Alexander Barandiaran | MUko HUHEZiko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea

HARREMANAK ETA ESPAZIOAK

Herri txiki batean bizi gara, eta gure 7 urteko semea eta bere lagunak askatasun handiz mugitzen dira herritik. Horri abantailak ikusten dizkiogu. Hala ere, irudipena daukagu herri oso txikia izanik, ea tarteka espazio eta inguru berri bat eskaintzea komenigarria izango litzaigukeen, eta horrek aberastuko ote gaituen, ondoko herri handiago batera tarteka joanez eskolaz kanpoko ekintza batera, esaterako. 

OROKORREAN BERBA EGINEZ, espazio eta inguru berriak ezagutzea beti da aberasgarria baina beti ere baldintza batzuetan. Lehenik umea bera prest egon behar da joateko. Helduok proposamena egiten diogu umeari, ahalik eta modu erakargarrienean, bere interesa pizteko, eta ondoren umeak erabaki dezala. Behartzeak ez dio mesederik egingo. Batzuetan helduontzako interesgarria eta aberasgarria dena, ez da umearentzat, baina tematu egiten gara eta kontrako efektua lortzen dugu.

Umeak gure proposamenari baietz esaten dionean, garrantzitsua da aukeratzen dugun eskolaz kanpoko ekintza umearen gustukoa izatea eta bizi duen esperientzia gustagarria izatea, ez izatea esperientzia txar bat. Gogoratu berritasunak interesa piztu ahal duela baina aldi berean beldurra eta intseguritatea ere  bai. Seguritatea ematen diona egiten asmatzen badugu, bikain. Adibidez, denoi seguritatea ematen digu zer gertatuko den jakiteak, nolakoa izango den goazen lekua, norekin egongo garen, zenbat denbora, zer gerta daitekeen… Hori umearekin egunero egitea ez dago soberan. Kasu honetan, heldua aurrez joaten bada inguru berri horretara eta esperientzia nolakoa izan daitekeen irudikatzen badu, bertakoei galdetuz, adibidez, konfiantza har dezake umeari egingo dion proposamenaren aurrean eta hori berari transmititu. Lagunartean joatea ere interesgarria izan daiteke esperientzia positiboagoa izate aldera.  


ZELOAK

Seme zaharrena izan genuenean hazierari buruzko informazio gutxi genuen, eta 2 urte zituenerako bere anaia izan genuenean zeloak bizi izan zituen, eta pasa beharrekoak zirela pentsatuz ez genituen oso ondo kudeatu. Gero irakurri dugu atxikimenduaz eta antze-ko gaiez... Orain 7 urte ditu eta anaiarekin oso ondo moldatzen den arren, bere izaeran besteekiko inbidia handia nabaritzen diot. Bere momentuan falta izan zuen hori konpentsa al dezakegu orain?

ZAILA DA ESATEA ZERBAIT KONPENTSATU behar duzuen, “ez genuen ondo kudeatu” horren atzean zer gertatu den jakin barik. Agian ez da ezer konpentsatu behar edo agian arreta indibidualizatua behar du, hau da, bereak soilik diren espazio eta esperientziak. Hori inoiz ez dago soberan, ume bakoitzak bere momentuak behar ditu gurasoekin, ezin da egon beti gurasoekin dituen momentuak anai-arrebekin partekatzen. Zeloen gaia ez da bakarrik umezaroan ematen, bizitza guztiko kontua izan daiteke. Inbidiarena lotuta egon daiteke agian berak sentitzen dituen gabeziekin. Hala balitz garrantzitsua litzateke nola ikusten duen umeak bere burua eta identifika-tzea zeintzuk behar dauden asetzeke. 


ARDURAK

4 urteko alabak gehiegizko ardura hartzen du urte eta erdiko bere anaiarekiko. Gu saiatzen gara hori ekiditen, baina gu presente gaudenean ere bera da errepidea guru-tzatzeko eskua ematen diona edo txikiak ezin badu besoetan hartzen saiatzen dena. Ez du egiten jolas moduan, berak gaizki pasatzen du txikia “arriskuan” ikusten duelako. Senide zaharrenaren jokaera arrunta da? Nola eragiten dio berea ez den ardura hartzeak?

