BEGIRADA UMEAREN GAITASUNETAN JARTZEN DU PSIKOMOTRIZISTAK; ETA EZ HUTSUNEETAN.
Begirume psikomotrizitate gunea ireki berri du Iruretak Zarautzen. Haurrak zein familiak babestuta eta onartuta sentituko diren espazio bat sortu nahi izan du hala.
Zer dela eta jarri duzu martxan psikomotrizitate gune hau?
Ni Haur Hezkuntzako irakaslea naiz, eta urte hauetan zehar psikomotrizitatean espezializatu naiz. Hezkuntza arautuan gertatu izan zait ume ba-tzuk ikustea, talde handian, galduta bezala, arreta indibidualizatuagoaren premiarekin, eta ni haietara iritsi ezinda. Gainera, psikomotrizitate saio bat egiteak energia handia eskatzen du, umeek ere saio hori intentsitate handiarekin bizitzen dutelako. Eta eskolan egun osoa umeekin zaudenean ez da hain samurra energia osoz egitea saio horiek. Proiektu honekin haur bakoitzarengana eta bere familiarengana iristeko ahalegina egin nahi dut.
Zer ematen du psikomotrizitateak?
Nire ustez psikomotrizitatearen indargune nagusia da haurra osotasunean hartzea, eta ez zatikatuta: “Orain landuko dugu arlo kognitiboa, orain gorputzaren koordinazioa…”. Ez. Psikomotrizitateak dena batera lantzen du. Horrez gain, afektuari eta emozioei ere sekulako garrantzia ematen die. Eta, gainera, abantaila handi bat dauka: umea orokorrean gustura datorrela saioetara. Beste ezaugarri on bat ere badu: errespetuari loturiko oinarrizko arau batzuk izan arren, gainerakoan oso librea da, erabat askea. Iruditzen zait, gizartean, oro har, espazio libreari eta jolas askeari dagokionez, muga asko dauzkala umeak. Horrelako gune batean, berriz, muga horiek oso murritzak dira. Haurrak berez dakarren hori guztia garatzeko aukera du.
Familiek zein toki dute?
Gurasoak haurrekin etorriko diren gune bat sortu nahi izan dut. Familien beharrei, kezkei eta dituzten zalantzei erantzuten laguntzeko nago ni hemen. Askotan, nire egitekoa da informazioa ematea eta lasaitasuna transmititzea. Izan ere, joera daukagu haurraren hutsuneetan jartzeko begirada. Gu hemen saiatzen gara hu-tsuneetan ez, baizik eta gaitasunetan zentratzen. Eta gaitasun horiek arlo guztietan harmonikoak baldin badira, ez dago zertan kezkatu. Era berean, familiako kideek gauzak plazerean elkarbanatzeko gunea ere bada; hala nola, jolasaren eta musikaren bidez.
Terapia gisara, laguntza indibidualizatua ere ematen duzu.
Bai, alde batetik, taldeko psikomotrizitate saioak egiten ditut 4 eta 5 urteko haurrekin, eta bestetik, laguntza indibidualizatua ematen diet premia duten haur eta familiei. Haur batzuek bizitzan ez dute behar besteko asetasunik izan, arrazoi desberdinak tarteko. Hemen beste modu batean egingo dion heldua topatuko dute. Haurrari izaera sendo bat eraikitzen laguntzen diogu gorputzetik abiatuta, sinetsita baikaude lehen urteetan haurraren gorputz batasuna ondo badago, beste guztia ere ondo egongo dela.
Psikomotrizitateaz gain, biodantza eskainiko da Begirumen eta baita guraso eta haurren arteko jolasak ere.
Zarautzen psikomotrizitateko espaziorako behar handia ikusi nuen. Baina behin espazioa sortuta, ez nuen nahi psikomotrizitatekoa bakarrik izaterik. Hori bai, gune honetan beste ezer eskaintzekotan, argi nuen haurra osotasunean ikusi eta honen berezko espresioa oinarrian izango duen diziplinak izan behar zutela. Eta bestetik, umea bakarrik etorri ordez, familiarekin etortzeko modukoak. Hortik sortu dira bi aukera horiek.