Alexander Barandiaran |  MUko HUHEZIko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea

SENTIBERATASUN HANDIA

Gure 5 urteko alaba oso sentibera da zaratekin, minarekin, jendearen jarrerekin… eta nahikotxo eragiten dio egunerokotasunean, eskola adibidez, handi egiten zaio askotan. Irakasleak komentatu digu PAS izan daitekeela sentiberatasun handiko pertsona. Ez omen daki gaiaz asko, eta ez dela sindrome bat edo antzekorik, baina kontuan izateko ezaugarria dela. Zerbait esaterik baduzue?

DIOTENEZ, SENTIBERATASUN handiko pertsonek burmuinean aktibitate handia dute kontzientzia, enpatia eta memoria dauden lekuetan. Ispilu deritzaien neuronak, besteekin harremanetan sartzen garenean inplikatuta daudenak, eta beraz enpatiarekin zerikusia dutenak, aktibitate handian egoten dira. Nolabait kanpoko estimuluak iragazterako orduan, iraztontziaren zuloak handiagoak dira eta estimulu gehiago pasatzen dira. Pertsona orduan inbaditua senti daiteke eta egonezinez erantzun. Horrek eramaten gaitu, batetik, pertsona hori ulertzera. Umearen kasuan, agian hitzez ere esango digu, baina hala ez bada,  ez-hitzezko espresioak erakutsi egingo digu zer bizitzen ari den momentu horretan. Angustiaz, haserrez, mugimendu geldiezinez, penaz, beldurrez adierazten duenean pentsa dezakegu umea ez dagoela bare barrutik. Ikusiz baino behatuz umeak esaten digu zer gertatzen zaion. Gertatzen zaionak zerikusia izango du testuinguruarekin, beraz, bestetik, halako ezaugarria duten umeengan testuinguruaren zaintza oso garrantzitsua da, beraien hobe beharrez.

Beti esaten dugu umea ez dela eskolara moldatu behar, eskola dela umeari moldatu behar zaiona. Kasu honetan moldaketa alderdi askotik eman behar da. Batetik, irakasleriaren partetik, beraiek direlako espazio, material eta denbora antolatzen dutenak. Irakasleak umea ulertu behar du eta bere erreakzioak jaso berarekin haserretu gabe, onarpen osoz. Umearen segurtasunaren iturria heldua denez, heldua bera seguru egon behar da,  bera lasai egotea garrantzitsua izango da. Bestalde, umea egoten den espazioak ere zainduak izan behar dira, estimulazio gutxikoak, giro lasaiekoak, babestuak, interrupzio gutxikoak. Espazioetan dagoen soinua ez da zaratatsua izan behar, kolore gutxi eta ez oso biziak, material gehiegirik ez… erritmoak lasaiak, giro lasaia. Irizpide berak erabil daitezke etxeko testuinguruan edo beste testuinguru batzuetan. Eskolan egokitzapenak egitea ez da soilik ume horrentzako onuragarria izango, ume guztientzako izango da. Dena dela, eskolako aholkulariaren, PT-aren eta Berritzegunearen laguntza hor dago, azken finean eskola osoa dago inplikatua.

Bukatzeko, zerbait irakurri nahi izanez gero hona hemen erreferentzia batzuk: 
- Manual de Trabajo Para La Persona Altamente Sensible. Elaine Aron
- El don de la sensibilidad: las personas altamente sensibles. E. Aron
- Niños con alta sensibilidad: Cómo entenderlos y ayudarlos a transformar sus diferencias en fortalezas. Karina Zegers de Beijl.
- Personas Altamente Sensibles: Descubre si lo eres y aprende. Karina Zegers de Beijl.
 


JOTZEA

Gure 3 urteko semeak esku  luzea dauka. 6 urteko alaba oso lasaia izan da eta semearekin apur bat jokoz kanpo gelditzen gara. Batzuetan ulertzen dugu beste modu batera adierazi ezinagatik jotzen duela, edo bultza egiten duela... Esaten diogu ez diogula utziko inori min ematen. Mugekin oso zorrotzak izaten saiatzen gara, baina era berean, ez dakigu zer beharri erantzuten dion jotze horrek, umearen premiak, ustez, oso ongi asetzen saiatzen baikara. Laguntzerik?

