Alexander Barandiaran | MUko HUHEZIko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea
NATURA
Heziketa berdearen gaia eta naturaren balioa interesatzen zaizkit irakasle bezala, baina gelako umeei natura ez zaiela asko interesatzen sumatzen dut. Nahiago dute barruan jolastu, kanpoan baino. Nahiago dute parkean ibili, eskola ondoko zelaian baino. Naturak dakartzan mesedetan sinesten dugun bi irakasle elkartu gara, baina, umeen ohiturak aldatzea zaila egiten ari zaigu. Batetik, nola motibatu haurrak naturako elementuekin ibiltzera edo bestela, nola konpentsatu genezake naturaren balio hezigarria, naturara atera nahi ez duten umeengan?
Agian interesgarria izan daiteke natura eskolara ekartzea eta hortik abiatzea proposamenak. Esperimentatzeko gunea antolatu naturako elementuekin, aukera infinitoak daude materialari begira umeak naturaren elementuetatik ezagutza eraikitzeko. Kanpo espazioaren eskaintzan ere hainbat elementu sar daitezke. Proiektu interesgarria izan daiteke eskolarentzako kanpo espazioaren eraldaketa naturako elementuetara ahalik eta gehien hurbilduz egitea, mikrosistema natural bat eraikiz. Hortik abiatuta, naturara bidaiak proposatzea ideia ona izan daiteke edota baso-eskoletara bisita egitea, posible bada. Natura gu gara, pertsonaren izatearen parte, beraz, baldintzak ematen baldin badira edozeinek senti dezake bere izaera bat egiten dela ingurune naturalarekin. Hori baino errealagorik ez da, eta umeek errealitatearekin kontaktuan egon behar dute, esperimentatuz eta bertan sortzen den edertasunera eta konplexutasunera hurbilduz.
JOLAS MOTAK
Gure 8 urteko umea, txikiagoa zenean, jolas askotan ibiltzen zen: piezak zulotxoetan sartzera edo ahokatzera, puzzleak, gauzak ordenatzera, eraikuntzako materialak… Txikiak 5 urte ditu eta sekula ez da horrelako jolasetan ibili. Ez da jostailuekin jolasten, gehienean sinbolikoan ibiltzen da (ume/ama, andereño…), edo mozorrotzen edo margotzen… Eraikuntzako materialak, lerrokatze-koak… gisa horretakoekin ibiltzen ez bada, mundu aberats bateko atea ez duela irekitzen iruditzen zait niri, bere amari (oso mundu matematikokoa naiz ni). Gonbidatu egin beharko nuke? Beste modu batera ariko da espazioa, materialak eta beste gauza batzuk deskubritzen?
JOLASAK, EBOLUZIOAN gertatzen den beste prozesuen modura, adin bakoitzean forma desberdina hartzen du. Ideia da ez direla etapak erretzen, baina etapa bakoitzean, orokorrean hartuta beti ere, fokua nonbaiten jartzen da. Adibidez, 8 urtekoa jada jokoen aroan dago, jolasaren ostean ematen dena adin horretan, baina horrek ez du esan nahi jokoetan soilik aritu ahal denik. Txikiaren kasuan, ostera, duen adinean oso ohikoa da jolas dramatikoa eta soziodramatikoa jolasen artean “izarra” izatea. Horrek ez du esan nahi beste jolas batzuk egin ezin dituenik. Horrek eramaten gaitu pentsatzera interesgarria dela eskaintza ahalik eta anitzena eta erakargarriena egitea, berari utziz bere interesen arabera aukeratzen. Izan konfiantza eskaintza zabalaren aurrean berarentzako momentu horretan onena dena aukeratuko duela, nahiz eta berak ere ez jakin zergatik egin duen aukeraketa hori. Jolasa aske izatea da garrantzitsua, jolastera presionatu gabe, kanpoko helbururik jarri gabe. Bere burua eta ingurunea deskubritzea berezko joera da umeengan, bere adinerako espazio eta material anitz eta egokiak, eta heldu sentikor bat besterik ez ditu behar.
BERRIKUNTZA PEDAGOGIKOAK
Urteak daramatzat berrikuntza pedagogikoaren inguruan formatzen, baina nire ikastetxea oso atzera gelditzen ari da arlo honetan, eta arrakala gero eta handiagoa ari zait egiten. Nire gelan uzten didate, eta zikloko irakasleekin harreman ona daukat, baina beti zuzendaritzaren horma aurkitzen dut. Nola egin aurrera berrikuntzan sinesten ez duen ikastetxe batean?
