ekonomia linealari dagokionez. Datu horiek zientzia enpirikoaren aldetik ezagutzen dira, baina giza eta gizarte eremuak ere aintzat hartzea falta da”, azaltzen du Mentxakatorre Odriozolak. Horrek ekarriko lukeen aldaketarik nabarmenena, gizakiaren ulermenean, indibiduotik pertsonara pasatzea dela azpimarratzen du: “Gaur egungo gizartearen ikuspegian, goitik behera datorren gizarte handian, indibiduoak gara —ikusi besterik ez dago pandemiaren kudeaketan administrazioaren aldetik mezu guztiak indibiduoari zuzendutakoak izan direla; ‘jar ezazu maskara’, ‘ondo porta zaitez’...—. Gure proposamenean gizakiaren kontzepzio integralagoa dugu: pertsona. Pertsona gizakia osatzeko era aberatsagoa eta zabalagoa dela iruditzen zaigu, beste zerbait jartzen duelako indibiduoaren eta gizarte zabalaren edo handiaren tartean: aurrena pertsona eta gero komunitatea. Bi kontzeptu horiek berreskuratzen dira proiektu komunitarioetan. Bi kontzeptu horiek erdigunean kokatzen ditugu, eta jasangarritasunaren ideia berezko duten kontzeptuak dira biak”. 

Beraz, paradigma berriak triangulazio egokia egiteko aukera ematen du: ingurumenaren arloa zientziaren begiradatik, gizartearen begiradatik eta gizakiaren ikuspegitik lantzea, non erdigunean egongo diren pertsona eta komunitatea. “Horrek begirada berria ematen digu, zeina behar-beharrezkoa den biodibertsitatearen kontserbaziorako eta berreskurapenerako. Begirada berri horren baitan, natura edo ondare naturala guztiona eta unibertsala den ondare gisa ulertzen da, ez bakoitzak aukeran duena”, Sarobe Egigurenek azaltzen duenez. “Gizakiaren balio bihurtu behar du guztiona eta unibertsala dena errespetatzea, bestela zaila da naturaren kontserbazioaren aldeko benetako apusturik egitea”. 

Tokian tokikoa 

Krisi ekologiko globalaz hitz egiten da eta, hala da, mundu mailakoa da, zoritxarrez. Baina horrek, aldi berean, gertuko errealitateaz ahanzteko arriskua du, Sarobe Egigurenen iritziz: “Ez dugu gure inguruko bizitza, gure komunitatearena eta gure ingurunearena ezagutzen. Eta krisiaz jabetzeko eta horren aurrean benetako erantzunik emateko, hau da, geure bizimoduaren jokabideari lotutakoak, ezinbestekoa da gizakia, pertsonak eta komunitatea denak batera ikustea. Eta guk uste dugu hori guztia tokiko ingurunean kokatuta lortzen dela”. 

Gertuko loturak galdu diren garaiotan, horiek berreskuratzearen garrantzia azpimarratzen dute bi irakasleek: “Gizarte gisa objektu bihurtu dugu natura bere osotasunean. Eta ez, natura subjektu da, elementu askorekin osatutako subjektu. Lotura horiek galdu egin ditugu, ordea, eta berreskuratu egin behar dira. Hori tokian tokiko curriculumarekin soilik egin daiteke, ezin daiteke pentsamendu eta planteamendu globalarekin egin. Ni niretzat esanguratsua denari atxikitzen natzaio, eta niretzat esanahia gertuko kontuek daukate. Gure komunitatea ez da mundua, gure komunitatea hurbila da. Are gehiago, gure zorion iraunkorra ez dugu urrutiko oasietan bilatzen; agian horien bila aritu gaitezke, baina babesa gertuago bilatzen dugu, gure komunitatean. Beraz, gertuko loturak indartzean dago koska, tokian tokiko curriculumean. Hori da planteamendua”. 

