Alex Barandiaran | MUko HUHEZIko irakaslea, Hazitegiko koordinatzailea
ETXEAN HEZTEN
Bi urteko semea ez da eskolara joaten, eta gurekin etxean dagoenean sarri ezin izaten diogu nahi besteko arreta eskaini -etxeko lanak egin behar ditugunean, adibidez-. Beraz, eskolan jolasean, edo etxean etxeko lanak gurekin egiten… askotan ez dakigu non egongo den hobeto… etxerako errutina esanguratsurik / jarduera, jolas interesgarririk …. gomendatuko zenigukete?
NIRE USTEZ ZAILA DA ESATEA NON EGONGO DE HOBETO, hori faktore askoren eraginpean dagoelako. Klabea da testuinguru bakoitzak zer eskaintzen dion eta hori ume bakoitzaren kasuan ezberdina da. Umearen lehen beharra segurtasuna emango dioten helduak alboan izatea da eta hori eskolako testuinguruak eta familiakoak bermatu dezakete, edo ez batak ez besteak, edo batek bai eta besteak ez. Segurtasuna emateko heldua presente egon behar da. Horrek ez du esan nahi soilik umearekin egotea, bere prozesuei erreparatzea ere esan nahi du, umea den bezalakoa onartuz, ez buruan izanda bera nolakoa izatea gustatuko litzaigukeen. Saiatuz bere momentuko beharrak zeintzuk diren interpretatzen eta beharrei eran-
tzunez. Behin seguru sentitzen denean umeak bizi duen mundua ezagutzeko beharra dauka, bai mundu fisikoa bai pertsonei dagokiena eta baita bere buruari dagokiona ere. Mundu fisikoa eta pertsonena ezagutzen doan heinean bere burua ezagutzen du. Zer eskaintza egiten diogun testuinguru bietan garrantzitsua izango da. Eskaintza aberatsa eta anitza eskaintzen asmatu behar dugu. Objektu errealekin askatasunean esperimentatzea bideratu beharko genioke gu bidaide garelarik. Bizipen horietan ere garrantzia izango dute espazioak, bertako materialek eta helduaren presentziak. Eskolako testuinguruak eta etxekoak desberdinak dira eta eskaintza ere desberdina izaten da. Eskolak, jolaserako eta esperimentaziorako edozein etxek izan ditzakeen baino eskaintza zabalagoa izan dezake, bai espazio eta materialen kopuruaren aldetik, bai beste ume eta helduekin duen elkarrekintzei dagokionez. Familiako testuinguruaren osagarria izan daiteke eskola.
Etxeko testuinguruan jardueren sekuentzia berbera burutzeak aukera ematen dio umeari etorriko dena aurreikusteko eta gertatuko dena aurreikusteak helduon kasuan gertatzen den modura segurtasuna ematen du. Niretzako garrantzitsua da umearekin disfrutatzea eta horretarako norbera bere buruaz kontziente izan behar da. Berarekin disfrutatzen dut? Egiten dituen gauzekin? Deskubritzen duenarekin? Beraren kontaktuarekin? Espresioekin, keinuekin? Adierazten duenarekin? Jolasean nagoenean, esnatzerakoan, bainugelan, bazkal orduan … Eta disfrutatzen ez badut zer gertatzen ari zait? Buruan beste gauza batzuk ditut? Kezkak? Nire beharrak ase gabe? Eskaintzen dizkiodan materialei dagokionez interesgarria da deskubritzeko aukera ematen dutenak, ondo edo gaizki egitea ekiditen dutenak, ez hainbeste modu egokian egin behar dituen horiek. Jolasean gauzak arrastatzea, sartu eta ateratzea, ezkutatzea eta ager-tzea, transbaseak egitea eta abar interesgarria izango da. Panpinak, blokeak eta zapiak jolaserako eta eraikuntzarako aukerak emango dizkiote. Guzti hori etxe barruari dagokionez, baina kanpo espazioan beste aukera batzuk daude, batez ere espazio naturaletan, testuinguru horiek aukera infinituak eskaintzen dituztelako.
IKASTETXE TRADIZIONALAK
Herriko ikastetxea oso tradizionala da, eta zentzu askotan zaharkitua ikusten dugu, Lehen Hezkuntzan hasi da haurra eta ordu asko eserita, etxeko lan asko, jolasteko denborarik ez, haurren parte-hartze gutxi … ez dakigu zer den egokiagoa, ondoko herriren batera haurraren beharrak eta erritmoak gehiago errespetatzen dituen eskolaren batera eraman, edo gure kabuz zerbait indartu (zer?) eta herriko ikastetxera eramaten jarraitu?
