Miren Camison | Haur filosofian eta prebentzioan aditua
HAURRAREN GARAPENA
Mugak, eskakizunak, esplikazioak… 5 urteko alaba daukagu eta batzuetan irudipena daukagu gehiegi eskatzen diogula. Handia ikusten dugu baina garapenari dagokionez oraindik oso ume… esplikazio asko ez dituela aintzat hartzen. 5 urteko umeak, lehen hezkuntzan hasi bezperetan daudenak, gutxi-asko zer-nolako garaitan daude garapen ebolutiboari dagokionez (0-3az asko irakurri dugu, baina hortik aurrera informazio gutxiago izan dugu...).
PSIKOLOGIA, BIOLOGIA, NEUROZIENTZIA ETA PEDAGOGIATIK behatu eta deskribatu izan da haurren garapena Continuum bat bezala. Continuum honetan ezaugarri unibertsalak dituzten denboraldi sentsible ezberdinak behatu eta deskribatu izan dira, adin tarte batzuekin lotuta.
5 urteko umea, 3-6 urteko denboraldian kokatua egongo litzateke, betiere, malgutasun handiz ulertuz adin tarteak, haur bakoitzaren berezitasun eta erritmo biologiko propioaren arabera. Denboraldi honetako ezaugarri ba-tzuk, asko laburbilduz, hauek lirateke: jolas sinboliko eta jolas librearen bidez mundua esploratzeko, ikertzeko eta ulertzeko gaitasuna; irudimena; motrizitatea eta gorputza erabiltzea bere burua, besteak eta mundua ezagutzeko (natura-espazioek garrantzia handia dute alderdi sentsorialaren garapenerako); familiatik kanpo beste haur eta pertsonekin harremantzeko gogoa; hizkuntzaren garapena komunikatzeko eta haurtzaroko etapa sexual genitala (bere genitalen eta plazeraren esplorazioa).
Haurrak, alde batetik, esperientzia sentsorial aberatsak behar ditu garapen integral osasuntsu baterako eta, bestetik, maitasunezko atxikimendua eta benetako beharrak asetzea bere gurasoekin, hala nola: gurasoen presentzia, arreta, begirada, entzuna eta baloratua sentitzea, bere ekintzenganako interesa, errespetua eta behar denean dauden mugetaz informatua izatea.
Haurrak bere beharrak asetuak dituenean, behar dituen mugak gutxi direla esan behar da, baina askotan gure seme-alaben erritmo biologikoa alteratua, azeleratua dago, guraso eta gizartearen erritmo bizkorregiaren eraginez eta haurren barruko lasaitasunean eragina dauka. Alderdi honek, portaera desegokiak sortu ditzake, haurrak ongi sentitzen ez direlako, benetan errespetatuak izan ez direlako, ondorioz muga gehiago jartzeko joera izaten dugu.
Haurrak mugetaz informatua izan behar luke, askotan kolaboratuko du eta besteetan, helduak muga maitasunez eta errespetuz jartzea komeniko litzateke. Azalpen luzeegiak edo mezu anbiguoak eman gabe, baizik eta modu motz, argi eta afektiboan komunikatuz. Haurrari muga bat jartzen zaionean, ekintza bat gelditzea edo desio duen zerbaiten etetea bada, etorriko den adierazpen emozionala (haserrea, amorrua, negarra) lasaitasunez onartzea eta umearen sentimenduak balioestea dagokio helduari.
Helduak haurraren amorrua zilegia dela onartzen duenean, bere adierazpena aintzat hartuz, haurrari sentitzen duen haserrea askatzeko aukera emango dio. Horrela haserrea ez zaio umeari barruan geldituko, aurreko beste esperientzia zail batzuekin batera sedimentua sortzen.
Laburbilduz, haurra garai sentsorio-motor eta afektiboan dago: energia, mugimendu, esplorazio, imitazio, intuizio, jolas, komunikazio eta sormen handiko urteak dira. Gurasoek beren seme-alabekin gozatzeko eta ikasten jarraitzeko aukera paregabea dena!
ERRESPETUZKO HAZIERA ETA JOTZEA
Etxean errespetuzko haziera izan dezagun zaindu dugu, diziplina positiboa, ez zigorrik ez saririk… baina gure 3 urteko haurrak ohitura handia dauka jotzeko, bai beste haurrei eta baita guri ere. Oso zorrotz esaten diogu ez emateko minik… Berak ez du sekula halako jokabiderik jaso, eta ez dakigu beraz nondik datorkion jotzeko joera hori. Biolentziarik gabe heztea ez da aski biolentziarik gabe joka dezan. Batetik, jokabide naturaltzat hartu behar dugu adin horretan? Bestetik, guk nola joka dezakegu (eredu ematen jarraitzetik aparte)?
HAUR BATEK JOTZEKO INPULTSOA SENTITZEN DUENEAN eta jotzen duenean, emozionalki kudeatu ezin dituen bizipen desegokien metaketen ikurra izan daiteke. Sintoma jotzea da eta ezkutuan dauden jotzearen kausak familia ekosistema barruan eta bere ingurune hurbilean dituen harremanetan ikertu eta bilatu beharko lirateke.
Ezkutuan dauden kausak agerian jartzen joateko haurraren familia sistema ulertu beharko litzateke, ez haurra modu isolatuan; esaterako: Nolakoa izan da haurraren biografia eta garapena? Haurrak bere oinarrizko beharrak aseak izan ditu eta ditu? Familiak lasaitasun edo tentsio egoerak bizi izan zituen edo ditu? Zein da ama eta aitaren egoera? Haurra haur-eskolara joaten da? Gurasoen presentzia nolakoa da? Beraien hazierak nolakoak izan ziren? Haurrari eragin zioten edo dioten tentsio elementuak detektatu daitezke familia ekosisteman edota ingurunean? Jotzearen sintomarekin haurrak alarma gorri bat pizten du, adieraziz ez dela guztiz lasai sentitzen bere ingurune intimo edota hurbilean. Batzuetan egoera sutilak izan daitezke eta berehala bideratzen ahal dira, besteetan nabarmenak eta erregulatzeko prozesu bat beharko dute.
Bortizkeria sutila izan daiteke, agerian eta oharkabean ematen ahal da. Helduon baitan oso sustraitua egoten da modu inkontziente eta askotan onartu, “normalizatu” batean. Gizakiok munduan bizi dugun errealitateari begirada bat besterik ez diogu bota behar, belaunaldiz belaunaldi transmititzen jarraitzen den katea kontzientziara ekartzen. Egunerokotasunak eta gurasotasunak aukera amaigabeak ematen dizkigu, lehendabizi gure barruko bortizkeria ezkutu, inkontzienteaz gogoeta zintzoa egiteko, gure buruak garatzen jarraitzeko eta, bigarrenik, gero, ingurunean eta denok bizi garen gizartearen baitan ematen denaz kontzienteago izateko. Ez da erraza bortizkeriarik gabe heztea baina ezinbesteko erronka gizatiar ekologiko konplexua dugu denok esku artean; etxean, ikastetxean, lantokian, gizartean eta kulturan. Bizikidetzaren oinarria etxean ematen delarik.