Nerea Mendizabal, Psikopedagogoa eta Komunikazio Ez-Bortitzean aditua
Kontsumismoa
Gure seme-alabek dena nahi dute, dena erostea, besteek dituzten gauza guztiak…Kontsumismoak haurrei kalte egiten diela iruditzen zaigu eta etxean liskar asko izaten ari gara. Askotan esaten diegu, gauza gehiago erosteko lan gehiago egin behar dugula eta horrek eurekin egoteko denbora gutxiago izatea esan nahiko lukeela…
BAT NATOR egin duzun gogoetarekin. Zuen balioei eusteak indar handiagoa eskatzen dizue, eta hori arintzeko modua hartzen duzuen erabakiarekin lasaitasuna sentitzea izango litzateke. Askotan, seme-alabekiko ageriko gatazkaren atzean, barne-gatazkak izaten ditugu: “ongi/gaizki egiten ari naiz?”, “ez luke horrela erreakzionatu behar”, “ez lukete hainbeste eskatu behar”… Horrek asko asaldatzen gaitu. Gure balioak eta mugak argi transmititzeak ez du esan nahi haiek ulertu eta gustura geratu behar dutenik. Zapuzten diren uneak egokiak izan daitezke gure frustrazioa kudeatzeko.
Lagungarria izan ohi da haien desioak liburuxka batean idaztea, posible den egunetan kontuan hartzeko. Zer gauza askatzeko, oparitzeko, trukatzeko prest nago? Interesgarria iruditzen zait seme-alabei diru-kopuru bat esleitzea eta kapritxoak erosteko kudeatzen uztea, muga jakin batzuen barruan, saria berehalakoa edo nekerik gabekoa izan ez dadin. Horrela, haien erabakien ondorioak bizitzen ikasteko aukera irekiko zaie.
Haurrak jo egiten du
Gure 5 urteko haurrak jotzeko erraztasun handia dauka, eta haserretzen denean jo egiten du. Ondorioz, lagunartean “gaiztoa” bera da, bestelako minak —hitzezkoak— ez baitira hain agerikoak. Haserrea beste era batera azaldu behar duela azaltzen saiatzen gara eta asko arduratzen gaitu besteak jotzeak eta berak gaiztoaren rola hartzeak. Zer egin dezakegu?
BESTE ERA BATERA egiten jakingo balu, egingo luke. Gustatzen zait “gaiztoa” izatearen autoirudia babestu nahi izatea. Amorrua beste modu batera kudea dezan azaldu edo konbentzitzen saiatu baino lehen, lagungarri izan dakizueke egin duen modura egiteko izan duen esperientzia ulertzea, eta, jarraian, gizakiok defendatzeko ditugun estilo desberdinak izendatu ditzakezue eta bakoitzari bere irudia aurki diezaiokezue. Ondoren gustukoa ez zaizuen egoera bat aukeratu eta estilo guztiak antzeztu. Eraginkortasunaren eta harremanak zaintzearen irizpidea hartuta hausnartu. Azkenik, astean zehar horietako zein estilotan trebatuko garen partekatu dezakegu, eta nola joan zaigun ikusteko jarraipena egin dezakegu.
Gaitasun handiak
Gure 8 urteko semeak gaitasun handiak ditu. Txikitatik nabaritu dugu bere berezitasuna zenbait arlotan eta diagnostikoak gauzak ulertzen lagundu digu. Loarekin zailtasunak ditu oraindik ere; bere buruak martxan jarraitzen duela uste dugu eta ezin duela lasaitu. Gaitasun handiekin zerikusirik izan al dezake? Zer egin dezakegu egoera hobetzeko?
GAITASUN HANDIKO haurrek buru aktiboa izaten dute eta loak hartzeko zailtasunak izan ditzakete. Hala ere, edozeini kosta dakiguke lo hartzea, askotan zaila izaten baita burua itzaltzea. Irakurketa ohearekin ez lotzea bultza dezakezue, jarduera horrek adimena aktiba baitezake. Beraz, beste espazio batean irakurtzea eta gero lotara joatea, edo lo egin aurreko ordu erdian ez irakurtzea, onuragarria izan liteke. Ohera joan aurretik pantailak saihestea gomendatzen den moduan, kasu horietan haurra estimulatzen duen hori saihestu beharko litzateke. Horrez gain, azukrea gutxitzea edo saihestea ere komeniko litzateke. Ohera joan aurretik bainu beroa hartzea ere lagungarria izan daiteke.
Ohean bertan, burmuinaren arreta gorputzera bideratzeko ariketaren bat proposa daiteke, hala nola, arnasketa gorputzeko hainbat ataletara bideratzea edo barneko sentsazio fisikoetan kontzentratzea, heldu baten begiradapean eta gidaritzapean. Une hori ere aproposa izan daiteke masaje teknika bat aplikatzeko, haurrak lotarako prestatzera gonbidatuz, loari “prest nago, etorri nahi duzunean” moduko zerbait esanez.
Amatasuna eta espektatibak
Izan nahiko nukeen amaren eta benetan naizen amaren artean distantzia handia dago. Errespetuz, euren denborak zainduz, oihurik gabe hezi nahiko nituzke… baina pazientzia erraz galtzen dut, bereziki haiekin eta asko sufritzen dut izan nahiko nukeen bertsio on hori ez naizelako. Nola gertura ninteke izan nahi dudan ama eredu horretara?
ESPEKTATIBAK IZATEA ondo dago, baina errealitatearekin talka egiten dutenean eta denaren aurka borrokatzen jartzen garenean, arazo bat sortzen dugu. Lehenengo urratsa duzun errealitatearekin eta zarenarekin bakeak egiten hastea izango litzateke, nor zaren onartuz, baloratuz eta zeure burua maitatuz. Izan zaitezkeen amarik onena zara. Sinesten al duzu?
Aukera polita duzu pazientzia galtzen duzunean praktikatzeko, zeure buruarekin modu ulerkorrean eta maitekorrean jokatzeko: “gizakia eta mugatua naiz”, “zerbait hobea egiten jakin izan banu edo egin ahal banu, egingo nukeen”... Zure seme-alabei eskaini nahi diezun errespetua, zaintza eta maitasuna zuk ere behar eta merezi dituzu. Egoera horretan egin nahiko zenukeen hori lortzeko behar duzunari buruzko gogoeta egin dezakezu: nola egin dezakezu? Hala ere, horrek ez luke ama hobea izateko baldintza izan behar. Esango nuke zure seme-alabek ez dutela ama perfektu bat nahi, baizik eta ama gizatiar bat, den bezalakoa izanda zoriontsu dena; ikasten eta eboluzionatzen jarraitzeko prest dagoen ama bat.