Nerea Mendizabal | Psikopedagogoa eta Komunikazio Ez-Bortitzean aditua
Harreman osasuntsuak
Gure 8 urteko semeak bere lagunekin duen jarrera ez zaigu gustatzen. Oso liderra izan da txikitatik, eta askotan gutxietsi ohi ditu lagunak, edo itsusi hitz egin… Ez hitz eginda, ezta zigorren bidez ere, ez dugu lortzen jarrerak hobetzea harremanetan. Orain beldurra ematen dit inori bullying egiteak. Nola lagundu diezaiokegu harreman osasuntsuagoak eraikitzen?
BERDINEN ARTEKO harremanean denok dugu zer ikasia. Helduok ere, berdinen artean (neba- arreba, bikote, lagun, lankide), batzuetan gainetik jarri ohi gara eta besteetan azpitik, eta ez da bat bestea baino hobea. Semeak bere ikasketa prozesua izango du gai horretan, guk bezala. Bere jarreren inguruko epaiak, kritikak eta beregan zerbait gaizki dagoela azpimarratzeak edo zigortzeak ez dio askotarako balioko. Umiltasunez, gu geu ere, beldurraren menpe, intentzio onenarekin, baina bere gainetik modu mingarrian jartzen aritu gaitezkeela onartzea hasiera polita izan daiteke. Egiten duen moduan egiteko bere arrazoiak ditu (intseguritatea, ezintasuna, zauriak…).
Berak “ongi” aritu nahiko luke, eta haurra bera begirada horretatik ikusten hasteak lagundu diezaioke. Berea ulertu ondoren, zuekin espazio seguru bat sortzeak erraztu dezake lana, bere jokaerek edo jarrerek besteengan izan dezaketen eragina ikusten jartzeaz gain, zer eta nola egin dezakeen ikertzeko.
Haserreak
10 urteko alaba haserretzen denean ez dugu lortzen bera lasaitzea, konturatzen gara are urduriago eta haserreago jartzen dugula… Aldiz, bakarrik uzten dugunean, bere kasa lasaitzen da… Baina bakarrik uztea ere ez zaigu egokia iruditzen. Hala egin beharko genuke?
AIIII! EDERRA bezain paradoxikoa… Gurasook lagundu nahian kontrako eragina sortzea. Heziketari lotu diezazkiokegun espektatibek pasada txarra eragin diezagukete: emozionalki aztoratuta baldin badago, guraso on batek bere ondoan egon beharko luke. Kasu batzuetan, laguntzarik onena “ez laguntzea” izan daiteke, hau da, distantzian egotea ere laguntza ederra izan daiteke. Gainera, emozioen kudeaketan auto-erregulatzen jakitea alderdi garrantzitsua da. Horretan ari da trebatzen eta ondo dihoakiola dirudi. Horrekin batera, bere haserrea aktibatzen denean, bere ondoan ez du eduki nahiko hori itzali, kontrolatu edo baretu nahi duen inor, horrek haserrea gehiago areagotzen baitu. Bere haserrea baimendu eta sentitzen ari dena sentitzeko eskubidea eta espazioa ematen dakien norbait nahi izan dezake ondoan, norbait egotekotan.
Konparaketak
15 eta 12 urteko alabak oso desberdinak dira: zaharrenari ikasketak erraz joaten zaizkio,
besteari, nekez; zaharrena kiroletan ona da eta bestea, ez… eta horrela gauza askotan…
Saiatzen gara konparaketarik ez egiten, baina ingurutik etengabe egiten dizkiete (zaharrena gauza askotan nabarmentzen baita) eta ez dakigu bigarrena nola babestu. Zer egin dezakegu?
AHAL DEN NEURRIAN konparaketak ez egitea bultzatuko dugu. Hala eta guztiz ere, modu inplizituan edo kanpotik modu esplizituan konparaketan eroriko gara. Kanpotik askorik ez bada ere, bera konparaketara joan daiteke. Ezin dugu dena kontrolatu, guri dagokigunaz arduratu gaitezke. Ondoren, bigarren alabari ikusten, entzuten eta bizitzen duena nola daraman aztertu dezakezue elkarrekin, zer eragin duen berarengan. Gogorra egiten ari baldin bazaio, horren inguruko ulermena eta babesa jasotzeaz gain, berak dituen ezaugarriak, talentuak eta altxorrak ere zeintzuk diren aurkitzen eta partekatzen joan zaitezkete. Era berean, alaba zaharrenari ere hau guztia ongi etorri dakioke. Bere burua goragotik ikustea atseginagoa bazaio ere, testuinguru desberdinetan konparaketaren paradigmarekin funtzionatu dezake eta horrek guztiak presio, autoexijentzia eta demostratu beharraren bidean jarri baitezake.
Etxeko gatazkak
Une batetik bestera, etxean denboratxoa daramagunean, umeak elkarrekin haserretu egiten dira eta azkenean denok haserretuta bukatzen dugu, azken aldian sarri samar. Gurasook asko estresatzen gara haurrak euren artean liskarrean hasten direnean, eta bereziki batak besteari jotzen dionean. Nola kudeatu genezake egoera?
HAURREN ETA NERABEEN arteko borrokak ohikoak dira eta, tamalez, tentsio handiko giroa sortu dezakete. Batzuetan, nahi gabe, geuk ere okertu egin dezakegu egoera. Ekaitz-uneak daudenean gure barealdia eskuratzeko unea da. Ez da beharrezkoa ezer berehala konpontzea, arrisku larriren bat dagoenean izan ezik. Beharrezkoa bada soilik esku hartzera animatuko zintuzket, eta, ahal bada, denbora tarte bat igaro ondoren, askotan euren kabuz aurkitzen baitituzte konponbideak espazioa ematen diegunean. Beren erronkei aurre egiten eta gainditzen ikasteko aukerak dira. Aldi berean, emozionalki aztoratuta baldin badaude, laguntza behar izan dezakete. Epaile izan beharrean, entrenatzaile gisa aritu gaitezke, elkarri entzuten eta txanda ematen ikasi dezaten lagunduz. Horrek gehiegi ez erreakzionatzen lagunduko die: min hartu gabe nola adierazi, babestu eta defendatu. Konexioa, denbora esklusiboa eta esperientzia positiboak baloratzea prebentziozko aliatuak izan daitezke.