Alvaro Beñaran | Psikomotrizista
PATIOA
Eskolako jolas-orduan 10 urteko gure semea bakarrik egoten dela esan digu irakasleak, ez baitzaio futbola gustatzen eta ez baitu futbolean aritu nahi. Ez dakigu beste batzuek egiten duten bezala gustatu ez arren futbolera animatu, bere nortasuna indartzen saiatu eta lasaitasuna transmititu, edo zer egin... Zer ondorio izan dezake patio orduan beste mutilekin ez ibiltzeak gure semearen sozializazioan? Patiorako proposamenik bai?
FUTBOLARENA OSO GAI POTOLOA DA. Futbolean jolastu nahi ez duelako geratzen bada bakarrik, eta bakarrik ez geratzeko, ezinbestean, futbolean jolastu beharra badauka, esango nuke arazoa ez dela haur horrena, baizik eta inguruarena dela. Lagunak edukitzeko haur batek derrigorrez futbolean jolastu beharra baldin badauka, zerbait gaizki ari gara egiten. Pena da haur horrek lagunik ez bilatzea beste zerbaitetan jolastu ahal izateko.
Kontua balitz patioan eta futbolaren kasuan ez ezik haurra beste batzuetan ere bakarrik geratzen dela, lagunik gabe, eta harremanak egiteko zailtasunak dituela, beste modu batera landu beharko litzateke arazo hau. Baina galdera bere horretan hartuta, esan dezakedana da haur horrek eskubide guztia duela beste modu batera jolastu ahal izateko eta beste gustu batzuk edukitzeko. Hortxe dago horrenbeste defendatzen dugun aniztasunaren auzia. Kasu horretan guraso bezala umeari transmititu behar dioguna da ez dagoela gaizki futbola ez gustatzea eta ez duela derrigorrez lagunekin ibiltzeko futbolean jolastu beharrik. Egia da faena bat dela, eta horrexegatik komeni da semearekin hitz egitea eta esatea: “Zu prest zaude aurre egiteko egoera honi? Eta agian egun batzuetan bakarrik sentitzeko eta patioan beste guztiekin batera jolastu gabe egoteko?”. Agian umearen erabakia hori da eta guk horretan babestu behar dugu: “Zuk ez baduzu nahi futbolean jolastu, gu zure alde gaude”.
Guk eskola bezala edo hezitzaile bezala planteatu ezin dugun soluzioa da haur guztiek gauza berbera egitea. Hortaz, eskolaren ikuspegitik ikusten baldin bada arazo hori dagoela, nik baloia patiotik kendu egingo nuke, behintzat egun batzuetan. Izan ere, benetan nork dauka arazoa? Egia da haur horrek baduela arazo bat: bakarrik gelditzen dela patioan, baina ez da berak sortu duen arazo bat. Gertatzen dena da patio horretan uniformetasuna dagoela, eta, noski, desberdina bazara edo desberdin jolasten baduzu, ez duzula lekurik.
Beraz, akaso, soluzioa eskola bezala ere planteatu beharko litzateke. Eskolako haur guztiek patioan futbolean bakarrik jolastu nahi badute eta lagunekin ibiltzeko derrigorrez futbolean jolastu behar bada, eskola horretan zerbaitek ez du ondo funtzionatzen. Beraz, hasteko haur horri babesa eman behar zaio: “Lasai, zu ez zara ezer gaizki egiten ari”. Eta bitartean, patio garaian jolasteko moduetan eta formatuetan aldaketak egin daitezke eta proposamen anitzagoak eskaini haurrei.
GARAPEN MANTSOA
Orain gure haurra Lehen Hezkuntzara pasa denean ohartzen gara kosta egiten zaiola gelako erritmoa jarraitzea (lehendik ere ikusi genuen oinez 20 hilabeterekin, ingurukoak baino beranduago hasi zela eta hizketan ere bai, baina medikuek esan izan digute atzerapenik ez duela, bere erritmoa mantsoagoa dela...) Zer egin dezakegu? Etxean errefortzatu egin beharko genuke irakurketa-idazketa eta ikasketa? Jolasa errefortzatu beharko genuke?
SEGUR ASKI MEDIKUEK haurrak atzerapenik ez zuela esan zutenean, gaixotasunen edo sindromeren bati buruz ariko ziren. Zentzu horretan, baliteke atzerapenik ez izatea, baina gure neurrietan, 20 hilabeterekin oinez hastea epez kanpo dago, 18 hilabetera arte kontsideratzen dugulako normaltasunezkoa. Beraz, 20 hilabeterekin hasi bazen oinez, horrek erakusten du zerbait badagoela. Izan ere, gurasoek dioten moduan, haur hori mantsoago doa, eta beraz, baliteke aurrera egiteko laguntza behar izatea eta hori onartu egin behar da. Eta, gainera, uste dut inportantea dela errealitate hori onartzea.
Egoera horren aurrean, bi laguntza mota eman ditzakegu. Batetik, saia gaitezke gure haurrak besteen erritmoa har dezan laguntza ematen, baina horrelako kasuetan, askotan konturatzen zara ezinezkoa dela, haur horrek beste era batera funtzionatzen duela. Ez hobeto eta ez okerragoa, baina beste era batera egiten duela bidea. Eta inguruak hori ulertu eta onartu egin behar du. Bestetik, eman dezakegun bigarren laguntza mota da haur horri egokitutako eskakizunak egitea, exijentzia jasangarri baten bidez, alegia, haurra indartuko duen exijentzian oinarrituz, eta esanez, “begira, zuk horrela funtzionatzen duzu”, baina helburua ezin da izan besteek bezala egitea, gainontzean beti ezgauza sentituko baita.
Hortaz, ingurune bezala haur horren beharretara egokitu beharko dugu. Noski, hori ez da samurra gure sistema hezitzailean... Ikasleak mailaz-maila gora doanez, ebaluatzen direnez... baliteke haur horrek berak besteei ezin diela jarraitu sumatzea. Beraz, ingurua —alegia, familia— saia daiteke sistema hori konpentsatzen. Haurrak gogoa badu, ikasi nahi badu, baina zailtasunak baditu, etxean lagun dakioke. Eta nola? Berarekin eginez irakurketa, idazketa, berarekin jolastuz... Baina, beti ere, haurra errespetatuz. Izan ere, horrelako haurrekin arrisku bat izan ohi da: mantso doanez, etxean indartu nahi izaten dugu, eta iristen da eskolatik etxera, eta jarraitzen du eskolan egongo balitz bezala lanean. Hortaz, haur horrek inoiz ez du astirik izango lasai egoteko, gozatzeko, plazera ematen dioten gauzak egiteko... Izan ere, gurasoak uneoro ari dira planteatzen etxean nola errefortzatu dezaketen ikaslearen jarduna eta, beraz, estimulagarriak diren ekintzak proposatzen dizkiote etengabe, eta azkenerako, guraso eta haurren arteko benetako harremana albo batera geratzen da. Beraz, nire aholkua da harreman hori zaintzea eta noizbehinka planak egitea jolasteko, gozatzeko eta elkarrekin gustura egoteko, pentsatzen aritu beharrik gabe jarduera horrekin zer ari diren lantzen. Ezin dugu galdu guraso izaera, ezin dugu beti profesionalak izan. Eta begiratu behar dugu ea haurra non dagoen gustura, zer duen gogoko... eta hori onartu behar dugu eta horretan lagundu egin behar diogu.