Psikomotrizitate erlazionalean trebatzeko urtebeteko formazioa eskainiko du Hik Hasik 2025-2026 ikasturtean. 

 

Psikomotrizitate gelan seguru aritzeko tresnak eskuratzeko izango da Mapi Urrestik gidatutako formazio hau.

 

Hiru alderdi landu behar dira haurrei kalitatezko psikomotrizitate saioak eskaini nahi baldin bazaizkie, eta urtebeteko formazio honetan horiek landuko dira: lehendabizi, ezagutza teorikoa, zeina proiektuen eta elkarrizketen bidez landuko den; bigarrenik, haurren bideoak aztertuko dira, nola jolasten duten eta emozioak eta korapiloak nola ateratzen dituzten ikusteko, horrek helduaren esku-hartzeak nolakoa izan behar duen aztertzeko balioko du eta, hirugarrenik, norberaren garapen pertsonala eta norberaren zaintza landuko dira. Mapi Urresti psikologo, sexologo eta harreman psikomotrizistak eskainiko du formazioa eta argi dio formazioaren helburua zein den: “Estrategiak edukitzea eta segurtasuna lortzea haurrekin dugun lan zoragarri honetan aritzeko”.

2025-2026. ikasturtean eskainiko da formazioa, urritik hasita, eta hilean bi ostiral arratsaldez. Informazio gehiago www.hikhasi.eus webgunean aurki daiteke.

 


Egiten den lanketa bibentziala oso aberatsa da eta umea bere osotasunean ulertzeko eta haren prozesu emozionaletan bidelagun izateko baliabideak jaso ditut

Aitziber Estonba, Sexologoa


 

Formazioa egiteko arrazoiak

Aitziber Estonba sexologoak 2021-2022 ikasturtean urte egin zuen psikomotrizitate erlazionaleko formazioa Mapi Urrestirekin eta arlo ugari lantzeko aukera eman ziola azpimarratu du: “Niretzat formazio ederra izan da. Profesionalki haur txikiagoekin aritzeko aukera emateaz gain, umea bere osotasunean ulertzeko eta haren prozesu emozionaletan bidelagun izateko baliabideak jaso ditut. Ezin da pertsona —eta gutxiago haurra— ezagutu eta lagundu, ez baldin badugu gorputza kontuan izaten. Pertsona gorputza da eta gorputzaren bidez identifikatzen, bideratzen eta kudeatzen dira emozioak,  hori delarik pertsonaren ongizatearen gakoa”.

 


Mapik [Urresti] arnasgune bat eskaintzen du haren saioetan, epairik gabeko espazio goxo eta seguru bat da, non entzunak, ikusiak eta aintzat hartuak garen

Iriber Arangoa, Hezitzailea


 

Formazioan ez direla konpetentzia akademikoak soilik lantzen gehitu du: “Egiten den lanketa bibentziala oso aberatsa da eta ahalbidetzen du psikomotrizistak bere burua ezagutzea eta bere prozesuak bizitzea, benetan umeari haren ongizate bidean laguntzeko”.  

Iriber Arangoa hezitzaileak 2023-2024 ikasturtean egin zuen formazioa eta jaso duen ikaskuntzetako bat dakar gogora: “Automatikoa jarrita bizi garen gizarte honetan, gelditu eta arnasa hartzearen garrantziaz jabetzea. Hainbat gauzaz ohartzeko tartea eskaini dit: bizitzaren aurrean jorratzen dugun rolaren inguruan hausnartzeko; zentzua ote duen aztertzeko eta eraldatzeko aukera kontzientera ekartzeko; emozioak identifikatzeko eta horien erreparazioan zentratzeko... Horixe da Mapik haren saioetan eskaintzen duena: arnasgune bat non denbora gelditu eta momentuan izan nahi dugun hori izatea baimentzen diogun geure buruari. Epairik gabeko espazio goxo eta seguru bat da, non entzunak, ikusiak eta aintzat hartuak garen, talde baten parte sentitzearen plazeretik, bizipenak partekatuz eta elkarrengandik ikasiz”. 

 


Haurren bueltan dabilen edonori formazio hau egitea gomendatuko nioke, oso aberasgarria eta erabilgarria baita gure eguneroko jardunerako

Irati Lasarte, Haur Hezkuntzako irakaslea


 

Irati Lasarte Haur Hezkuntzako irakasleak ere 2023-2024 ikasturtean egin zuen formazioa eta oso aberasgarria izan dela dio, “eremu profesionalean zein pertsonalean. Haurraren garapen integrala ulertzeko eta ezagutzeko, haren tresna naturala den jolasean murgiltzera eraman nau. Haurrarekiko begirada fintzen lagundu dit haren beharrak eta zailtasunak identifikatuz, horretarako praktika saioen bidez zer-nolako esku-hartzeak egin ditzakegun hausnartuz. Horrek nire eguneroko jardunean lagundu dit. Alor pertsonalean ere ikaskuntza prozesu bat eman da nire baitan. Haurraren garapen osasuntsua helduarekin harreman seguru baten baitan ematen da, eta horretarako, helduak haur horrekin konektatzea garrantzitsua iruditzen zait, gure gaitasunak zein zailtasunak ezagutuz, zainduz eta landuz”. 

Estonbak formatzailearen profesionaltasuna ere azpimarratu du: “Mapiren profesionaltasuna, gertutasuna, goxotasuna, esperientzia eta guri laguntzeko modu adeitsua”. Eta Lasartek taldearen indarra nabarmendu du: “Lehen momentutik gainerako kideekin harremanak egin eta sare sendo bat osatu genuen, betiere errespetua oinarri izanik eta espazio segurua eraikiz”. 

Lasartek ez dudarik egiten: “Haurren bueltan dabilen edonori formazio hau egitea gomendatuko nioke, oso aberasgarria eta erabilgarria baita gure eguneroko jardunerako”.