Alexander Barandiaran | MUko HUHEZIko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea
HAURTZAROKO GABEZIAK
Nire bikotekideak 26 urteko semea dauka, eta nire ustez gabezia handiekin hazi da (euskarririk ez, heldu erreferenterik ez, araurik ez, gurasoekin harreman txarra…). Orain, ez lanik egiten du, ez ikasten, ez du ezer egiten. Batetik iruditzen zait semearen ardura gabezia belaunaldi kontua dela (Lanbide Heziketan lan egiten dut eta gazte askoren jarrera antzekoa dela ikusten dut), baina, era berean, bere hazierako gabezien ondorio ere badela iruditzen zait, hainbeste esaten den haurtzaroaren garrantzi horretan hutsune askorekin hazi delako. Txikitan gisa honetako gabeziekin hazi diren gazteekin zer egin dezakegu motiba daitezen, bizitza nolakoa den ikus dezaten eta zerbait egin dezaten?
EZ DA ERRAZA, horrela eraiki bada oso galduta egongo delako. Uste dut psikoterapia aukera on bat dela, agian ez bera bakarrik joateko, familiaren parte-hartzea ere oso baliagarria izan daiteke, azken finean, bertan eraiki delako eta gabezi horiek berbidera daitezkeelako. Bestalde, hor daude agerian antza euskarrik eza, heldu erreferenterik eza, araurik eza eta abar. Gurasoak gai horiei buruz hausnartzea komenigarria litzateke.
Zer da aldatu behar dutena euskarri izateko? Zer erreferente bihurtzeko? Orain arte egindakoak ez dio antza mesederik egin, beraz zer da aldatu behar dutena semearekin beste harreman osasuntsuago bat eraikitzeko? Nola jartzen dizkiote mugak? Nola adosten dituzte arauak berarekin? Nola bizitzen dute bera eta zer transmititzen diote hitzik gabeko komunikazioak? Hobe beti aldaketa norberetik hastea eta horrek eragina izango du bestearengan; zaila baita norbera aldatu gabe bestea aldatzea.
Beste bide bat izan daiteke berari erakustea bere gaitasunak garrantzitsuak izan daitezkeela ekimen sozial batean laguntzeko, aztertuz zein arlotan egin dezakeen bere ekarpena eta ekintzara bultzatuz. Hartara, bera ere besteentzat baliagarria dela ikusiko du. Baliagarria sentitzea oso positiboa da norberaren autoirudirako eta autoestimurako, bizitzari zentzua ematen dio eta denok bilatzen dugu balio hori. Horregatik, errekonozituak ez garenean gaizki sentitzen gara.
Haur garenetik gure gurasoengandik errekonozituak izan behar dugu ondoren geure burua errekonozitzeko, eta ispilu hori jartzen ez badigute galduta senti gaitezke. “Ikustezina” izatea baino gauza txarragorik ez dago.
BIRZIKLAPENA
Urtetik urtera gero eta gehiago gastatzen dugu eskolako materialean, ez material hobea ekartzen dugulako, baizik eta xahutu egiten dugulako. Birziklatzea edo berrerabiltzeko ohitura galtzen ari garela iruditzen zait. Nola erakutsi haurrei berrerabiltzearen garrantzia?
ADINAREN ARABERA zailagoa da horretaz kontzientzia hartzea. Haur Hezkuntzako umeak oraindik dezentrazio prozesuan daude baina LH2tik aurrera proiektuak egin daitezke haien interesetatik abiatuta eta haien egunerokotasuna birziklapenarekin lotuz. Halere, norberetik hastea garrantzitsua iruditzen zait, eredu garen heinean; nola birziklatu, zergatik, noiz eta zertarako erakuts diezaiekegu esplizituki. Prozesu bat da, egun batetik bestera lortzen ez dena, baina beraien eta haien inguruko kontzientzia izatea bultzatzen badugu, gero eta lorpen gehiago izango ditugu. Hori da eskolaren erronka garrantzitsuenetako bat, hain zuzen, garapen pertsonalean indarra jartzea, modu globalean, azken finean garapen pertsonalak zerikusia duelako norberaren kontzientzia mailan eta, norbera testuinguru batean bizi denez, baita ingurunearen kontzientzian ere; hau da, pertsonen egoera, inguru naturala, gizarteak sortutakoa, kultura desberdinak eta abar.