Miren Camison | Haur filosofian eta prebentzioan aditua
LANERA ITZULERA
2 urteren ostean lanera bueltatu behar dut eta alaba aita edota amonarekin egongo da ni lanean naizen bitartean. Hutsune hori nola konpentsa nezake?
LANEAN EZ GAUDENEAN, gure presentzia eta arreta eskaintzen ahal diegu gure seme-alabei. Gustatzen zaizkizuen gauzak elkarrekin egin ditzakezue alabarekin: jolastea, besarkatuak zaudeten bitartean ipuinak irakurri edota kontatzea, masajea ematea, paseatzea, etab. Bi urterekin bularra hartzen badu alabak, ama etxera itzultzen denean bularrean egoteko beharra adieraziko du ziurrenik. Eta bularra ez duenean hartzen amarekin arreta esklusiboko uneak edukitzea ere eskatu dezake, nahiz eta askotan hitzez adierazten ez dakien. Amarekin betiko harreman goxoa, hurbila eta komunikatiboa bizitzen jarraitu nahi du. Bion arteko harremanaren kalitateak berdin jarraitzen duela sentitu nahiko du nahiz eta denbora pixka bat gutxiago elkarrekin egoten hasi.
GAIZKIAZ HIZKETAN
5 urteko alabari gauza guztiak esplikatzeko ohitura daukat, eguneroko gauza txikiak nola munduko handiak. Zalantza daukagu “gaizkia” azaltzea egokia den ala ez. Berarentzako mundua “ona” da, baina tarteka esaten diogu gerrak daudela… Nola eta noiz azaldu haurrei munduan dena ez dela ederra?
BOST URTEKO HAURREK giza harremanen bizipen bat daukate: familian, eskolan, parkeetan, auzoan… Eta harreman guztiak ez dira beti “onak”, “egokiak” edota “idealak” izaten. Bizikidetzak ziurrenik utzi die sentitzen besteekin egon nahi dutela baina harreman batzuk gaztazkatsuak izan daitezkela, eta ziurrenik behin baino gehiagotan negar egin dute egoera batzuetan. Halabeharrez, ongia eta gaizkia deskubritzen joaten dira, bizi diren gizartearen etika balio, arau eta kultura ohituretan esperientzia irabazten doazen heinean. Mundua hainbatetan ederra dela eta besteetan ez dela ederra deskubritzen hasiak dira. Gurasook haurrei beti egia esatea zor diegu. Egiak mundu zabal eta konplexuan kokatzen uzten dielako. Egiak beraien barrua egituratzen duelako. Erabiltzen ditugun kontzeptuak eta azalpenak haurrek duten adinera egokitu besterik ez dugu egin behar, konfiantzazko komunikazioari atea irekiz.
ZELOAK
Bi urteko aldea duten alaba bi ditugu, 7 eta 9 urtekoak. Harreman ona duten arren, hainbat unetan jeloskor jartzen dira. Txikiagoak zirenean ere bai, eta oraindik ere bai. Adin kontua izan ohi da ala horrekin bizitzen ikasi behar dugu? Nola kudeatu ditzakegu jeloskortasun egoera horiek?
HAINBAT GALDERA proposatu ditzakegu etxe bakoitzean anai-arreben arteko gaztazken inguruan pentsatzen hasteko:
- Badira aste lasaiagoak (anai-arreben arteko harremana orekatuagoa dena) eta beste batzuk aztoratuagoak (beraien arteko gatazka edo lehia egoera nabarmenagoa dena)? Lasaiagoak direnen ezaugarriak identifikatu ditugu? Eta aztoratuagoak direnenak?
- Anai-arreba bakoitza ezberdina izaten da (izaera, interesgune…) eta bakoitzari bereziki behar duena eskaintzen saiatzen al gara egunerokotasunean?
- Arreta esklusiboko uneak bizitzen al ditu seme edota alaba bakoitzak guraso bakoitzarekin noizbehinka?