Komunitateari zentzua bilatzea da bidea, azken batean, eta Mentxakatorre Odriozolak hori lortzeko gako batzuk ematen ditu: “Lehenengo eta behin, indibiduoa pertsona izatera pasatzen baldin bada, komunitatearen zentzua handitu egiten da. Izan ere, indibiduoa bere horretan autonomoa da, hiritarra eta bere buruaren eta bere erabakien jabe dena, eta nahikoa da bera bakarrik, bera babesten duen estatu edo gizarte administrazio handirik baldin badauka. Pertsonaren kontzepzioa, ordea, beste bat da: pertsona ezin daiteke inoiz bakarrik egon, pertsonaren definizioak gutxienez bi egotea eskatzen du. Beraz, oinarrian harremana dago, norberarengan eta ingurukoengan. Pertsona subjektu komunitarioa da”. Ikuspegi aldaketa horrekin, komunitateak indarra hartzen du. “Gaur egungo pentsamendu globalizatzaileak bultzatuta, urrundu egin gara komunitatetik eta gure ingurunetik, eta proiektu komunitarioek hori berreskuratzeko alea jartzen dute”. 

Proiektu komunitarioen begiradak tokiko komunitatearen zentzua zabaltzea edo tokiko testuingurua berreskuratzea dakar. Mundu globaleko krisiak erlatibizatu egin ohi dira urrun geratzen direlako; gertukoak, aldiz, ezagunak bilaka daitezke eta aberastasun hori berreskura daiteke. “Zaintzeko, ezagutu egin behar da, izan saguzarra edo landarea”, gaineratzen du Sarobe Egigurenek. 

Pentsamendu globalizatzaileak bultzata, urrundu egin gara komunitatetik eta gure ingurunetik

Jon Mentxakatorre Odriozola, HUHEZIko Gizarte Zientzietako irakaslea eta Filosofian doktorea

Diziplinartekotasuna 

Curriculum dekretu berriak hainbat diziplina barnebiltzen dituen proiektuak bultzatzen ditu eta proiektu komunitarioak horretan oinarritzen dira. Natur Zientziak, Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak ditu oinarri eta diziplina edo eremu bakoitzaren begirada hartu eta denak uztartzen ditu, bakoitzak eskain dezakeen begirada txertatuz eta denen arteko lotura eginez. “Zientziak hainbat informazio ematen dizkigu, baina bizitza askoz konplexuagoa da eta beste arlo batzuk ere aintzat hartu behar dira”, dio Sarobe Egigurenek. “Esate baterako, goazen pentsatzera zoologiaren ikuspegitik aztertu den mundu mailako pandemiak zer arrasto utzi dizkigun pentsamenduan. Edo zein akordatzen den zerk eragin zuen COVID-19a eta zer arrisku dugun. Inor ere ez. Mundu guztia txertoarekin akordatzen da eta ez biodibertsitatearen galerarekin”. Mentxakatorre Odriozolak beste adibide bat jartzen du: “Gizakia atalka banatuta dagoela esan izan zaigu, hau da, alde batetik alderdi fisikoa eta bestetik psikologikoa edo mentala. Hori berez ez da ikuspegi integrala, bakoitza bere aldetik kontsideratzea, dena lotuta baitago. Gainera, hirugarren eremu bat gehitu beharko genioke: gizartea edo arlo soziala. Eta horri naturarena edo ingurumenarena ere bai, misterioaren dimentsioa ahaztu gabe. Alegia, gizakiak osasuntsu egoteko oreka eduki behar du alderdi guztietan: fisikoan, mentalean, sozialean eta ingurunearekiko. Horregatik da aberasgarria diziplinartekotasuna, dena hobeto ulertzeko”. 

“Gure intentzioa argia da: irakasleriari proiektu komunitarioen garapenerako markoa eskaintzea. Inoizko aukerarik onena daukate irakasleek planteamendu horiekin diseinuak egiteko, curriculum berriak horretarako espazioa sortu duelako. Planteamendu curricularrak berraztertzeko, berregokitzeko, birdefinitzeko begirada eskaintzen dugu, egingo diren proiektuak ez daitezen zeharkakoak edo puntualak izan”, gaineratu dute biek. Bidelagun izateko prest daude irakasle biak eta aukerak ireki baldin badira, baliatzea eta bideari ekitea da eman beharreko pausoa.