Miren Camison | Haur filosofian eta prebentzioan aditua

BIGARREN HAURRAREN ETORRERA 

Bigarren haurraren etorrera dela eta, kezka dugu nola sentituko den bi urteko alaba. Bigarrena jaiotzean bi urte eta erdi izango ditu. Nola eman diezaiokegu bestearen etorreraren berri? Zer egin ahalik eta modu positiboenean bizi dezan prozesua eta bazterketa sentsazioa saihesteko?

BIGARREN SEME-ALABAREN JAIOTZAK FAMILIAKO KIDE guztien egokitzapen-prozesua ekartzen du. Bigarren haurdunaldi honetan, gurasooi zalantza edota kezka desberdinak sortu ahal zaizkigu: lehenengo seme-alaba hainbeste maitatzen badut, bigarrena ere horrenbeste maita dezaket? Bularra ematen jarraitu behar dut edota hobe dut edoskitzea etetea? Gai izango ote gara bi haurren beharrak asetzeko? Nola egin bigarrena baztertua ez sentitzeko?

Bi urte eta erdiko haurrak gurasoen disponibilitate emozional, maitasun, arreta eta presentzia guztia behar du. Eta anai edo arreba txikia jaiotzen denean gurasoengatik arreta, maitasun eta presentzia berdina jasotzen jarraituko duela espero du.

Haurtxo berriaren jaiotzarekin, gurasook bi haurrei beraien arreta eta lekua ematen asmatzen saiatu behar dugu. Gure haur nagusiak ikusiko du ama garenok jaioberriari arreta, maitasuna eta gure gorputzaren berotasuna eskaintzen diogula, eta berak ere sentitu nahi du berarentzako ere ama emozionalki eskuragarri dagoela behar duen aldiro, jaioberriarentzako dagoen moduan. Kontuan hartua izan nahi du.

Haurdunaldian bi urteko haurrari bularra eman badiogu, txikia jaiotzerakoan, biak eradoski ditzakegu, biei irekiaz eskuragarritasun emozional egokiaren bidea, maitasunez. Aitzitik, bi urte eta erdiko haurrari bularra ematen ez badiogu, txikiari bularra ematen diogunean berari ere gure gorputzaren berotasuna eskaini diezaiokegu, eta besarkada zabal batean hirurok goxo elkartuta egoteko aukerak sortzea zoragarria izan daiteke. Sentitu dezala denontzako lekua dagoela.

Garai honetan oso ohikoa izaten da anai-arreba nagusiek erregresioak bizitzea: esaterako, ordu arte bakarrik jaten bazuen, orain amak jaten ematea nahi izatea; bere ohean lo egiten bazuen, gurasoekin lo egin nahi izatea; esfinterren kontrolean atzerapausoak bizitzea, etab. Erregresioak gertatzen direnean, asko laguntzen du gurasoak lasai egoteak eta haur nagusiaren gaitasunetan konfian-tza edukitzeak. Sortzen diren erregresioei maitasunezko arreta eman eta haurra begirunez tratatzen badugu, pixkanaka ziurtasuna berreskuratzen joango da eta bere garapenean aurrera egingo du. Bi urteko haurrak gurasoentzako baliozkoa eta garrantzitsua izaten jarraitzen duela sentitzeko beharra dauka.

Garai honetan anai-arreba nagusiaren eta aitaren arteko harremanak garrantzi handia hartzen du. Amak baino denbora eta disponibilitate gehiago dauka hasieran aitak. Hortaz, aita-seme/alabak elkarrekin jolastu, parkera joan edo lagunekin gelditu daitezke, edo haurrak bere adinarentzako beharrezkoak dituen beste ekintza batzuk burutu ahal izango ditu aitarekin. Baina haurra kaletik etxera itzultzen denean amarekin egon nahiko du sarri askotan, eta ama emozionalki eskuragarri aurkituko duela espero du.