SENIDE ZAHARRENAREN JOERA ARRUNTA denik ez nuke esango, kasu batzuetan ematen da eta beste ba-
tzuetan ez, aldagai askok dute eragina. Gerta daiteke adibidez gurasoen arreta lortzearekin zerikusia izatea. Neba txikiak berak baino behar gehiago ditu eta gurasoak behar horiek ase behar dituzte, bera aldiz, askoz autonomoagoa da eta arreta gutxiago behar du. Bi mugimendu ematen dira kasu horietan, edo neba-arreba txikiaren kontra jo edo aliatu eta gurasoen arreta eskuratu. Askotan egun berean mugimendu biak ere eman daitezke. Adin horietako edozein umek kudeatu behar du egoera gatazkatsu hori. Gurasoak beraren-tzat soilik nahi ditu, ez ditu inorekin partekatu nahi baina txikiago den horrek gurasoen arreta gehiago du. Gainera esan diote “usurpa-tzaile” hori maite behar duela, askotan zaindu ere egin behar duela. A ze zaila! Umearen arabera, modu batera edo bestera kudeatuko da egoera, beti ere inkontzienteki. “Pasatu” egin behar da. Helduok saiatu behar gara beti ere ez erruduntzen umea.
Gerta daiteke gurasoak beraiek kontziente izan gabe ardura handia izatea ume txikiaren arrisku egoerekiko eta hori nahi gabe transmititzea. Kasu horietan helduak norbere burua aztertu eta kontzientziara ekarri behar du gertatzen zaiona. Konfiantza ematen digutenen aurrean beldurrak azaleratzeak on egingo digu. Gogoratu umea aldatzeko lehenengo urratsa norbera aldatzea dela. 


UME GAIZTOAK

Haur Hezkuntzako andereñoa naiz. HH5en egon naiz aurten eta izan dut haur bat beti (edo gehienetan behintzat) besteei mina egitea bilatzen zuena: batekin adiskide izateko hirugarren bat baztertu behar duen horietakoa; besteez barre egiten... denbora guztian ikusten zaio begiradan okerra bilatzen duela neskatoak. Bere etxean ez dut arrazoirik topatu, eta lankideek esaten didate, sinpleki, badirela ume batzuk gaiztoak direnak. Nik ez dut hala pentsatu nahi. Nola kudeatu horrelako egoerak?

EZ DAGO UME GAIZTORIK, ez dago transmititzen den gaizkiaren generik. Saiatu behar gara umea ulertzen. Bere jokabidea, bere historia pertsonalaren eta momentuan bizitzen ari denaren ispilu da. Zer dago agresibitate horren atzean? Agresibitatea mehatxu pean gaudela iruditzen zaigunean aktibatzen dugu. Iruditu esan dut, bai, agian inguruan gaudenontzat ez dagoelako mehatxurik, baina bizipena halakoa da pertsonarentzat. Hori gertatzen zaie askotan atxikimendu insegurua eraiki duten umeei. Mundua beraientzako mesfidantza sortzen duen lekua da eta oso alerta egon behar dute badaezbada. Bere beharrak asetuak izan ez dituen umeari askoz arinago aktibatzen zaio agresibitatea. Halako umeek arreta handiagoa eskatzen dute, behar dute, baldintzagabeko onarpena ezinbestekoa da. Hori ez dago mugak jartzearekin kontrajarria. Gelako harremanak kudeatu behar dira eta besteekiko jokabide suntsitzaileak ez dira onartu behar. Onarpena bestearen aitortzarekin hasten da. Onartua sentitzen ez den umeak, agresibitatea aktibatzeko askoz ere aukera gehiago ditu. Beraz, umea onartu eta onarpen hori adierazi ez-hitzez ere, begirada, laztan eta musuen bidez. Agian aldaketak ez ditugu egun batetik bestera ikusiko, konfiantza eraikitzea kosta egiten zaie. Oso garrantzitsua izango da irakaslea sentikorra izatea eta umearekin ikasturte bat baino gehiagotan mantentzea.