ADIN TARTE HORRETAN erasoa ez da jokabide arraroa. Gauzak lortzeko maiz erabiltzen dute, 5 urte bitartean. Agresio instrumentala esaten zaio. Adinean gora, hitzak pisua hartzen du eta erasoa hitzaren bidez ematen da gehiago. Generoari dagokionez ikerketek esaten dutenaren arabera, mutikoek eraso gehiago adierazten dute. Erasoa egoera desberdinen arabera ere aktibatzen da. Lehiakortasun egoerek, bazterketek, gehiegi hurbiltzeak, gehiegizko estimulazioak, zaratak, estres egoerek erasoa aktiba dezakete. Kasu bakoitzean aztertu beharko litzateke, baina adin tarte horretako ezaugarri komuna dela esan genezake. Gauza da guk nola bizitzen dugun umearen erasoa. Ume batek azaltzen duen edozein jokabideren kasuan bezala, lehenik ulertzea da kontua. Ulertzeak lasaitu ahal gaitu eta horrek eragina du umeak erasoari ekiten dionean. Garrantzitsua da jokabidea onartzea, umeak ez nabaritzea alteratu egiten garela edo egiteagatik errua botatzen diogula. Horrek ez du esan nahi mugak jarriko ez dizkiogunik, baina mugatzen dugunean seguritatetik eta baretasunetik egin dezakegu eta horrek segurtasuna transmititzen dio umeari. Pentsatu umea aldatzeko biderik eraginkorrena gu aldatzea dela. 


HARRERAKO ALABA

4 urteko alaba daukagu harreran hartua. Orain bere jatorrizko gurasoek beste alaba bat izan dute, eta gureari horren berri eman diogu. Sentiberago dago, eta panpinak zaintzen aritzen da… Harrera-bulegotik ez digute irizpiderik ematen nola jokatu, ahizpa berri horri lekua egin ala ez… Nola joka genezake harrerako alabarekin? 

IRUDIKATZEN DUT umea intseguritatean sartu dela, ez baitaki zer gertatuko den berarekin aurrerantzean. Beti esaten dut lehenengo gauza segurtasuna dela, umeak gertatuko denaz ahalik eta gehien jakin behar duela. Ezagutuko al du bere ahizpa? Noiz? Nola? Norekin? Zenbat denboran? Non? Ze maiztasunarekin ikusiko du? Bueltatuko da guraso biologikoekin? Edo hirugarren familia horrekin eta bere ahizparekin joango da? Eta bere harrerako gurasoak aldatuko dira? Imajinatu adin horretako pertsona batek nola jakin dezakeen zer gertatuko den, zer segurtasun senti dezakeen bere etorkizunaz... Ez dugu ahaztu behar harreran dagoen umeak gutxienez utzikeria bizi izan duela, hau da, segurtasun iturria izan behar ziren helduak ez diotela segurtasunik nahikorik eman. Halako esperientzia bizi izan duten umeengan ohikoa izaten da tamaina horretako aldaketen ondorioz intseguritatean sartzea. Bestalde, behin ahizparen berri duela, umeak irudi hori bere tokian jarri behar du, presentzia izan behar du, fisikoa bada hobe.  Argazkiak izatea, berari buruz ahalik eta gehien jakitea, oparitxo bat egitea eta halakoak ahizparen presentzia areagotuko dute eta ez da bere irudimenean bakarrik geratuko.

Garrantzitsua izango da harrera-bulegokoekin egin dezakezuen elkarlana. Prozesu luzea da hartu duzuen bidea, norbere burua eraldatzera eramaten zaituena, umeei bere garapen osasuntsurako aukera ematen diona, benetan mirestekoa zuen egiteko, animoak! 


GELAKO GIROA

Gure 6 urteko semearen gelako giroa oso biolentoa iruditzen zaigu, bai guri eta bai beste familia batzuei ere. Eskolako lehen urtetik hala izan da, hiruzpalau mutilek 
jarrera oldarkorra baitaukate. Irakasleei esan izan diegu, baina lasaitzen joango direla erantzun digute. Gure seme-alabak ez ditugu hezi nahi halako giro oldarkorrean, baina ez dakigu zer egin… Familia horiengana joatea ere ez da erraza, ez baitute aterik irekitzen… Zer egin genezake?

EZ DA ERRAZA guraso modura gure seme-alaben testuingurua arriskutsu modura bizi eta ezer ez egitea. Babesteko sena etortzen zaigu eta testuinguru horretatik ateratzea besterik ez dugu buruan. Aktibazio maila horrekin zaila izan ahal zaigu errealitate hori beste ikuspuntu batetik behatzea. Gelan lau umek maiz oldarkor jokatzen badute zerbait adierazten ari dira. Ume bat mehatxatuta sentitzen denean —nahiz eta gure begietan mehatxu hori ez egon— ihesera jo dezake (baldin eta horretarako aukera duen) edo bestela erasora egin dezake. Aztertu beharko genuke zer aldagaik duten zerikusia mehatxatuta sentitzearekin. Aldaketak egin beharko dira ume horien testuinguru desberdinetan, bai etxean eta bai eskolan. Beraien etxean zaila da gurasoen esku dagoelako, baina eskolan saiatu beharra dago. Agian ume horiekin beste harreman bat eraiki behar da, agian metodologia aldatu behar da, denborak beste modu batera kudeatu edo maila denetan aldaketak egin. Ohikoa da gela guztietan blokeoan dauden umeak egotea, agian kasu horretan gertatzen dena da kopurua ohi baino handiagoa dela.