Alexander Barandiaran | MUko HUHEZIko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea
ESTRESA
Dudarik gabe ikasturte zaila izango da aurtengoa. Guraso bezala, eskolan haurrek bizi dezaketen estresak arduratzen nau, maskara, distantziak, higienea, jolasak mugatuta... Nola eragin diezaieke haurrei estres honek guztiak eta guraso bezala, eskolako egoerak suposa dezakeen estres hori nola konpentsa genezake?
ESTRESA, BELDURRA eta segurtasun eza da helduok bizitzen ari garena azken hilabeteetan. Dakigunez, umearen segurtasun iturria berarentzat esanguratsuenak diren helduak dira, horregatik, beti esaten dudan moduan, umeei egin ahal diegun mesederik handia beraiekin gaudenean gu seguru eta baretasun emozionalean egotea da, eta hori ez da oso erraza izaten askotan, are gutxiago halako egoera batean. Beste batzuetan ere aipatu dut segurtasuna izaten dugula gertatuko dena aurreikusi ahal dugunean eta umeekin eguneroko egitekoa da gertatuko denaz informazioa ematea. Hori etxean eta eskolan egin beharrekoa da. Zenbat eta egoera intseguruagoa izan orduan eta segurtasun gehiago transmititu behar diegu umeei. Egoera honetan ez da erraza, denok beldurtuta gaudelako eta hori transmititzen diegulako umeei, baina ordua da umea, pertsona erdigunean jartzeko eta egiten dugunaz ondo pentsatzeko. Estresa eta beldurra prozesu inkontzienteak dira, egoerari aurre egiteko moduak eta umeek beraien bizitzako momentua dela eta ez dira kontziente nola eragiten dien —ezta heldu askok ere—. Horregatik momentu guztiak zaindu behar dira. Beldurra aktibatzen denean pertsona segurtasun bila abiatzen da baina lortzen ez badu antsietatea eta angustia agertzen dira. Horrela bada, adierazle batzuk ager daitezke, adibidez egonezina, loaren eta elikaduraren alterazioa, jokabide erasokorrak, isolamendua... umearen arabera desberdinak. Beldurra gutxitu egiten da modu ezberdinetan kanporatzen dugunean. Helduok gure beldurrez hitz egiten dugunean, behin eta berriro partekatzen ditugunean, gutxitu egiten dira. Umeen kasuan, ipuinen bidez (horretarako egokiak direnak noski), jolasaren bidez, marrazkiaren bidez, proiektatu eta mamitzen dute beldurra. Horretarako momentuak behar dituzte, helduaren presentziarekin, ez egotearekin soilik. Presentzia esan nahi dut helduak umearen prozesuak jarraitzen dituenean, ez dagoenean bere beharrei begira bakarrik. Horrela dagoenean, umea presentzia horretaz jabetzen da.
EGOKITZAPENA
3 urteko haurrentzat ez da egokitzapenik planteatu gure ikastetxean. Iaz oso hilabete gutxi eskolan egin zituzten haur hauekin modu berezian jokatu beharko genukeela uste dut, baina gure ikastetxean eta zikloan ez da ezer planteatu, eta dauzkagun protokoloekin neuri ere ez zait erraza egiten nola jokatu pentsatzea. Argibiderik?
EGUNEROKO FENOMENOA da egokitzapena, testuinguru batetik beste batera igarotzen garenean gertatzen dena, hau da, 2 urterekin, 3rekin eta 40rekin gertatzen dena, noski modu ezberdinean pertsonaren garapen momentuaren arabera eta testuinguru aldaketaren arabera. Ikastetxean hori aintzat hartzea funtsezkoa da eta ideia da berriro ere segurtasuna bermatzea, umearen erritmoa errespetatzea, denbora ematea. Beti esan dut umearen denborak eta gureak ezberdinak direla, gurea cronos-a, kanpoko eskaeretatik datorrena eta beraiena gorputzarena, naturala. Testuinguru aldaketa denak zaindu behar ditugu, bai sarrera eta irteerak, bai jarduera aldaketak, atseden, garbiketa, elikadura zein gainerako momentuak. Segurtasun beharra denontzako oinarrizko beharra den arren, lortzeko moduak desberdinak izan daitezke adinaren arabera eta pertsonaren arabera. Hori esaten dut joera handia dugulako denekin modu berdinean jokatzeko edo esku-hartzeko, eta iruditzen zait pertsona bakoitzari egokitu behar zaiola esku-hartzea. Bakoitzak prozesua modu desberdin batean bizi du, batzuk arinago lortuko dute seguru sentitzea eta, beste batzuek, beranduago, horregatik esaten dugu egokitzapena banakakoa izan behar dela, gauza bera ez dela denentzat baliagarria. Dugun egoeran umeak jasotzen duen mezua da “kontuz!” gauza guztiekin, eta batez ere harremanekin, justu pertsonak berezkoa duen horrekin. Nolabait, antinaturala da kontuz hori umearentzat, bere barruko bulkada eten egin behar du eta hori oso zaila da umearentzat, zaila ulertzeko ere. “Kontuz jolasarekin, ezin duzu edonon egin ezta edonorekin” jasotzen du umeak etengabe. Esan nahi dudana da beldurra eta segurtasun eza aktibatzeko osagarri guztiak bizi dituela, protokoloak barne. Bere munduaren mugatze horrek inoiz baino segurtasun gehien eskatzen du helduaren partetik. Hor jarri behar da arreta guztia.