Maitasunezko loturak sendotze aldera, anai-arreba nagusientzako amarekin tarteka arreta esklusiboko uneak bizitzea oso mesedegarria izaten da. Eta ez bakarrik bi urteko seme-alabarentzako, ama garenontzako ere une magikoak izaten dira gure seme-alaba nagusi kuttunarekin bakarrik gauden mometutxo horiek: esaterako, biok besarkatuta gauden bitartean ipuin bat kontatzea, masaje bat ematea, haurrak gustuko duen zerbait elkarrekin egitea, etab. Maitasunarentzako lekua egiten ikasteko aukerak ditugu egunero.


SOZIALIZATZEKO ESKOLATU?

Eskolatu gabe daukagu haurra, 3 urte arte etxean eduki nahi genuke. Hala ere, gero eta gehiago nabari diogu beste haurrekin erlazionatzeko gogoz dagoela, baina ez du adin beretsuko lehengusurik, eta gure lagun taldean ere haur zaharragoak dituzte… Agian eskolara eramateko garaia iritsi da, beste haurrekin egoteko aukera izan dezan?

BI URTE ETA ERDI / HIRU URTEKO HAURREK besteekin harremanetan egoteko berezko beharra daukate. Amarengandik banantze eta indibiduazio-prozesuaren hasiera goiztiarra izaten da atxikimendua modu egokian bizi izan denean. Baina 2 eta 3 urteko haurrek ez dute eskolatze goiztiarraren inongo beharrarik. Mundurako mugimenduak egitea gustuko dute, baina beraien gurasoen erreferentzia ondoan dutenean oraindik.

Zer egin dezakegu bere adineko beste haur batzuekin harremanetan egon daitezen? Beharbada daukagun harremanen zirkulua zabaltzen saiatu gaitezke. Esaterako, 0-4 urteko Haziera Taldeetan parte hartu eta gure egoeran dauden beste familia batzuk ezagutu ditzakegu. Horrela, aldiro-aldiro familien artean elkartzeko aukerak sortzen joan gaitezke, adin bereko haurrak elkarrekin jolasteko. Gurasoontzako ere, amatasuna eta aitatasunaren bizipenaz solasteko eta partekatzeko aukerak bilaka daitezke. Ideia horrekin jarraituz, gero eta ekintza kultural gehiago antolatzen dira adin goiztiarreko seme-alabak dituzten familiak kontuan hartuz. Ekintza erregular horien artean, liburutegietako 0-3 urteko haurtxoentzako eta familien-tzako ipuin kontaketa saioak edo konpartitzeko espazioa izaten da. Horrelako edota bestelako ekintza ezberdinetan gure egoeran dauden familia gehiago ezagutzeko aukera izan dezakegu. Helduok sortzaileak eta ekintzaileak izatera ausartu behar dugu seme-alaben hazieran sortzen diren beharrak asetzeko orduan, instituzio batean delegatu gabe beti guri dagokigun ardura.

Azkenik, gogoeta txiki bat partekatu nahiko nuke. Nire ustez galdera honek desberdindu gabeko bi kontzeptu inplizitu ditu: gizarteratzea eta eskolatzea. Desberdindu gabe diot, gure gizartean sinonimoak balira bezala erabiltzen direlako askotan eta horrek, nahasmendua ekar diezagukeelako.

Alde batetik, “eskolatzea”, derrigorrezko hezkuntza ematea dela dio hiztegiak, Lehen Hezkuntzatik aurrera, alegia. Eta “gizartaratzea”, besteekin harremanetan jar-tzea eta harremanetarako gaitasuna garatzea bizitzan.

Gizarte honetan jaio garenez, batzuk besteekin eta adin guztiak nahasturik harremanetan jartzen gara, eta, harremanen kalitatearen bizipenen arabera, gaitasun mota hori garatzen ikasten dugu. Hortaz, ez gaituzte inora eraman behar harremanetan jartzeko, jaio eta besteen artean gaudelako beti.