- Etxetik kanpo bizi izan duten egoera deseroso baten haserreak ateratzen al dira etxean sortu den gatazkan? Edota etxean ongi kudeatzen bukatu ez den haserreren bat berpizten ari da?
- Identifikatzen al dugu seme-alabek asetu gabeko behar bat ala gehiago metatzen joan direnik azken asteotan?
- Nola nago ni? Nola dago gurasoon presentzia? Eta bikote harremana?
- Gurasook lasaitasunez kudeatzen al ditugu anai-arreben arteko gatazkak? Edota lehia edo gatazkaren erdian errudunak eta biktimak bilatzen ditugu nahi izan gabe ere?
- Bizikidetza batean inoiz gatazkarik ez egotea espero dugu? Edota desadostasun egoerak bizikidetzarako aukera positiboak bezala ikusten ditugu?
- Gurasook egoera gatazkatsua baretzeko gai gara edota gu ere gatazkaren barruan sartzen gara, geure lasaitasuna galduz? Gurasook lasai egoteak edota urduri jartzeak eragina izan dezake haurrengan?
- Helduok erreakzionatzen dugun moduaren bitartez zerbait ikasten duten haurrek? Bortizkeriarekin eta asaldaturik erreakzionatzen badugu, zein mezu mota transmititzen ari gara? Lasaitasun, maitasun eta pazientziaz erreakzionatzen badugu, zein da ematen dugun mezua eta zer ikasten dute gure seme-alabek?
- Gu haurrak ginenean inguratzen gintuzten helduek (etxean, eskolan, gizartean) haurren arteko gatazketan samurtasunez, entzunez eta pazientziaz erreakzionatzen zuten?
Bizikidetzak hainbatetan harreman atseginen poztasuna ekartzen digu. Beste batzuetan, ordea, harreman desatseginen bizipena izan dezakegu: norbera ulertua, baloratua eta errespetatua ez sentitzea hainbat egoeratan. Haurrak beraien buruarekin edota besteekin ongi sentitzen ez direnean, haserrealdi eta gatazka egoerak sortarazi ditzakete, arrazoi ezberdinak direla eta.
Guraso eta helduok gatazka egoera bat bizikidetzarako ikasketa une berezi bezala sentitu eta irtenbidea aurkitzeko beharrezkoa den denbora eskaini ordez, askotan gaizki sentitu gaitezke, guk geuk haserretzen bukatu eta gatazka sobera azkar ebazteko presa ikaragarri izan.
Lehenik eta behin, egoera gatazkatsuei gure arreta eta denbora eskaintzea litzateke lehenengo pausoa. Arrazoi desberdinengatik atsekabetuak dauden haur ezberdinen arrazoiak entzuteak, gure denbora eta presentzia lasaia eskatuko du. Beraien barruko egoera deskribatzen duten hitzak aurkitu arte denbora eman behar diegu, inongo epaiketarik aurreratu gabe.
Ondoren, helduok egoeraren aurrean, erreakzio emozionalik ote dugun ohartzea litzateke hurrengo urratsa: lasai gauden edo lasaitasuna galtzen hasi garen konturatzea. Lasaitasuna galtzen dugun egoeretan, horren arrazoiak identifikatzen saiatu gaitezke. Helduontzako, haurren arteko gatazka egoerak, geure buruak ezagutzen jarraitzeko aukera paregabeak izaten dira.
Eta azkenik, une horretan, haurren arteko haserrealdia eta mina oso handia izaten ari dela ikusten badugu: haurrei gure lasaitasuna transmititu, arreta emozionala eskaini eta beraien emozioak ateratzeko baimena eman diezaiekegu (negarra, amorrua… adierazten utzi beste inor mindu gabe). Eta haserraldi handia igaro ostean, beste une edo egun bat bilatu dezakegu, lasaitasunez gertatu zenaz ganoraz solastu ahal izateko.
Gatazka edo jeloskortasun egoerak zerbaitengatik azaltzen dira eta beraien arrazoien sustraietara joaten saiatu behar dugu. Familia sistema guztia finkatzeko, sendotzeko eta gizatiartzeko une ezin egokiagok izan daitezke.