EZ DA GALDERA ERRAZA planteatzen duzuna, erakundeetan aldagai asko daudelako jokoan edozein berrikuntzaren aurrean. Erakundea bera oso konplexua da eta oso lotuta dago bertan dauden pertsonei eta eraiki diren harremanei. Hasteko, garrantzitsua da jakitea nondik datorren aldatzeko motibazioa. Agian ez da ematen den praktika zehazki aztertu, baina sentsazioa dago ez dela ikastetxean dagoen errealitatera egokitzen; agian ikusi da kanpoan mundu guztia berritzen ari dela eta norberak ere olatu hori harrapatu nahi du bestela horrek eragina izan dezakeelako matrikulazioetan; agian beste hezkuntza eredu bat desiatzen da; agian beste esperientzia batzuk ezagutu dira eta oso interesgarritzat jo dira norberarentzako; agian beste arrazoi batzuk daude edota motibazio denak daude ikastetxeko pertsonen aniztasun horretan.
Dena dela, garrantzitsua da egoeraren diagnosi sakon bat egitea eta hori bultzatzea, edo kontzientziaraztea edozein lanek behar duela egin denaren gaineko ebaluazioa. Modu horretara ere jakin daiteke non dauden berrikuntzarako oztopoak. Komunitatea bat delarik, garrantzitsua da ikastetxearen etorkizunerako adostasunean oinarritzen den proiektua izatea, partaide guztiak bere ikuspuntuaren zati bat proiektuan islatuta izatea. Proiektu bat indartsua izango da denen proiektua denean, ez soilik batzuena, horrek ez baitu etorkizunik, eta Euskal Herrian horren adibide ugari ditugu, gehiegi agian.
Denen ahotsa kontuan izatea garrantzitsua da eta horretarako hausnarketa prozesu bat abian jartzea komeni da. Itxurakerian hain trebatuak gauden gure gizartean, zaila da kultura hori aldatzea, baina ez dago beste biderik proiektuak etorkizuna izate aldera. Bakoitzak bere iritzia libreki botatzeko testuinguruak jarri behar dira, gero negoziatu eta adostasunetara iristeko. Horrek ez du esan nahi nire desio guztiak beteko direnik (bestela nire proiektua litzateke) baina bai nirea ere kontuan hartu dela. Pertsonen arteko harremana gakoetako bat da.
ARAUAK
Gure 6 urteko alabak garrantzi handia ematen die arauei, batzuetan handiegia gure ustez. Taldean, adibidez, norbaitek araua ez betetzeak asko arduratzen du, eta ezinegon handia eragiten dio. Berak ere arau-hausteren bat egiten badu, ondoren bere buruarekin oso gogorra den irudipena daukagu. Gaizki pasatzen du. Nola lagundu diezaiokegu zama hori arintzen?
AGIAN ALABA BESTEEKIN ALDERATUTA beste etapa batean sartzen ari da. LHtik aurrera arauek gero eta pisu handiagoa hartzen dute eta arau-hausteak gatazka sortzen du. Baina bere taldekideak agian ez daude hor oraindik eta horrek gatazka sortzen dio. Halere, gatazka horiek bestea desberdina izan daitekeela konturatzeko baliagarriak dira eta hortik pasatzea ezin da ekidin, nahiz eta gurasook geure umeak “gaizki” pasatzen duela ikustean guk ere gaizki pasatzen dugun, eta saiatzen garen horretatik babesten. Ulertzen badugu hazkuntzaren parte dela, egoera onartzeko aukera gehiago dauzkagu eta umearen bidaide izan gaitezke. Ez dena osasuntsua da gatazkak ekiditen ibiltzea denbora guztian, ez digu onik egiten, ezin diegu umeei hori transmititu.
Bestalde, arauek esaten digute gauzak nola izan behar diren eta hori txikitatik barneratzen dugu alderdi askotan. “Gauzak horrela izan behar dira, gauzak horrela egiten dira, zu horrelakoa izan behar zara” eta halako mezuak transmititzen dizkiegu umeei. Horrekin kontu izan behar dugu, zeren askotan errealitatea ez baita izaten guk nahi dugun modukoa eta gatazkara bideratzen dugu gure espektatibak betetzen ez dituenean. Ez da berdina “gauzak honela edo horrela edo modu askotara izan edota egin daitezke, zu modu askotakoa izan ahal zaitezke” bezalako mezuak transmititzen badizkiegu.