IKASTETXE TRADIZIONALEK EZ DUTE HAURRA BERE OSOTASUNEAN HARTZEN, ez dute bere garapena ardatz modura hartzen, ez dute bertan duten aniztasuna kontuan hartzen eta instrukzioa erabiltzen dute haurrak homogeneizatzeko, edukia erdigunean jarriz eta edukiaren jabekuntza entrenamenduaren eskutik bideratuz. LH-tik aurrera haurraren gorputza desagertu egiten da eta jolas orduetara mugatzen da mugimenduaren beharra asetzeko aukera, besteekin harremanak garatzekoa, jolasean aritzekoa. Haurrak ohitu behar dira lanera, otzanak izatera, bere interesak alde batera uztera, bere kabuz ez pentsatzera, bizitzaren gogortasunera. Hori guztia gizarte mota batera egokitzeko bidea da.
Baina gizartea eraldatu nahi badugu beste zerbait eskaini beharko du eskolak. Eskola eraldatu beharra dago. Pertsona eta bere ongizatea erdigunean jarri ditu, pertsonaren gaitasun guztiak garatzeko aukerak emanez, instrukzioa aldera batera utziz. Eraldaketa guztion esku dago, bakoitzak bere esparrutik ekarpenak egin behar ditugu. Guraso moduan, badira hainbat esparru, adibidez eskolako kontseilua edota gurasoen elkarteak. Norbere kezkak azaltzea komenigarria da, haurren ongizateari buruz eskolan eztabaidatu ahal izatea, irakasleari haurraren egoeraz berba egitea eta alternatiba ezberdinak eskaini. Zenbat eta guraso gehiagok bere kezkak azaldu, orduan eta aukera gehiago egongo dira gauzak aldatzeko.
Ondoko herriko eskolara eramatea beste aukera bat da eta haurrarentzako onuragarria izan daiteke baina haur bakoitzaren arabera desberdina izan daiteke. Batzuen kasuan, bere laguntxoekin eraiki duten harreman estua dela eta, agian esperientzia ez da hain positiboa eta beste batzuen kasuan alderantziz izan daiteke, horregatik garrantzitsua da haurrak nahi izatea. Behartzea ez da izaten bidelagun ona. Halere, ondoko herriko eskola kalitate handikoa bada, umearen egokitzapena errespetatzen badute, aukera ona izan daiteke.
HARREMANA IRAKASLEAREKIN
Irakaslearekin ez da ondo moldatzen gurea umea, eta egia esan, eta haurrak esaten dizkigun gauzen ondoren, guri ere kosta egiten zaigu irakaslea begi onez ikustea. Nola goxatu genezake haurraren eta irakaslearen arteko harremana? Eta gure eta irakaslearen artekoa? Garrantzia berezirik badu harreman horrek?
IRAKASLEAREKIN UMEAK DUEN HARREMANA oso garrantzitsua da eta zenbat eta txikiagoa izan orduan eta gehiago. Bera da eskolako testuinguruan bere erreferentea, segurtasuna emango diona. Harremanak pozgarriak izatea pertsonaren ongizatearen adierazle bat da eta horiek zaindu behar ditugu denok. Irakaslearekin berba egitea komenigarria da baina horretarako aurreiritziak alde batera utzi behar ditugu.
Normalena da gurasoak gaizki sentitzea gure umea gaizki ikusten dugunean, berezkoa dugu guraso jokabidea, zaintza jokabidea aktibatzen zaigu eta amorrua senti dezakegu gure umeari zerbait egin dionaren aurka baina saiatu behar gara bestea ulertzen. Guri ere gertatzen zaigu geure umeak guretzako gaizki dagoen zerbait egiten duenean berarekin haserretzea. Harremanetan ohikoa da besteak egiten duenarekin bat ez etortzea eta nahi izatea besteak joka dezala guk nahiko genukeen modura, horregatik saiatzen gara hainbeste bestea aldatzen, nahiz eta gehienetan lortzen ez dugun, batez ere bestea ez delako den moduan onartua sentitzen. Aldaketak sortzeko garrantzitsua da onarpenetik hastea eta norberak sentitzen duena adieraztea, beti ere besteari ezer leporatu gabe. Esaten digutena eraso moduan hartzen dugunean oso erraza da geure burua defendatzea eta horrek ez du harremana bide onetik eramaten laguntzen. Gure helburua egoera aldatzea bada, gure eta umearen irudia aldatzea, hobe da norberak ere aurrekoa beste begi batzuekin begiratzea. Harremanak eraiki egiten dira modu jakinetan egonez.