Alexander Barandiaran | MUko HUHEZIko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea

ESKOLAZ KANPOKOAK

Eskolaz kanpoko jarduerak direla-eta, gure seme-alabekin gertatu izan zaigu zerbaitetan izena eman nahi izatea lagunek izena eman dutelako, eta ez berez beraien gogoko jarduera bat delako. Ulertzen dugu lagunarteak garrantzia duela beraientzat, baina uste dugu horrek ez lukeela baldintzatu behar norberaren ibilbidea. Nola indartu daitezke bakoitzaren berezitasunak eta zaletasunak lagunarteak hori baldintzatu gabe eta, aldi berean, lagunartea zainduz?

LAGUNARTEAK NERABEZARORA heldu aurretik gero eta garrantzi handiagoa hartzen du pertsonon bizitzan. Talde pertenentzia eta lagunartea, Maslowek esan bezala, oinarrizko beharrizana da pertsonen kasuan. Norbere beharrizana izanda, norbere baitan hainbat gatazka sor daitezke; alde batetik, taldea edota lagunartearen onarpena nahi dugulako eta, bestetik, agian onarpenerako egin beharko litzatekeena gure ustez, ez datorrelako bat gure beste nahi batzuekin. Hortaz, prozesu horretan oreka bilatzea ez da erraza izango, kasuak kasu. Nire ustez, beste batzuetan esan dudan moduan, badira pasa beharreko prozesu batzuk gurasoentzako eta norberarentzako atseginak ez direnak, baina pasatzea besterik geratzen ez zaizkigunak, gure hazkuntzaren prozesuko parte direlako. Gure umearen prozesua lagundu nahi badugu lehenik onartu beharra daukagu bere prozesua zein den. Gure partetik presioa sortzea ez da batere lagungarria, aldiz, konfiantza izan beharko genuke bere bidea egingo duela eta bizitzen ari den esperientziatik kontzientzia hartuko duela; bera zerk elikatzen duen eta zerk ez, zerk merezi duen eta zer ez. Besteen eraginpean hartutako aukera bizitzerakoan kontura daiteke besteen onarpena jasotzen duela baina ez duela asebetetzen. Halako esperientziekin kontura daiteke zer puntutaraino merezi dion onarpena horrela lortzeak edo beste modu batzuk ote daude horretarako. On egingo diona da bitartean gurasoek berarengan konfiantza dutela ikusteak. Umeak bere buruarengan zenbat eta segurtasun handiagoa izan orduan eta errazago hartuko du bere nahiak errespetatzeko bidea, helduoi gertatzen zaigun modu berean.


AITAREKIN

Gure 3 urteko semeak aitarekin jarrera oso ezkorrak izaten ditu ni (ama) presente banago. Atxikimendu ikaragarria dauka nirekin, eta aita mehatxu gisa hartzen 
duela iruditzen zaigu. Ordu asko pasatzen ditu aitarekin, eta ni ez nagoenean oso ongi moldatzen da, ni nagoenean datoz aitarekiko kexak eta jarrera itsusiak…  Zeri dagokio semearen jarrera?

OSO ZAILA DA informazio horrekin hipotesi zentzudunak egitea. Izan daiteke zurekin denbora esklusibo gehiago nahi izatea, aitarekin jada hori baduelako. Umeak ez zaituzte ikusten bikote modura, ez daki hori zer den, berarentzat nahi zaituzte baina modu indibidualean. Bera egozentrismo garaian dago bete-betean eta zurekin bakarrik denbora pasatzea interesgarria izan daiteke. 
Atxikimendua biokin du, eta zuetariko bat lehenengo atxikimendu irudia izango da eta bestea bigarrena. Gauza da atxikimendua aktibatzen dela umeak heldua —arrazoi desberdinengatik— behar duenean. Agian maila altuan aktibatzen da zure presentziarekin eta momentu horietan beste atxikimendu irudiak “soberan” daude. Zenbat eta aktibazio maila handiagoa orduan eta helduaren behar handiagoa, eta gehiago kostatzen da desaktibatzea, edo beste modu batera esanda, duen beharra asetzea. Aitaren kasuan, gogorra izan badaiteke ere, umearen jarrera ezkor horiek onartzea da abiapuntua. Umearen espresio horiek jaso eta ez epaitzea da gauza. Umeak oraindik ez du bere jokabidea doitzen, esango genuke ez duela nahita egiten. Behar baten isla da adierazten duen jokamoldea, beharra zein den asmatzea da kontua eta, ondoren, asetzen saiatzea.


HH-TIK LH-RA

Gure alaba LH1era pasa da irailean. HHtik LHra jauzi handia dagoela ikusten dugu, gure ikastetxean HHn berrikuntza sartzen ari da, baina oro har LHn eserita eta idazketan eta zenbakikuntzan murgiltzen direla esan digute. Familia bezala ezagun batzuk, errefortzu gisa, etxean zenbakiekin jolasean eta irakurtzen irakasten saiatzen ari dira haurrari… Baina guk ez dakigu hori den bidea edo nola egin jauzia ez dadin gogorra izan haurrarentzat… Pistaren bat eman diezagukezu?

