Alex Barandiaran | MUko HUHEZIko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea

HIZKUNTZA HAURRETAN

Noiztik hasten dira haurrak esaten dieguna ulertzen? Urtebeteko haurra daukagu eta asko hitz egiten dugu berarekin. Nabarmena da esaten diogunetik asko ulertzen duela, esandakoari nolabait erantzun egiten baitio bere ekintzekin. Baina ez dugu argi zenbateraino ulertzen duen, zenbateraino dagoen hizkuntza garatua bere baitan. Berak asko hitz egiten du bere hizkuntza partikularra, guk ulertzen ez duguna! 

UMEAK ADIN HORRETAN GAUZA ASKO ULERTZEN dituela esango nuke, baina ez agian guk ulertzea zer den ulertzen dugun moduan. Helduarekiko elkarrekintzan, guk komunikatzen dieguna ez dute modu arrazoituan ulertzen, bai ordea transmititzen diegun horretan. Gure aurpegiarekin, gure keinuekin, gure ahots tonuarekin, gure gorputz tonuarekin, gure mugimenduekin adierazten duguna ulertzen dute, alde batetik gu garelako beraientzako segurtasun iturria, eta, bestetik, komunikazio hori uler-
tzeko berezko gaitasuna dutelako, horrek bizirauteko balio dielako.

Bestalde, guk izena jartzen diogunean berak ukitzen, ikusten, sentitzen, entzuten duen horri, lotura egiten du bere esperientziaren eta guk jarri diogun izenaren artean. Esango genuke esperientzia horretan ikasi egiten duela, modu inkontzientean, nahiz eta geroago etorriko den berak hitz hori erabiltzeko momentua. Bitartean hitzekin jolas egingo du, soinuekin esperimentatuko du, guk esandakoa imitatuko du eta horrek gugan zer eragin duen deskubrituko du. Besteek esandakoa ulertzea norberak esatearen aurretik gertatzen da.

Komunikazioa den aldetik, guk hobe dugu zer esan nahi duen horretan erreparatzea, ez hainbeste esaten duen horretan. Bera saiatuko da guk uler dezagun, ez bada modu batean beste batean. Erreparatu diezaiogun berak esan nahi duen horri, komunikatzen ari den horri. 


HAUR-ESKOLARA ANTSIETATEZ

Orain arte ondo zeramala zirudien arren, semeak gero eta antsietate handiagoz bizi du gu goizetan lanera joan eta bera haur-eskolan utzi behar dugun unea. Nola lagundu diezaiokegu lasaitzen?

EZ DA ERRAZA JAKITEA ZER DELA-ETA BIZI DUEN egoera hori. Gerta daiteke eskolan gustura ez egotea. Kasu horretan, tutorearekin hitz egitea garrantzitsua izan daiteke, jarraipena modu estuagoan egin dezan. Ahal den heinean eskolarako trantsizioa leuna izan behar da, ez bat-batekoa. Hau da, aukera izanez gero hobe da eskolara lehenago joatea eta momentu bat hartzea haurrarekin egoteko alde egin baino lehen; eta, geldituko den espazio horretan bada, hobe. Horrela denbora emango diogu umeari egoera horretara egokitzeko, berriro beste umeekin eta irakaslearekin duen harremana hartzeko.

Agian aldaketak gertatu dira eta umea ez da seguru sentitzen. Landu beharreko kontua da umea hain zuzen segurtasuna ematen dioten gurasoetatik aparte dagoenean ere seguru sentitzea. Horretarako, harreman esanguratsu positiboak eraiki behar ditu gurasoetatik aparte, beti ez delako beraiekin egongo. Hori da gakoa.

Segurtasunak zerikusia du norberak gertatuko dena aurreikusteko duen gaitasunarekin. Seguru sentitzen gara zer geratuko den dakigunean. Horregatik da garrantzi-tsua umeak jakitea eskolan zer gertatuko den eta ondoren nor eta noiz etorriko den bere bila.

Beste hipotesi bat da bere bizitzan gertakizunen batek intseguritatea ekarri diola haurrari, ez dakielako gertakizun horrek zer ondorio izango dituen. Guretzako garrantzi gabeko zerbait izan daitekeen arren, gertaera hori umearentzako intseguritate iturri izan daiteke, eta, horrela denean, bere lehenengo helburua segurtasun hori lortzea izango da, modu batera edo bestera. Segurtasuna behar primarioa da gizakiongan, ia behar fisiologikoen parekoa.


HAURREMAN AUTORITARIOAK

6 urteko alabaren lagun-taldean bada haur bat nolabait taldean ‘agintzen’ duena: berak esandako hartara jolasten dute gehienetan, hark du azken hitza taldeko erabakietan, eta, hark erabakita, batzuetan taldeko bati edo besteari ez diote abisatzen jolasteko elkartzen direnean. Guraso bezala, nola lagun dezakegu harreman autoritario hori orekatzen? Izan ere, alabak antsietatez bizi du egoera, pertsona horren gustuko izaten ahalegintzen da, eta noizbait baztertua izateko beldur nabarmena du.

OSO NORMALA DA ‘LIDER’ BATEN AURREAN horrela jokatzea. Baztertua izatea berezko beldurra da gizakiengan, eta biziraupenarekin dago lotuta. Azken finean, izaki sozialak gara eta taldearen eragina oso handia da gugan.

Esan dezakegu bi lider mota daudela. Batetik, bere erakargarritasunarengatik lider dena: bere proposamenak erakargarriak egiten dituena, besteekin harremanak eraikitzea gustuko duena, besteak zaintzen dituena. Bestetik legoke, lider esaten diogun arren, berez ez dena: bere lidergoa besteak menderatzean oinarritzen duena, berak esaten duena soilik egin behar dena, nolabait inposatzen dena, mehatxua erabil dezakeena.

Biek ala biek jarraitzaileak dituzte. Jarraitzaileen papera, ordea, helduok ez dugu ondo ikusten, bidegabea dela irudikatzen dugu eta horren inguruan balorazio morala egiten dugu. Hala ere, ume guztiek pasa behar duten prozesua da, denok pasa behar duguna.

Badira bizitzan prozesu batzuk pasa beharrekoak, zer garen deskubritu ahal izateko bizi behar ditugunak, zer nahi dugun eta zer ez jakiteko, zer den guretzako ona eta zer ez konturatzeko. Barrutik indartsuagoak sentitzen garen heinean pasako gara jarraitzaile izatetik beste harreman modu batera.

Guraso moduan, konfiantza transmititu behar diegu gure seme-alabei, bere egoera ulertu, entzun, jaso, eta bere minaren sostengu izan.