BELDURRA
Konfinamenduan koronabirusari beldurra; ondoren, kalera ateratzeari beldurra... Orain, eskolan hasteari beldurra. 5 urteko gure alaba, inoiz ez bezala, beldurturik dago testuinguru honetan. Nola lagundu beldur horiekin?
USTE DUT beraien bizipenetan akonpainatu behar ditugula segurtasuna emanez eta, esan dudan moduan, horretarako gure segurtasunarekin lan egin behar dugu. Ezinezkoa da ume bat seguru sentitzea segurtasuna ematen dion heldua beldurtuta baldin badago. Galdera da, eta zer behar dugu guk seguru sentitzeko? Gure familia eta lagunen euskarria behar dugu, geure lanketa pertsonala behar dugu eta seguruago sentiarazten diguna egin. Segurtasuna transmititu umeari egunean 24 orduz, etxean eta mendian, kalean eta eskolan, jakin dezala beti egongo garela prest gu, edo berarentzako esanguratsua den helduren bat, bera beldurtuta dagoenean. Agian gure desira da umeak beldurra ez sentitzea baina batzuetan ezingo dugu ekidin, hori bai, aktibatzen denean presente bagaude umeari egin ahal diogun oparirik handiena da.
KANPO ESPAZIOAK
Gure ikastetxeak kanpo espazio asko dauka, eta eskolatik gertu parke natural ederra daukagu... baina irakasle gehienak ezkor ikusten ditut kanpo espazioak erabiltzeko, eta nahiko genukeenok ere ez dakigu oso ongi nola hasi. Jolas libretik harago, zer egin dezakegu naturan? Niri espazio irekia kontrolatzen zailago egiten zait, gainera...
UMEAK HAUR HEZKUNTZAN duen pentsamendua nahiko konkretua da, hortik hasten da pertsona bere pentsamendua garatzen, konkretutik abstraktura. Lehenik material errealekin esperimentatu behar du, material horiek ukituz, usainduz, dastatuz, manipulatuz, erabiliz, errealitatearekin aritu behar da gero errepresentazio mailara igarotzeko. Naturak eskaintzen duena hain zuzen hori da, material erreala eta gainera prozesuan, aniztasunean, etengabeko aldaketan. Egin ahal zaion eskaintzarik aberatsena da.
Aipatzen duzunean jolas libretik harago zer dagoen, esango nuke esperimentazioa ere badagoela, biak baitira umearen bizitzeko moduaren zutabe nagusi. Umeak jolaserako eta esperimentaziorako aukera infinituak ditu naturan, bai bakarka zein taldean. Bizipen horietan ematen diren prozesu konplexu eta aberats horiek dokumentatu behar dira, bizipen horien testigantza jaso behar da ume, familia, hezitzaile, eskola eta komunitatearekin partekatzeko, umeei egiten diegun eskaintza doitzeko, hausnartzeko, beraien beharrak hobeto betetzeko, ume bakoitzarengana heltzeko, eta hori ez da gutxi.
EMOZIOAK ETA EDUKIAK
6 hilabeteren ondoren, haur batzuk uzkur hasi dira, beste batzuk, alteratuta... gehienak, ukituak. Arduratzen nau egoera emozional horiek nola kudeatu, baina gurasoen aldetik edukiarekin aurreratzeko presioa daukat. Nola atenditu hain behar ezberdinak dituzten haurrak testuinguru zail honetan, eta gainera, edukia emateko presioarekin?
PERTSONA HARREMANEAN garatzen den izakia da, harremanean jaio, harremanean elikatu, harremanean atseden hartu, harremanean segurtasuna izan, harremanean bestea ezagutu, harremanean ezagutza garatu, bere burua harremanean ezagutu, mundu fisikoarekin harremanean garatu, dena harremanean egiten du. Egoera honetan harremana erdigunean jarri beharko genuke. Hori da edukia, bizipen horiek dira edukia, emozioak dira edukia eta, gainera, lehentasuneko edukia. Zergati diot hori? Pertsona bat ez badago baretasun emozionalean bestelako edukia ez duelako esanguratsuki barneratzen, agian mekanikoki eta kasu gehienetan hori ere ez, epe labur edo ertaineko memorian geratzen delako. Ongizate horretan ume denen beharrak berdinak dira, desberdina dena modua da. Irudikatzen dut bizi dugun egoeraren aurretik, ume gehienak segurtasunean egongo zirela gehienbat, baina egun bizi dugun egoera irudikatzen dut ume gehienak izango dutela beldurra aktibatuta eta hezitzailearen lana —ume denei segurtasuna ematea— laukoiztuko dela, zerbait esatearren. Bizitzen ari garen esperientzia honek zerbait erakutsi baldin badigu da, nire ustez, zer den benetan garrantzitsua, non jarri behar ditugun indarrak eta baliabideak: hezkuntza, osasuna, zaintza… Hezitzaileek bere burua zaindu behar dute eta eskolak zaindu behar ditu. Administrazioak eskolak zaindu behar ditu, baita familiak ere, bestela haurtzaroa arriskuan dago, eta haurtzaroa da gizartearen altxorrik preziatuena.