IGAROBIDEAK ZAINDU beharreko prozesuak direla iruditzen zait. Ez naiz ari etapen artekoez soilik, egunerokotasunean ematen diren beste guztiak ere hartu nahi ditut gogoan. Umearen aldi ebolutiboa eta eskolako eskaintzaren artean dagoen aldea oztopo izan daiteke umearen ongizaterako. Eskolarekin harreman estua izatea garrantzitsua da umearen prozesu hori laguntzeko. Igarobidea ahalik eta leunen izatea komenigarria da, aldaketak bat-batekoak ez izatea eta kontuan hartzea umea garapeneko zein puntutan dagoen. Ikasturte aldaketa batean umeen arteko ezberdintasunak handiak izan daitezke, horregatik eskolak ezin du eskaintza bera egin ume guztientzako. Batzuk beste batzuk baino gaituago egongo dira irakurketa-idazketa prozesurako, ebolutiboki lehen haurtzarotik bigarrenera igaro direlako. Aldiz, LHko ume batzuk, garapenari dagokionez, gehiago daude HHn LHn baino. Presa izatea ez da inoiz bidelagun ona izan. Berez nerbio sisteman narridurarik egon ezean, irakurtzeko eta idazteko gaitasuna hor dago. Ideia da gaitasuna aktibatzeko testuingurua abegikorra izatea garrantzitsua dela, umea estutu gabe. Igarobide prozesuan aldaketak gutxika egitea komenigarria da. Kasu honetan umearen denborak errespetatzea komenigarria da, eserita ez egotetik denbora guztia eserita pasatzea aldaketa handia delako. Eserita denboratxo bat pasatzetik has gaitezke eta gutxika denbora luzatuz joan. HHn izandako metodologiarekin guztiz puskatzea ez da komeni. Etxean aldiz, beraiekin egiten dena ez dago gaizki ez bada umea presionatzen, momentuak atseginak badira, harremana gatazkatsua ez bada, bestela lotu egingo du irakurketa-idazketa zerbait desatseginarekin. Familia giroa zaintzen denean eta umea errespetatzen denean errazago aktibatzen dira gaitasun horiek.


ALZHEIMERRA

Gure ama Alzheimerra garatzen hasi da eta ez dakit alabekin (6 eta 8) nola jorratu amonaren gaixotasunaren gaia; gauzak asko errepikatu behar zaizkiola ikusten dute; galdera oso arraroak egiten dituela… Heriotzaz hitz egin izan dugu, baina nola azaldu haurrei amona endekatzen ari dela?

IDEIA ONA DA umeei azaltzea eta ez ezkutatzea amonari gertatzen zaiona, are gehiago, ahal den heinean, beraiek inplikatzea, hori bai, ez dezatela zaintzeko ardura hartu bere adinari ez dagokion eran. Esan ahal diegu beraiek ikusten duten moduan amonari gauzak errepikatu behar zaizkiola, galdera arraroak egiten dituela, eta hori berak duen gaixotasun bateNgatik dela, kutsakorra ez den gaixotasuna. Gaixotasun hori duten pertsonek orainaldian gauzak oroitzeko zailtasunak izaten dituztela eta errazago gogoratzen dituztela antzinakoak. Ahaztu ditzakeela beraien izenak, zein egunetan bizi garen, zenbat urte dituen eta abar. Gaixotasun hori ez dela sendatzen esatea ere garrantzitsua, baina, hala eta guztiz ere, maitatzen jarraituko duela eta beraiek amonari dioten maitasuna adierazi ahal diotela musuen eta besarkaden bidez. Endekapena areagotzen denean, nahiz eta ez dien hitz egingo, amonak sentitzen jarraitzen duela esan ahal diegu eta sentitzen jarraitzen duenez, bere alboan egon daitezkeela eskutik hartuta eta beraien maitasuna sentiaraziz. Endekapena ahalik eta abiadura txikienean eman dadin badaude umeek egin ditzaketen jolasak, kontua da egunerokotasunean momentuak partekatzea, adibidez, berarekin oinez ibiltzera joanda, arropa tolestuz, margotuz, musika entzun eta dantza eginez… Umeek beldurra eta segurtasun eza izan ditzakete gaixotasunaren aurrean, beraz, beti esaten dudan moduan, ahalik eta segurtasun handiena transmititzen saiatu, azken finean, umeek hitzez adierazten ez dutena ez-hitzezko komunikazioaren bidez adierazten dute eta adi egotea komenigarria izan daiteke umeak zer bizitzen ari diren ulertzeko.