Alvaro Beñaran | Psikomotrizista
EZETZA
Lau urteko semeak oso gaizki darama ezetza. Txikia zelarik ez esate hutsarekin negar egiten zuen, eta orain ere mugak onartzen dituen arren, ezetza bera gaizki darama. Ohiko gauza da?
TXIKITATIK EZETZA SISTEMATIKOKI gaizki hartzea intentsitate horretan ez da ohikoa. Normala da haurra ezezko hori gainditzen eta nahi duena lortzen saiatzea, baina horrek ez luke suposatu behar uneoro haserre egotea. Alegia, haserreak ez luke horrelako presentzia izan behar haurraren bizitzan, nahiz eta normala den puntualki gatazkak eta konfliktoak gertatzea. Beraz, ezetzaren aurrean txikitatik haurrak beti arazoak baditu, hor zerbait gertatzen da.
Batzuetan gertatu ohi da, bereziki lehenengo haurraren kasuan, umeak kexa txikiren bat egiten duenerako gurasoak urduri jartzea, eta sekulako antsietatearekin saiatzea edozer egiten umeak negarrik egin ez dezan. Jarrera hori oso egokia da haurra txikia denean, baina handituz doan heinean, negarrik egin ez dezan beti nahi duena emateak hainbat ondorio izan di-tzake, eta horietako bat da umeak ezetzik ez onartzea. Izan ere, ohitu da, “aahahaha” edo “ujujuju” egitearekin, alegia, kexu txiki batekin, nahi duena lortzen eta heldua bere nahietara makurtua edukitzen. Hortaz, umeak nahigabe horrelako mekanismoak garatzen ditu.
Horren haurrean zera galdetu beharko litzateke: ume horrek zergatik garatu ditu mekanismo horiek eta ez ditu garatu beste batzuk? Bere errekurtso bakarra negarra eta haserrea dira? Nik uste dut haur horri zera esan behar zaiola: “Begira, baietz esango dizugu baietz esan behar dizugunean eta ezetz esango dizugu ezetz esatea tokatzen zaigunean. Horren aurrean negar egiten baduzu edo haserretzen bazara, zure jokaera onartuko dugu, baina ez dugu gure jarrera aldatuko zure jokaera horren arabera. Kontuan hartuko dugu zure nahia, kontuan izango dugu nolakoa zaren... baina zure erreakzioen beldurrik gabe hartuko ditugu gure erabakiak helduaren tokitik”. Era horretara, gurasoengan jarrera argia, egonkorra eta segurua ikusten badute, haurrak lasaitzen hasten dira, eta baita euren burua argitzen eta ziurtatzen ere. Hau da, bide horretatik eurek benetan zer nahi duten eta zer ez identifikatzen hasten dira. Hala, haurrari baliabide helduagoak garatzen lagunduko diogu.