Nerea Mendizabal | Psikopedagogoa eta Komunikazio Ez-Bortitzean aditua
Heziketa eredua
Garai bateko autoritatearen eta ondoko permisibitatearen artean, errespetuz eta ziurtasunez egin nahi dugula argi daukagu bikoteak eta biok, teorian. Baina, praktikan, aginduak ematera edo malgutasun handiegiz jokatzera pasatzen gara, hori delako automatikoki ateratzen zaiguna. Nola eman dezakegu pausoa teoriatik praktikara?
POZTEN NAIZ ados zaudetelako. Gainerakoa, praktikari eta irizpide errealistak hartzeari dagokien kontua da:
1. Aginduak emanez edo malgutasunez jokatzen duzuenean, zuen arteko begirada ulerkorrarekin praktikatzen has zaitezkete. Gure seme- alabekin erabili nahi ez dugun barne-indarkeria erabiltzen dugu gurekin.
2. Gelditu. Egunean edo astean zehar une bat hartu, zuzeneko uneetatik kanpo praktikatzeko.
3. Norberarena argitu: minutu batzuk hartu, esperimentatutako egoeretan sortzen diren sentimenduak eta beharrak identifikatzeko. Gure beharrak asetzeko estrategia posibleen zerrenda egin, gogokoenetik harago. Horrek, erreakzio automatikoetatik aldentzeaz gain, aukerak irekitzen eta asertiboki adierazten lagunduko digu.
4. Enpatia praktikatu: zuen seme-alaben sentimenduak eta beharrak egoera gatazkatsuetatik kanpo ulertzen jarri. Horrek egoera ikuspegi osoago eta bihozberago batetik hautematen lagunduko dizue.
5. Plangintza aurreratua: egoera zailak sortu aurretik, nola erantzun nahiko zenuketen elkarrekin pentsatu.
6. Ospatu: funtzionatzen duten gauzak eta horiek gidatu dituzten asmoak aitortzeko denbora hartu.
Hazkuntza ohiturak aldatzeak denbora eta ahalegina eskatzen ditu. Bikotearen laguntza garrantzitsua da, baina ez da bakarra. Beste familia batzuen babesa izateak —guraso eskoletako taldeetan, adibidez—gelditzeko, ikasteko eta elkarrekin ikuspegi orekatuagoa praktikatzeko aukera ematen du.
Ardurak
Gure 9 urteko alabak ez du ezer jasotzen. Jostailuak, arropa, eskolako gauzak… Beti jasotzeko esaten aritzen gara eta azkenean haserretzen bukatzen dugu. Azkenean desordenatua dela aurpegiratzen diogu eta badakigu hori ez dela bidea. Baina, zein da bidea bere gauzen ardura har dezan? Laguntza behar dugu.
ZEIN GARRANTZITSUA den gurasoon espektatiba eta etiketa itxiak apurtzea! Hortik sortu zen Kira jirafa eta haserrearen diamanteak ipuinaren ideia. Erresistentzia horren atzean zein arrazoi dauden ikusten jar gaitezke; ondo pasa, zentzua aurkitu, erabakiak hartu nahia, laguntza eta erraztasuna… Kasuan kasuko arrazoia baieztatu ondoren, estrategien bilakaeran murgildu gintezke: zer egin dezakegu momentua atseginagoa izan dadin? Nola lagundu diezaiokegu elkarri nekatuta gaudenean? Etxeko zein espazio utzi dezakegu desordenatuago eta non nahi ditugu gauzak bere tokian? Zertan edo noiz har ditzake bere erabakiak? Gusturago egingo genituzkeen gauzekin trukatzeak balioko al liguke?
Mugak
Gure 5 urteko haurraren lagunek (HHko 5. mailan) hainbat eskolaz kanpoko jarduera dauzkate, eta gureak bakarra. Iruditzen zaigu adin horretan asko jolastu behar dutela eta ordu libreak behar dituztela. Baina gure haurrak “besteek bezala” eskolaz kanpoko jarduerak izatea eskatzen digu, eta ez ditu gure azalpenak ulertzen . Gure iritzia guraso gehienen kontrakoa den kasu honetan, nola jar dezakegu muga gure haurra mindu gabe?
HAURREK LAGUNEN ereduari jarraitu eta antzeko jardueretan parte hartu nahi dute, jakina. Aldi berean, garrantzitsua iruditzen zait zuen ikuspegiari heldu nahi izatea. Muga ezartzerakoan, zuen azalpenak ematea garrantzitsua da, baina berak ez du zertan ulertu. Zuen erabakiak beregan duen eraginaz jabetzen zaretela eta ulertzen duzuela helarazteak lehentasuna izan dezake.
Lagunak eskolaz kanpoko jardueretan daudenean nola dagoen eta zerk lagundu diezaiokeen azter dezakezue. Etxean jolasteko edo aisialdirako beste modu batzuk sortu, jarduera egituratuekin etengabe lanpetuta egon beharrean.
Desberdinak eta bakarrak izanagatik denok berdinak garenaren gainean ere hausnartu dezakegu, egoera zehatzetan oinarrituta.